Gasteizko jaiak

Edozer aurki daiteke...

Playmobil figuratxo bereziak, brontzezko artea eta artisau ororen istorioak uztartzen dira Gasteizko jaietako Santa Barbara azokako giro bero eta bizian. Goiz eta arratsalde irekitzen dute, jaiak amaitu arte.

Jose Antonio Gallardoren playmobil jostailuen saltokia, Gasteizko Santa Barbara plazako azokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jose Antonio Gallardoren Playmobil jostailuen saltokia, Gasteizko Santa Barbara plazako azokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizeko hamaikak pasatxo dira, eta eguzkia indar betean dago jada. Jose Antonio Gallardo, zigarro bat erre berri duela, bere postuaren atzean zutik dago, Playmobil jostailuen artean murgilduta. «Denetarik daukagu: famatuen figurak, Gasteizkoak, Erdi Arokoak…», dio, saltokian ageri diren miniaturak erakusten dituen bitartean: Michael Jackson, Freddie Mercury, Olentzero, San Prudentzio, eta Alaveseko eta Baskoniako jokalarienak, besteak beste. Inork ez du espero Santa Barbarako azokatik Playmobil jostailu batekin itzultzea.

Gasteizko jaiak. Andre Maria Zuria

Uda garaian Gasteizen dabilen orok badaki Santa Barbara plazan zer gertatzen den. Uztailaren 25ean ateak zabaldu zituen azokak, eta abuztuaren 9ra arte, eguneroko martxa eten eta artisautzaren mundura murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du. Giro bero baina atseginean, saltokien artean dabilen jendearen artean, ez da zaila aurkitzea irri bat, ustekabean aurkitutako objektu bereziren bat esku artean hartzen duenaren sorpresa, edo artisau baten lanari buruzko azalpen xehe bat entzuten ari den bisitari bat. Ordutegi zabalek laguntzen dute bisitari askorengana iristen: jaiak amaitu arte, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik gauerdira egongo da irekita.

Azoka ez da soilik erosketa gune bat. Topagune bat da, kontakizunak, bizipenak eta pasioak partekatzeko tokia. Gallardok ere sakondu du bere istorioan. Sukaldari izandakoa da, baina egun Playmobil figuratxo pertsonalizatuen saltzailea. «Zenbat gustatzen zaidan Gasteiz; ahal dugun guztietan etortzen gara», esan du, irribarretsu. Saltoki eta denda handietan ikusten ez diren figurak ditu: «Pieza bakarrak dira munduan», azpimarratu du, harro. Eta bizimodua bihurtu du zaletasun zahar bat: «Euskal Herrian, gainera, primerako harrera izaten dugu, zailagoa baita horrelako Playmobil figurak aurkitzea».

15191876
Bitxiak saltzen dituen saltoki bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gallardorenaren ondoko saltoki ilaran, Brontzezko Artea izeneko postua dauka Maria Clara Cuella artisauak. Jatorriz Bogotakoa da, baina urteak daramatza Valentzian (Herrialde Katalanak) bizitzen; baita Gasteizko hainbat azokatara etortzen ere. Brontzezko xaflaz egindako apaingarri lanetan espezializatutako artisaua da bera. «Ez da lan erraza, baina ahalik eta perfektuen egiten saiatzen gara», hasi da hizketan. Artisautza tradizionaletik urrun, haren piezek modernitatearen eta dotoreziaren arteko oreka eder bat islatzen dute: «Hemen jendeari gustatzen zaio, eta ez dute aukera handirik horrelako gauzak erosteko».

Cuellak bezala, artisau guztiek gustura azaltzen dituzte euren lanen atzean dauden teknikak, istorioak eta inspirazioak. «Ze polita hau; zenbat balio du?», entzun da, bat-batean. Bisitariek ere, jakin-minez, eskuz egindako produktuak miresten dituzte: bitxiak, larruzko poltsak, egur taillatuak, zeramika piezak…

Plazaren erdian, haurren algarak nahasten dira musika lasai batekin. Giroa alaia da, familiarra, eta bistakoa da saltzaile eta erosleen arteko harreman ona. Baina dena ez da perfektua. Itzal gutxi dago, eta, beroaren eraginez, zenbait bisitarik atseden hartzeko zailtasunak dituzte. Beste kezka bat ere ageri da: ea plaza bera egokia den horrelako azoka bat egiteko. Erdigunean egoteak jende ugari erakartzen du, baina, saltzaile batzuen arabera, tokia «apur bat ezkutatuta dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.