‘Edurne Pasaban’: «opari bat», pozez eta minez kontatua

‘Edurne Pasaban’ komikiaren sokalagunetako hiru dira Ramon Olasagasti, Edurne Pasaban eta Cesar Llaguno. Hamalau zortzimilakoak igo zituen tolosarraren ibilbidea kontatu dute liburuan, «baina baita Euskal Herriarena ere».

 Ramon Olasagasti, Edurne Pasaban eta Cesar Llaguno, joan den astean, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
Ramon Olasagasti, Edurne Pasaban eta Cesar Llaguno, joan den astean, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
unai zubeldia
Tolosa
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Usaindu egin du liburua irudiei begira hasi aurretik. Irribarrea dauka ezpainetan, eta «harridura eta zoriontasuna» bihotzean. «Gaur arte ez dut eduki eta sentitu esku artean». Edurne Pasaban ari da hizketan. Han atzean dauka Uzturre. Bere Uzturre. Eta parez pare bere bizitza, komiki bihurtuta: Edurne Pasaban (Sua Edizioak). «Oso polita gelditu da». Buruarekin keinu txiki bat egin diote ondoko bi xerpek: Ramon Olasagasti gidoilari eta BERRIAko kazetariak, eta Cesar Llaguno marrazkilariak. Gogoan izan dituzte Felipe H. Navarro komikilari, ilustratzaile eta marrazkilaria, eta Pedro Villarejo, koloreztatzen eta errotulatzen aritu dena. Bost sokalagun espedizio bakarrean. Tolosako Trianguloa plaza bihurtu dute kanpaleku nagusi. Uzturretik gora iristen delako Everestera —abenduaren 6an aurkeztuko dute komikia, Bilbon, BBK Mendi Film jaialdian, 12:00etan—. Euskaraz argitaratu dute, baita gaztelaniaz ere.

Elur giroa dago Tolosan. Elur lapatxa ez dabil urruti; Txindoki aldean malo-malo arituko du. Baina elurra malko ere bihurtu izan zaio Pasabani gehiegitan, nahiz eta elur loreak bilatu zalea izan den bere ibilbide oparoan. Erori zen elur zulo beltzean. «Eta ez naiz lotsatzen hori kontatzeaz; hori ere badelako nire bizitzaren parte, eta toki bat behar zuelako komikian» —Pasabani lekukoa hartuta, elur zulo beltz horren bi orriak «hasierako gidoian» zeudela azaldu du Llagunok—. «Oso modu finean dago irudikatuta nire bizitzako garai zail hori», aitortu die lana Pasabanek ondoan dituen bi sokalagunei.

Gorako pausoak

Eta, neurri batean, mendiak berak lagundu zion Pasabani barruko mina lurmentzen. Echo bailaratik, Etxauritik, Eginotik, Pirinioetatik, Alpeetatik eta Andeetatik gora, 2001eko maiatzaren 23an igo zen lehen zortzimilakora, Everestera (8.848 metro), eta 2010eko maiatzaren 17an hamalaugarrenera, Shisha Pangmara (8.027 metro). Hamalau zortzimilakoetara igo zen lehen emakumea baino askoz gehiago da Pasaban, ordea. «Hamalau zortzimilako horietan egin nuen bidea ezagutzen dute askok, baina umetako kontuak, gaztetakoak... askoz gauza gehiago daude komikian», azaldu du Pasabanek berak. «Gure Tolosa, gure herria, gure zaletasunak... Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen, eta Tolosa gabe, Uzturre gabe, Oargi mendi talderik gabe eta ondoan izan ditudan lagun guztiak gabe ezinezkoa izango zen Edurne Pasaban Everesteko gailurrera iristea. Opari polit bat da niretzat eta jendearentzat, hobeto ezagut nazaten».

(ID_17639746882265) \'Edurne Pasaban\' komikiaren biñeta bat.
'Edurne Pasaban' komikiaren biñeta bat. RAMON OLASAGASTI

Urte batzuk atzera, Jabier Baraiazarra Bilboko Mendi Film jaialdiaren zuzendariak jorratu zuen euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan jasotzeko ideia, eta apustu horren fruitu izan dira Everest, herri oso bat gailurrean; Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak; eta Andres Espinosa, bakarrik eta libre komikiak. Laugarren kanpalekua da Edurne Pasaban.

Komikiarena «oso prozesu sinplea» izan dela aitortu du Olasagastik. «Hiru bat saio-galdeketa egin genituen Edurnek eta biok, eta informazio asko jaso genuen hor. Hamalau zortzimilakoei buruzko liburua ere oinarri ona izan da niretzat, eta hasierako oroitzapenak eta lekukotzak ere erabili ditut». Olasagastik gidoia landu, eta ondoren hasi zen Llaguno lanean. «Uzta bereko laugarren komikia da hau, eta gauzak fintzen ari gara pixkanaka, baina gidoian dago gakoa». Olasagastiren gidoia eta oharrak jasota, lehen zirriborroa egin zuen marrazkilariak, arkatzez. «Berriz elkartu ginen gero —han ziren Pedro Villarejo eta Felipe H. Navarro ere—, eta horrela sortu genuen proiektua». Erosoen «mendiak marrazten» sentitzen dela aitortu du Llagunok, eta pertsonaien aurpegiak «lehen kolpean ezagutzeko moduan egiteak» ematen diola lanik handiena.

Narratzailea eta lehen pertsona

«Kontakizuna Edurnerena da, ibilbidea harena da, eta argi geneukan lehen pertsona behar zuela komikiak. Baina off-eko ahotsa ere badago, kontaketan laguntzeko. Bi narrazio horiek daude aldi berean». Eta baita beste hainbat adiskide, espediziokide eta gainerakoen kontakizunak ere. Komikian hizketan arituko dira, esaterako, Pili Ganuza, Amaia Aranzabal eta Miriam Garcia Pascual ere, besteak beste emakume mendizale aitzindariei aitortza txiki bat egin nahi izan dietelako.

(ID_17639747273335) \'Edurne Pasaban\' komikiaren biñeta bat.
'Edurne Pasaban' komikiaren biñeta bat. RAMON OLASAGASTI

Edurne Pasabanen istorioa kontatzen du Edurne Pasaban komikiak. «Baina Euskal Herriarena ere badago atzean, euskaldun askok odolean daramagulako mendizaletasuna. Nor ez da joan gurasoekin mendira? Gure kulturaren parte da», ondorioztatu du Pasabanek berak. Eta kultura horren parte da etxekoen sufrimendua ere. «Gu ez ginen oso kontziente gurasoen sufrimenduaz, arriskurik ez genuelako ikusten. Baina ama izan naizenean jabetu naiz sufrimendu horretaz».

Hizketaldi bat bukatzerako, Tolosako Trianguloa plazan zain ditu kamera gehiago. Hamalau zortzimilakoen lasterketak ez zuen ito. «Nahiz eta Oh Eun-Sun korearrarekin nolabaiteko presioa bazegoen». Elkarrizketek ere ez dute itoko orain, mendiak «lagun asko» eman dizkiolako urteotan, eta oroitzapen horien emaitza delako Edurne Pasaban. Pozez eta minez kontatutako istorio bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.