Pittsburgh Trauma Medical Center ospitaleko larrialdietako hegalean girotutako seriea da The Pitt. Kolapsatzear dagoen sistema baten bihotz taupadak erakutsiko ditu, Michael larrialdietako buruak (Noah Wyle) kaosari eusteko ahal duen guztia egiten duen bitartean. Ikusleak pazientez gainezka dagoen ospitalea ikusiko du: langile gutxiegi, ohe eskasak eta atsedenik gabeko profesionalak, korridoreetan barrena etengabe korrika, denboraren aurkako borroka etsi batean.
Lehen denboraldian bezala, bigarrenean ere egitura zorrotz eta ausartari eusten dio telesailak: hamabost atal, lanegun bakar baten barruan. Larrialdietako taldearen txanda osatzen duten hamabost orduak ia denbora errealean erakusten dira. Hamabost ordu, hamabost atal; arnasa hartu gabe igarotzen den eguna.
Bigarren denboraldiaren abiapuntua, gainera, karga emozional handikoa da: Michaelek urte sabatikoa hartzea erabakiko du, eta ikusleak larrialdietako buruaren azken laneguna biziko du harekin batera. Hortik aurrera, aurreko denboraldiko eskemari jarraiki, pazienteak, kasuak eta muturreko egoerak bata bestearen atzetik etorriko dira, larrialdien erritmo basatian, atsedenik gabe.
Eskema horrek tentsioa, urduritasuna eta larritasuna areagotzen ditu, bai pertsonaiengan, bai ikuslearengan ere. Telesailak ez du arnasa hartzeko aukerarik ematen: erritmoa etengabea da, bizia, ia itogarria, frenetikoa.
Gainera, nahiko gordina da, zentzu guztietan: hildakoak daude, odola, zaurien lehen plano mingarriak, paziente histerikoak eta langileen eta nagusien arteko talkak. Ez du ezer estaltzen, ez du begirada baztertzen. Dramatismoa ugaria da, baina ez da hutsala: gizatasunak ere badu lekua, tentsioaren erdian arnasa hartzeko balio duen oasi txiki gisa. Generoa ez du berrasmatzen, baina atal bakoitza esperientzia xurgatzailea da, ikuslea bere sarean harrapatu eta askatzen ez duena.
Aktoreen lana zutaberik sendoena da. Noah Wyle urteek eta guardiek higatutako mediku baten azalean sartuko da, sinesgarritasun handiz. Haren interpretazioaren bidez, telesailak laneko neke kronikoa, erruaren pisua eta deshumanizazioaren prozesu isila aztertzen ditu, erakutsiz nola irensten dituen sistemak pertsonak, zaratarik gabe, baina etengabe.
Gainerako aktoreen lana ere aparta da: ospitaleko belaunaldi, kultura eta hierarkia desberdinen mosaikoa osatzen dute, eta horren bidez agerian jarriko dira lanaren prekarizazioa, baliabide eskasia eta eguneroko dilema etikoak. Pertsonaia bakoitza sistema handiago baten piezatxo bat da, eta pieza horiek elkarrekin talka egiten dutenean sortzen da tentsioa, egia eta mina.
Erromantizaziotik urrun
Ohiko medikuntza telesailetan ez bezala, The Pitt-en pertsonaiak ez dira heroi idealizatuak; aitzitik, profesional nekatuak dira, baina lanean jarraitzen dutenak. Drama pertsonaletatik harago, The Pitt AEBetako osasun sistemaren aurkako salaketa zuzen eta gupidagabea da. Pribatizazioaren arrastoak, mediku arreta jasotzeko desberdintasun sakonak eta gaixoen zaintza itotzen duen zama burokratikoa ez dira osagai anekdotikoak: kontakizunaren ardatza dira. Oinarri sozial horrek dimentsio politiko argia ematen dio narratibari, eta telesaila ohiko fikziotik harago eramaten du.
Azken batean, The Pitt errealismoaren, kritika sozialaren eta murgiltze narratiboaren aldeko apustu sendoa da: telesail zorrotz eta bikaina, garunean itsatsita geratzen den horietakoa.
fitxa
- Sortzailea. R. Scott Gemmill.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025-gaur egun.
- Aktoreak. Noah Wyle, Tracy Ifeachor, Katherine LaNasa eta Fiona Dourif.
- Non ikusi. HBO Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama.