Egunero hasten delako

Entzierro azkarra eta emozio handirik gabekoa korri egin dute Jandillako sei zezenek. Historikoki, batez beste, adarkatu bat baino gehiago eragin badituzte ere, ez da jazo halakorik oraingoan. Hiru lagun ospitaleratu dituzte

Egunero hasten delako.
joxerra senar
Iruñea
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberriak zerikusirik ez du sanferminekin, baina haren izenburua dator burura goizero. Izan ere, sanferminetan entzierroa egunero hasten delako, eta amaitzen. Dena berdin. Bi minutu eta 20 segundo, bi minutu eta 30 segundo... Gehienak antzera. Zezenak korri eta korri, gehienez ere begiradak zuzenduz kalearen alde banatara dagoen jendetzari. Eta beti aurrerantz, zezentokirantz, harrizko ingurune horretatik ihesi. Egungo entzierroen izaera iraunkor hori azpimarratzen da egunero, eta zertzelada txikiek baino ez dute bereizten bata eta bestea. Soilik, sei zezen aske uzteak beti dakarren mehatxuaren lanbroak eragiten du garai batean maizago nabaritzen zen arriskuaren zantzua.

Atzokoak ere patroi horri jarraitu zion. Aurreko bi egunetako entzierroen aldean, bi segundo gehiago behar izan zituzten Jandilla ganadutegiko zezenek ibilbideko 845 metroak elkarrekin osatzeko: zehazki, bi minutu eta 23 segundoan zeharkatu zuen azkenak plazako atea.

Hasieran, atzetik

Suziria jaurtitzearekin batera, San Domingo aldapan gora egin zuen zezen taldeak, eta haien buruan lau joaldunak. Atzokoan, Jandillako adardunek nahiago izan zuten ibilbidea ondo ezagutzen duten idien atzetik segitu, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eraikinaren paretik aurrera kalearen bi aldeetara zeudenei begiradak baino ez zuzenduz. Bost zezen joaldunen atzetik bildurik joan ziren eta atzean ezker-eskuin so eginez zezen beltz bat zihoan. Halaxe egin zituzten aldapako 280 metroak.

Aurreko egunen aldean, goiz freskoa izan zen atzokoa, baina Udaletxe plazara iritsita, uztaileko lehen egunetan Mercaderes kalea zipriztintzen duten ordu horretako eguzki izpi urreztatuetan barna murgildu ziren zezenak. Kaleetan jende gutxiago antzematen zen, eta aurrean zuten guztiari erreparaturik zezenek abiadura neurtu ahal izan zuten, bihurgunea ondo hartzeko moduan. Lasterkariei ere beta eman zien korrikaldiaren inertziak eramaten duen ezkerraldera egin beharrean, eskuinera egiteko, eta bihurgunea hutsik zegoen zezenak heldu zirenerako.

Tarte horretan gertatu zen egunero ikusten diren mirakulu horietako bat; ozta-ozta, baina lasterkaria azkenean onik ateratzen den une arriskutsu horietako bat, alegia. Ibilbidea ondo ezagutzen duen lasterkari batek, eskuinetik, zezenekin batera korri egin zuen, baina atzetik hura baino azkarrago zihoan joaldun batek jo, bultzatu eta bi zezen beltzen adarren aurrean aurkitu zen gizona. Beta eman zion, justu-justu, zezenetako batek egindako burukadari izkin egiteko eta kale ertzera jotzeko, ezbeharrik izan gabe.

Estafetatik aurrera zezen beltz batek hartu zuen gidaritza, eta hark ezarritako erritmo azkarraren ondorioz, sakabanatu egin zen taldea, kalean gora egitearekin batera tarteak irekiz. Zaila egin zen lehen adardun horren aurrean jartzea, baina horregatik gutxi batzuk gai izan ziren abiadura horri eusteko eta uneaz gozatzeko.

Jende gutxiago zegoenez, Mercaderesen gertatu bezala, zezenek abiadura neurtu zuten eta Telefonicako bihurgunea ongi hartu. Alta, zezenetako batek eskuinaldera jo zuen eta hesien albotik pasatu zen, bertan zirenen ustekaberako. Alboan pilaketa bat zegoen, baina zezenak aurrera jo zuen. Zutik eta geldi zen gizon baten aldamenetik pasatu zen. Kasu horretan ere, zezenak bere aurka burukadarik ez zuen egin, mutilaren zorionerako.

Plazara sartzeko aldapan behera, berriro ere lasterkarien aurpegietan estualdia islatu zen, baina ez zen ezer nabarmenik gertatu.Aurreko entzierroetan gertatu legez, zezenek zuzen jo zuten zezentokirantz.

Lasterketa amaituta, hiru lagun ospitaleratu zituzten. Horietako bi Telefonicaren parean, kolpeengatik. Estafetan, Xabierko karrikaren parean, 18 urteko gazte iruindar bat artatu zuten eta ospitalera eraman.

Dena den, ez zen adarkaturik izan. Jandillako zezenak Iruñera etorri diren 22 aldietan, 32 adarkatu inguru eragin dituzte. Atzo, berriz, ez. Aurrera egin zuten une oro, burukadarik jo gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.