Ezarian. Inauteriak

Egun bakarreko errealitatea

Milaka lagun bildu dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen inauteriak ospatzera. Umorerako eta kritikarako tarterik ez da falta izan hiriburuko kaleak zeharkatu dituzten karroza ikusgarrietan.

Bilboko Konpartsek antolatutako desfilean, 50 konpartsak parte hartu zuten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
L. Muñagorri-N. Rodriguez
Bilbo-Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Apaiza eta moja elkar musukatzen, aingerua eta deabrua eskutik emanda, indio eta bakeroak elkarrekin borrokan, eta printzesak rockeroekin batera. Egunerokotasunean errealitate egiten ez diren egoerak inauterietan egia bihurtzen dira. Eta, gainera, umorez.

Bilboko kaleak kolore eta jai giroz busti ziren atzoko mozorroekin. Umorez eta kritikaz. Hala ikusi ziren Hurtado Ametzaga kaletik behera jaitsi ziren karrozetan. Bilboko Konpartsek antolatutako ekitaldia erraldoi eta buruhandien dantzarekin zabaldu zuten. Eta, haiekin batera, buruhandiak: Iñaki Azkuna puxikarekin haurrak izutzen, eta Mario Izeta ostia erlijiosoak eta bestelakoak banatzen.

Uribarri konpartsak Veneziako inauteriak eraman zituen Bilbora, eta Pinpilinpauxakoek zirkoa. Komantxe konpartsa beste galaxia batetik etorri zen, eta Irrintzikoek txu-txu trena erabili zuten kalean behera jaisteko. Bilboko zabor ezberdinak irudikatu zituzten Eguzkizaleak konpartsakoek, eta handik hurbil Bilboko kale garbitzaileak, benetako zaborra garbitzeko prest. Baina konpartsetan gailendu zen gaia Erdi Aroa izan zen. Bilboko udal ordezkariak hiribildua konkistatzen, edo garai haietako euskaldunak irudikatu zituzten Pa... ya eta Kobetamendikoek. Izan ere, inauterietan edozer gauzak balio du.

Denetara 50 konpartsa, talde eta kanpotarrek hartu zuten parte Bilboko Konpartsek antolatu zuten desfile koloretsuan. Eta horiekin guztiekin batera zeuden baita ere Gose eta Bunpada Sound musika taldeak.

Handik hurbil, Kale Nagusian, udalak antolatutako desfilea egin zen, lau karroza eta hiru antzerki talderekin. Bertan ikusi ahal izan ziren hainbat izaki ezberdin, hala nola armiarma, matxinsalto eta kakalardo erraldoiak.

Donostian denak dantzan

Giro aparta zegoen atzo ere Donostian, Baionako errugbi partida ikustera joandakoek batetik eta inauterietako konpartsen desfilera joandakoek bestetik Donostiako kaleak bete zituzten. Baina Anoetako estadiora ez ezik, kirola inauterietako karrozetara ere iritsi zen; Lagun Artea konpartsakoek futbol amerikarreko baloi erraldoi bat egin zuten euren karrozan, eta dantzariak publikoa animatzen aritu ziren, futbol partidetako animatzaileen antzera.

Baina denetarako tartea zegoen atzo: Ilae konpartsako sorgin eta akerrekin akelarrea dantzatzeko, Broadwayko musikaren erritmora dantzatzeko, Aliziaren herrialde miragarrian murgiltzeko, Boliviako doinuak entzuteko...

27 konpartsa eta 2.600 lagun baino gehiago ari dira parte hartzen inauterietako konpartsen lehiaketan. Eta nabari da lehiaketa irabazteko ondo prestatu direla: jantzi dotoreak, koreografiak ondo ikasiak eta karroza ikusgarriak atera zituzten atzo kalera. Hori guztia hartuko du aintzat epaimahaiak sariak banatzerakoan. Gaur arratsaldean berriro desfilatuko dute konpartsa guztiek Donostiako kaleetan, bostetatik aurrera. Eta lehiaketako emaitzak martxoaren 11n jakinaraziko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.