Abeslaria

Oihan Uribarren 'Fane': «Egia da bi hizkuntzak erabiltzen ditudala, baina euskara ateratzen zait modu naturalean»

Bateria jotzen hasi, punka bizi, eta orain musika urbano eta latinoan murgilduta dabil Oihan Uribarren 'Fane'. Urteetako ibilbidea du musikan, baina bere aldaerarik berriena erakusten ari da 'Aurrera egin behar' bakarkako diskoan.

Oihan Uribarren 'Fane', asteartean, Arrasateko Garagartza auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Oihan Uribarren 'Fane', asteartean, Arrasateko Garagartza auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
unai etxenausia
Arrasate
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Fane izenez da ezaguna Oihan Uribarren (Arrasate, Gipuzkoa, 2000), Etxepe taldeko kideetako bat; baina orain bere kabuz abiatu du ibilbide berria. Arrasateko Garagartza auzoan, Udalatx mendiaren magalean, «konfiantzaz eta lasaitasunez» aritu da elkarrizketan. Auzo tradizional baten bihotzean hazi arren, erritmo latinoen freskotasuna eta energia modu natural batean uztartzeko gaitasuna erakutsi du, musika tradizionalarekin bere ukitua nahastuz.

Umetatik izan zara musikari...

Perkusio klaseekin hasi nintzen, eta ondoren pasatu nintzen bateriara. Hau Arrasate da; beraz, punk, rock eta oi! estiloen inguruko eraginak izan nituen nik ere, eta horrek bultzatu ninduen bateria jotzera.

Oso gazte izan zenuen lehen taldea, ezta?

13 urterekin hasi nintzen Repelencia Rock taldearekin. Kontzerturen bat eman genuen, baina ez genuen asko iraun. Gero, pandemian, Bordan Bizio punk-rock taldearekin hasi nintzen.

Jarraitzen duzu punk-rockean?

Hor dago, standby-n [barrez].

15049209
Oihan Uribarren 'Fane', Arrasateko Garagartza auzoko plazan, Udalatx mendia atzean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Nola iritsi zinen musika urbanoaren mundura?

Pandemiaren ondoren, Arrasaten batu ginen batzuk. Hasieran, Tatta, Mutiko eta beste batzuk traparekin eta raparekin esperimentatzen hasi ziren. Besteak beste, niri ere gustatzen zitzaidan estiloa, eta haien entseguetara joaten hasi nintzen. Poliki-poliki idazten eta zabaltzen hasi nintzen, eta, kostata bada ere, nire lehen abestia atera nuen.

Bandido...

Hori da. Estilo horiek ez zeuden oso sustraituta hemen. Harrera polita izan zuen, eta handik gutxira Etxepe lokalean batzen hasi ginen.

Hortik dator Etxepe taldearen izena?

Ez ginen asko konplikatu, ez. Kuadrillakoak ginen, eta lokal horretan batzen ginen elkarri gure musika erakusteko. Rap kantari amerikarrak erakusten zizkigun Elik [taldeko beste abeslarietako batek], eta programaren bat deskargatu genuen grabatzen ikasteko. Hortik sortu zen ideia eta izena: Etxepe.

13414946
Etxepe taldearen kontzertua, 2023ko Durangoko Azokan. GORKA RUBIO / FOKU
Debagoienean punkaren tradizio handia dago. Aurreiritzien beldur izan zinen musika urbanoarekin hasi zinenean?

Egia esan, hasieran, bai. Beste estilo bat zen nagusi, nik asko miresten dudana eta bizirik jarraitzen duena. Baina gurea berria zen, eta ez genekien zer-nolako harrera izango zuen. Zorionez, oso harrera ona izan genuen hasieratik, eta kolektiboa normalizatuz joan zen, Etxepe proiektua sendotuz.

Denbora gutxian lortu zenuten oihartzuna...

Hasieran, nahi barik sortu zen ikusmina. Lehen kontzertua Arrasateko gaztetxean izan zen, eta dena bete zen. Ez genuen espero. Ondoren, kontzertu gehiago etorri ziren, Hatortxu Rocken eta halako jaialdietan ere jotzeraino.

Eta Euskal Herriko ospea? Alboka abestia mugarri izan zen...

Gozategiren doinuan oinarritutako Alboka abestiarekin Euskal Herri osoan zabaldu ginen, bai. Irratian jartzen hasi ziren, eta beste urrats bat izan zen hori.

«Chick Juarez ekoizle mexikar-gasteiztarrarekin harremanetan jarri nintzen. Berehalako konexioa izan genuen, eta hor dago emaitza»

Gazteleraz hasi zinen, baina orain euskaraz egiten duzu gehiago, ezta?

Hasieran, gazteleraz idazten nuen, erreferentzia gehiago nituelako. Baina konturatu nintzen euskaraz errazago ateratzen zitzaidala dena, eta hautu kontzientea egin nuen. Bai Etxepen eta bai bakarka, euskara da ardatzetako bat. Egia da bi hizkuntzak erabiltzen ditudala, baina euskara ateratzen zait modu naturalean.

Orain, bakarkako ibilbideari ekin, eta gerriak mugiarazteko abestiekin ausartu zara Aurrera egin behar diskoan.

Beti gustatu izan zait estilo ezberdinak entzutea. Azkenaldian musika latinoan nenbilen sartuta, eta Chick Juarez ekoizle mexikar-gasteiztarrarekin harremanetan jarri nintzen. Berehalako konexioa izan genuen, eta hor dago emaitza.

Musikari profesionalekin grabatu duzu, eta haiekin izango zara kontzertuetan, Fane & The Revolution izenarekin. Dagoeneko bideoklip bat eta jam session bat grabatu eta argitaratu dituzue.

Jazz musikari bikainak batu zaizkit, eta, horri esker, bakarkako proiektuari norabide esperimentala ematen ari gatzaizkio. Hasieran bakarka hasi arren, talde bihurtzea erabaki dugu, elkarlanaren indarra aprobetxatzeko. Oraingoz, udan bost kontzertu emango ditugu formatu berria probatzeko. Hiru lehenengoak hauek dira: ekainaren 27an, Irungo [Gipuzkoa] San Martzial jaietan; ekainaren 28an, Atxondoko [Bizkaia] Apata auzoko jaietan; eta uztailaren 5ean, Aramaioko [Araba] San Martin jaietan. Ikusiko dugu nola moldatzen garen, eta gero, gehiago.

Gauza berriak probatzen ausartzen zarela esan liteke?

Birsortuz sortzen dira gauzarik ederrenak, eta horretan nabil. Barruak eskatzen didanari kasu egiten saiatzen naiz, eta hori da nire bidea musikan.

LOTSABAKO

Erreferente bat?
Mikel Laboa.

Abesti bat?
Fermin Muguruzaren Azoka eguna.

Kontzertu bat?
Etxeperekin eman genuen azkena, Arrasaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.