Hormetan herriko euskararekin lotutako hitzak eta esamoldeak daude Zarauzko (Gipuzkoa) Zirika euskara elkartearen egoitzan. Bertan daude Beñat Intxauspe (Zarautz, 1990) eta Arantza Aizpurua (Zarautz, 1955), hitz gurutzatuetarako prestatutako taulen alboan. «Ez dugu arrasto handirik emango, batzuk txapelketan sartuko dira eta», esan du Intxauspek. Igandean jokatuko dute Hitz Gurutzatuen Udaberriko I. Txapelketa, eta bihar arte eman daiteke izena, Labur.eus/udaberri-hitz-gurutzatu-26 atarian. Lehiaketarako entrenatzeko, definizio formako galderei erantzun diete.
Gipuzkoako kostaldeko udalerria, malekoia eta metro koadroko surflari gehien duena.
ARANTZA AIZPURUA: Zarautz [barrez].
BEÑAT INTXAUSPE: Metro koadroko etxe garestiena duena ere galdetu zenezakeen...
Bertan antolatu duzue igande honetarako Hitz Gurutzatuen Udaberriko Lehiaketa. Zer dela eta?
INTXAUSPE: Irunen egiten da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa: hamar egin dituzte dagoeneko. Karga handia iruditzen zaie haiei urtero hori antolatzea. Beraz, alde batetik, horretan laguntzeko, eta beste alde batetik, hori osatzeko antolatu dugu. Urte osoan ez dadin izan egun bakarra, eta hitzarekin jolastu zaleak direnek beste plaza bat eduki dezaten. Hitzarekin lotutako jolasekin egutegi bat osatzea da asmoa.
Antolatzaileak, zuek: Zarauzko Zirika elkartea.
INTXAUSPE: Nik Irungoan parte hartzen dut, eta Zirikan badaukagu euskararekin gozatzeko ekitaldiak antolatzeko ohitura; hau egitea aproposa iruditu zitzaigun. Proba jarri nien elkarteko eta inguruko kide batzuei, eta izugarri ondo pasatu zuten.
AIZPURUA: Bai, zerbait desberdina egitea da helburua. Beti gabiltza hitzaldiekin, kantu bazkaria egiten dugu... Baina euskararekin gozatzeko zerbait gehiago egin nahi genuen.
«Paperaren aurrean jartzen zara, eta erabat kontzentratzen zara, inguruan beste ezer ez balego bezala»
ARANTZA AIZPURUA Zirika euskara elkarteko kidea
Lehiaketaren formatua Euskal Herriko txapelketaren berbera da, ezta?
INTXAUSPE: Bai. Sailkapeneko bi proba izango dira: lehenbizi, 10x10eko taula bat, eta gero, 12x12koa. Hor puntuazio onena lortzen dutenak finalean sartuko dira. Baina desberdintasun bat ere badu: bi maila egongo direla. Txapelketan ez dira egoten egunkarietan azaltzen diren definizioak; konplexuagoak izaten dira: hitz jokoekin, konnotazio historikoekin... Gehienbat hitz jokoak izaten dira. Definizio bat sinonimoen bidez eman dezakegun bezala, hemen beste adiera bat eman diezaiokegu hitzari. Zailtasun horietan sartu nahi ez duten horientzat sortu dugu egunkarietako maila.
AIZPURUA: Ez beldurtu jendea...
Edonork egiteko modukoak dira?
INTXAUSPE: Bai, edonork egin ditzake hitz gurutzatuak, prestakuntza handirik gabe ere. Plaza bat eskaini nahi izan diegu ohitura hori daukatenei. Ezagutu dezaten beste jende bat, ohitura bera duena, eta proben artean komentatu dezaten: «Zer galdetu dizuete zuei?».
Hortaz, jendea ezagutzeko eta hitz berriak ikasteko ere balioko du.
INTXAUSPE: Bai, eta euskalkiak ere sartu ditugu, noski: hitz bat Bizkaian edo Iparraldean nola esaten den... Pasioz bizi dut nik hau guztia; definizioak prestatzen gozatu egin dut.
Parte hartzaileek eraman beharreko materiala, askok txuleta edo ponpa egitearekin lotuko dutena.
AIZPURUA: Bakoitzak ekarri dezake sinonimoen liburua, eta entziklopedia txikiren bat ere bai. Nolanahi ere, guk ere ekarriko ditugu batzuk, ekartzen ez duenak erabili ahal izateko.
INTXAUSPE: Bai; azken finean, bakoitzaren jakintza mugatua da. Nafarroako herri baten bila bazabiltza, pila bat daude, eta entziklopediak lagunduko dizu, ez trabatzeko horretan. Sinonimoekin, berdin. Esango nuke hiztegiaren laguntzarik gabe ezingo dela egin. Beti egongo da hitz bat edo beste atera ezinezkoa. Beraz, ekarri dezatela, bai.
Txapelketarako entrenatzeko ataria.
INTXAUSPE: Gurutzatuak.eus. Irungo lehiaketa antolatu izan duen jende bat elkartu da, eta digitalizatu dituzte, batetik, aurreko txapelketa guztietako hitz gurutzatuak, eta, bestetik, dagoeneko ateratzen ez den baina lehen egon zen Luma izeneko euskarazko hitz gurutzatuen aldizkariko hitz gurutzatu guztiak. Norberak egin ondoren, zuzentzeko eman eta akatsak ikusteko aukera ematen du. Zalantzan daudenek probatu dezatela, zer mailatan izena eman jakiteko, eta entrenatu daitezela.
Hitz gurutzatuekin gurutzatu zineten momentua.
AIZPURUA: Nik garai batean BERRIAkoak egiten nituen, baina aspaldian utzita dauzkat. Aspaldiko partez, orain egin dugu saiakera bat.
INTXAUSPE: Nik txikitatik egin izan ditut: BERRIAkoekin hasi, Luma-ren harpidedun egin, denak egin... eta txapelketan parte hartzeraino. Hitzen jolasa beti izan da erakargarria niretzat.
Taularen aurrean zaudetenean sentitzen dena.
INTXAUSPE: Presa.
AIZPURUA: Presioa [barrez]. Bukatu nahi eta ezin! Baina paperaren aurrean jartzen zara, eta erabat kontzentratzen zara, inguruan beste ezer ez balego bezala.
INTXAUSPE: Behin tentsio une hori pasatuta, oso momentu atseginak dira. Eta ateratzen zaizunean taula bat borobila, letra asko dauzkana... Ederra da!
LOTSABAKO
Ariketa mota gustukoena?
INTXAUSPE: Zuria, beltzunerik gabekoa. AIZPURUA: Beltzunedunak, eta errazak.Esamolde edo hitz bat?
INTXAUSPE: Egon hadi lo. AIZPURUA: Eta hor dago koska.