ATZEKOZ AURRERA

Egur usaineko energia azoka

Energia eraginkortasunari eskainitako Berdeago Energy azoka zabalik dago bihar arte, Durangoko Landako gunean. Etorkizuneko energia berdea ezagutzeko topagunea izango da.

Ekoizpen jasangarrien eskaintzarekin bete zen atzo Durangoko (Bizkaia) Landako gunea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Durango
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hilabete pasa igaro da Durangoko (Bizkaia) Landako guneak euskal kulturaren usaina izan zuenetik, eta atzo ate horiek gurutzatu zituenak bestelako usain bat hartu zuen. Egurrarena. Liburu eta diskoak egon ziren duela hilabete bertan, eta hortik kultur usaina, baina atzotik hasi eta bihar arte energia eraginkortasunarekin zerikusia duten produktuak ikusi eta aztertu ahalko ditu bisitariak. Berdeago Energy azoka zabaldu baitzuten atzo Durangon, eta Landako gunea egurrezko paletez betea zegoen.Hortik egur usain hori.

«Azokaren bereizgarrietako bat hori dela esan daiteke». Juan Zubiaurre azokaren antolatzaileetako bat da, eta usain hori Berdeago Energyrena dela zioen. Baina hori baino gehiago ere bada azoka, energia eraginkortasunari eskainitako topagunean eraikinen isolatzaileak, galdaretarako proposamenak, energia berriztagarriak sortzeko bitartekoak edo eraikuntza biologikoa sustatzen duten enpresak baitaude. Denetara, 50 erakusle egongo dira. Eta horiek bisitatzera profesional teknikoak joango dira batez ere.

Atzo, ordea, laneguna zen, eta horregatik akaso ikasketa teknikoak egiten ari ziren ikasleak ere bazebiltzan erakusmahaiz erakusmahai. Hori zen atzo goizean zegoen argazkia. Datorren astean ere antzeko argazkia errepikatuko da, baina energia eraginkortasunari lotutako produktuak izan beharrean, zero kilometro filosofian oinarritutako ekoizpenak ezagutu ahal izango dira Berdeago Nature azokan. Energia eta produktu ekologikoen hiriburu izango da horrela Durango datozen egunetan.

Pellet edo isolatzaileak

«Sumatzen dugu kontzientzia handiagoa dagoela profesionalen eta kontsumitzaileen aldetik; eta hurrengo urteei begira joera areagotu egingo dela aurreikusten dugu». Zubiaurrek sumatzen zuen joera hori, eta baita erakusmahaiaren atzean zegoen Borja Menak ere. Naturbero enpresako kidea da Mena, eta pellet sistemarekin lan egiten dute: «Lehen urtea dugu hemen, eta ikusi nahi dugu zein berogailu mota dauden merkatuan; hala ere, sumatzen dugu jendeak interesa baduela sistema honetan».

Etorkizuneko berogailu sistemarako irtenbide bat izaten ari da pelleta kasu askotan, eta «basoko hondakinei irtenbide bat emateko modu bat da». Izan ere, egur hondakinekin sortzen da pelleta, eta horietara bideratutako berogailuen inguruko interesa asko ari da handitzen. Zubiaurrek ere hala sumatzen du: «Azken urteetan, asko hazi da horren inguruko interesa».

Baina energia sortzeko bestelako bideez gain, isolatzaileak ere garrantzitsuak dira. «Ekologismotik ekonomia sortu eta filosofia bat bultzatzea bilatzen dugu guk», onartu du Ivan Painok.Brizna bioeraikuntzako enpresaren standean zegoen Paino, lastozeta porlan biologikoz egindako hormez inguratuta. «Etxe osasungarriak eraikitzeko modu bat da bioeraikuntza; material naturalak erabiltzen ditugu, eta, orain, jende asko hasi da sektore honi erreparatzen». Hala ere, hamarkada luzez martxan dagoen teknika bat dela gogorarazi zuen: «Lehen, arraro begiratzen ziguten, eta, orain, interesez». Hori da, haren ustez,aldaketa nagusia: produktu naturalen inguruan ikuspegia aldatzen ari dela, eta hori etxeen eraikuntzara gerturatzen ari dela. «Pixkanaka haziz joango da interes hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.