Itsasoa haserre dago. Haizea gogor jotzen ari da, euria goian-behean ari du, eta harro-harro dabiltza urak, orroka. Pasaian ez dira itsasoaren beldur, baina errespetu handia diote; hura izan dute, mende luzez, bizibide, bizileku eta lotune. Lotune, bai: itsasoak lotzen ditu kostako herri hura osatzen duten lau aldeak, eta alderik alde ibili da jendea Donibaneko eta San Pedroko itsasertzetan, uraren beldurrez ez, baina errespetu handiz. Pasaiako badia itsasoa baita, baina kaia ere bai, babesgunea, Ulia eta Jaizkibel mendien besarkada. Baita ondarearen topalekua ere, itsas kulturari gorazarre egiteko une eta gune: lau egunez, laugarrenez, atzotik.
Itsasoa haserre dago, baina Pasaia pozik, hasi baita Pasaia Itsas Festibalaren laugarren aldia. Ontzien desfile bat eginez hasi dute jaialdia, baina eguraldiak baldintzatuta: ez dira Ulia eta Jaizkibel mendien arteko bokaletik sartu, eta badia barruan ibili dira hasieratik, beren masta ederrak astintzen. Pasai Donibaneko kale zaharretik badiara begiratzea besterik ez dago hainbat mende atzera egiteko: kortsario fragatak, baleontziak, goletak, belaontziak, zama gabarrak, arrantzontziak eta lugreak ikusteko. Itsas ondareaz bertatik bertara gozatzeko: iraganeko marinelak nola bizi ziren irudikatzeko.
Euria bezala, tantaka aritu da jendea Pasaiako itsasertzean kokatzen. Trikitilari eta pandero jotzaileek girotu dituzte kaleak, eta San Pedrotik Urgull Historikoa elkarteak botatako kanoiek hasi dute festa. Urak zakar egon diren arren, ontziak bare-bare atera dira portutik, eta dotore joan dira badian barrena.Â

Ikusleak, berriz, aterki bat esku batean eta sakelakoa bestean dutela aritu dira ontzi handi eta txikiei beha. Frantsesa eta gaztelania asko entzun diren arren, euskaraz ere aritu dira ontzizale asko. Izan ere, bertako bizilagunek gogotik bizi dute ekitaldi hau; tartean Juan Manuel Ollokiegi sanjuandarra: «Zaleak garenak agertu gara. Hau ez da edonon ikusten, eta benetan ikusgarria da garai bateko itsasontziak ikustea. Lehenagotik izan dugun ondare hori berreskuratzea handia da: gure nortasuna ezin dugu galdu. Gure nortasuna hau zen, eta nondik gatozen gogoratzeko modu bat da».
Aterkia eskuan
Turistak ere badabiltza badian. Horietako bat Carole Cazoulas, Landetatik Pasaiara oporretan etorria. «Lehen aldia dugu bai Pasaian, bai jaialdian. Eguraldi txarra izan arren, gozatzen ari gara itsasontzien festa eder hau», adierazi du, aterkia eskuan. Gustura seinalatu du Frantziako bandera duen itsasontzi handi bat: Etoile du Roy kortsario fragata.Â
Belak hiru mastatan harro-harro zabaltzen ari den belaontzi handi hark historia oso berezia du. Frantziako Luis XV.a erregeak aginduta eraiki zuten fragata hori, 1745ean, etsaien aurka defendatzeko. Uretaratu eta lau urtera, baina, desagertu egin zen. Erresuma Batuko Royal Navy-koek, baina, ontzi horren planoak gorde zituzten, eta Turkiako kostaldean berreraiki zuten. Gero etxera itzuli zen, Frantziara, eta Saint-Maloko portuan dute.
Erregearen izar horrek distira berezia eduki du Pasaiako badian, edertasunagatik ez ezik, askori ezaguna egin zaielako ere bai. Izan ere, Ridley Scotten Napoleon filmean, Martin Bourboulonen Les Trois Mousquetaires lanean eta Alejandro Amenabarren Fortuna telesailean protagonista izan da. Kortsario fragata izan zena zinema ontzi bihurtu da egun.
Bretainiatik etorritako ontzi batek ere babes hartu du badian: Notre-Dame de Rumengol zama gabarra tradizionalak. 1945ean eraiki zuten, eta hamarkada luzez  egurra, ardoa, gatza eta hondarra garraiatzen aritu da Bretainiatik Lapurdirainoko kostaldean; An Test elkarteak 1981ean berreskuratu zuen.
Pasaiako badian dauden ontzi denak, baina, ez dira desfilatzen ari. Euri jasak Donibanetik San Pedrora begiratzea zailtzen duen arren, erraz antzeman daiteke itsasontzi oso ezagun bat, San Pedroko kaian amarratuta: San Juan baleontzia. XVI. mendean Pasaiako ontzioletan eraikitako baleontzia Red Bayn (Kanada) hondoratu zen arren, Albaola Itsas Kultur Faktoriak bizia eman dio: iazko azaroan uretaratu zuten haren erreplika.
Bada, estreinakoz, itsasontzi hura uretan dagoela barrutik ikusteko aukera izango dute Itsas Festibalera joango diren herritarrek. Bihartik bisita gidatuak egingo dituzte, baina aurrez izena ematea komeni da. Emana dute Pedrok eta Vickyk, Bartzelonatik etorritako bi turistak. «San Juan ikustera etorri gara. Haren eboluzioa segitu dugu Albaolan: nola egin duten ikusi dugu urtez urte. Bukatu dutenez, ikusi behar dugu!». Hori ez ezik, beste hainbat ontzi ere bisitatu ahal izango dira.Â
Festibalaren hasieraren alde bat da desfilea: bestea batelerek egiten duten dantza da. Igone eta Eskarne dira haietako bi: «Oroitzen dugu nor izan ziren hemengo emakume langile horiek: denetik garraiatzen zuten batetik bestera, eta bizitza gogorra zuten. Ohore handi bat da gure arbasoak omentzea».
Batelerei txalo egin ostean hartu du hitza Xabier Agotek, Albaolako presidente eta Itsas Festibaleko zuzendariak: «Pasaia Itsas Festibalaren funtsa itsas ondarea da, eta hura uretan ikustea. Festibal honek aukera ematen du hainbat itsasontzik nola nabigatzen duten ikusteko. Horri eutsi nahi diogu, eta ea eguraldiak laguntzen digun». Pasaiako alkate Teo Alberrok bide beretik jo du: «Pasaiak eta Euskal Herriak itsasoarekin duten loturari, memoriari eta ondare kulturalari balioa ematea da helburua, eta, aldi berean, beste herrialde batzuekin batera aritzea horretan». Hain zuzen, itsas kulturaren arloko ohorezko gonbidatua Kanada izango da aurten.
Hori dena, eta musika, dantza eta gastronomia ere bai: denetik izango da Pasaian, itsas kulturaren eta ondarearen erakusgai. Eta garrantzitsuena: eguraldi hobea dago iragarrita.