Egunean Behin

Egunean behin, urtean bost milioi aldiz

Egunean Behin aplikazioak urtea bete du, eta erabiltzaile gehiagok erabiltzen dute astez aste: 84.000 pertsonak jokatu dute azken egunetan. Hirugarren denboraldia hilaren bukaeran amaituko da, eta beste final bat egingo dute.

Abenduaren 14an jokatu zuten lehen finala, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz
2020ko martxoaren 4a
17:02
Entzun

Codesyntax enpresak iazko martxoaren 4an atera zuen Egunean Behin sakelakoetarako aplikazioa. «Gari lankideak jokatu zuen lehen partida hura, goizeko zazpietan; zortzi asmatu zituen minutu batean. Geroztik, beste bost milioi partida pasa jokatu dira», azaldu du Josu Azpillaga ingeniariak urteurrenaren berri emateko enpresaren blogean idatzi duen sarreran. Orain, hirugarren denboraldiko bosgarren astean, 84.000 pertsonak baino gehiagok erantzun dituzte eguneko hamar galderak.

Zabaldu dituzte joan den astera arte jasotako datuak: lehenengo partida harez geroztik, 100.000 erabiltzailek baino gehiagok hartu dute parte jokoan; denera, bost milioi partida jokatu dituzte, eta, beraz, 50 milioi galdera erantzun; jokoak 50.000 galdera baino gehiago ditu; zuzeneko final bat jokatu zuten abenduan. Gainera, otsailean Argia sarietako bat eman zieten aplikazioaren egileei. Urteurren egunean, eskerrak eman dizkiete babesleei, taldeak dinamizatu dituztenei eta parte hartzaile guztiei.

Aplikazioak 2019ko martxoan hasi zuen bidea. Helburu nagusia zen «produktu bat ateratzea euskal munduari begira, euskaldunei eskaintza bat ematea denbora tarte polit bat pasatzeko», Azpillagaren esanetan. Bi astean, 2.000 erabiltzaile hasi ziren jokatzen. Udara arte, 10.000 pertsonak jokatu zuten astero partidaren bat. Aldaketarik handiena, ordea, bigarren denboraldian gertatu zen, udako oporretatik bueltan: sei aldiz biderkatu zuten jokalari kopurua irailetik abendura arte. Hirugarren denboraldia otsailean hasi zen, eta erabiltzaile kopurua hazten ari da astez aste.

Hirugarren denboraldi hori laburragoa izango da aurrekoak baino, hilaren bukaeran amaituko baita. Jokatutako zortzi asteen artean, lau aste onenak hartuko dira kontuan denboraldiko sailkapenerako. Sailkapen horretan lehen 100 onenen artean geratzen direnak zuzeneko final batera sailkatuko dira. Iazko abenduaren 14an egin zuten lehen finala, Azpeitian (Gipuzkoa), eta Azpillagak BERRIAri esan zion lehen esperientzia horrekin oso gustura geratu zirela. Zuzeneko emanaldi horretarako ere teknologia garatu zuten, eta saio hura proba bat izan zen. «Ongi atera zen, eta orain esperientzia hori errepikatuko dugu».

Erabiltzaileek aplikazioan parte hartzeko beste aukera bat daukate denboraldi honetan, eguneko hamar galderak erantzuteaz gain. Codesyntaxekoek atari bat egokitu dute jendeak galderak idatz ditzan. Baldintza batzuk bete beharko dira: ahal dela argazkiak norberak ateratakoa izan behar du, eta, erantzunetarako, hiru aukera eman beharko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.