Baiu arropa dendaren sortzailea

Marta Larraz: «Eguralditik babesteaz gain, arropak bizitza errazten die txakurrei»

Txakurren sastrea da Larraz: txakur handi-handientzako zein ñimiñoentzako jantziak egiten ditu Baiun, Bilbon duen dendan eta tailerrean. Ez da joera berria, edozelan ere. «Txakurren modak ehun urte baino gehiago ditu».

Marta Larraz Baiu dendan, Bilbon, herenegun. RAUL BOGAJO / FOKU
Marta Larraz Baiu dendan, Bilbon, herenegun. RAUL BOGAJO / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segun eta zer gorputz izan, modak aukera zabal-zabala edo urria eskainiko dio kontsumitzaileari. Arazo bera izaten dute txakurrek ere. Baina antzekoa da, orobat, konponbidea: neurrira egindako arropa. Askotariko tankera dute Bilboko Baiu dendara joaten diren animaliek, Marta Larraz sastrearen (Bilbo, 1972) bezeroek: galgo batentzako kapusai luzea ikusten da tailerraren atzeko aldean dingilizka, koadrodun estanpatuduna eta oraindik bukatu gabea; neurri askotako estalki deigarriak daude atariko pertxetan zintzilik; eta kasik esku ahurrean kabitzen den yorkshire bat ere jantziko du laster Larrazek.

Zure txakur batek behar jakinak zituen, eta horregatik hasi zinen txakurrentzako arropa egiten. Nola?

Betidanik egin dut lan modaren arloan; ofizioz patroigilea naiz. 2011-2013 inguruan hasi nintzen: garai hartan, pankreatitisa zeukan txakur batekin bizi nintzen, kaloria gutxiko dieta oso zorrotza zeukan, eta hotza izaten zuen; Madrilen bizi ginen. Teckel mestizoa zen: oso luzea, baina bularra oso estua zeukan. Neurriei eta estiloei dagokienez, eskaintza oso urria zen. Behin beroki bat egin nuen niretzat, eta sobera zegoen oihalarekin beste bat egin nion hari. Eta parkeko lagunei ere egin nien. Gogoan dut: boxer bat eta golden bat ziren, 9 eta 11 urtekoak; artrosia zeukaten biek. Arraza edo ilea kontuan hartuta, beharbada ez zuten aparteko geruzarik behar, baina bai adinagatik edo gaixotasunagatik.

Nola egokitu zinen txakurrentzako patroiak egitera?

Orain askoz informazio gehiago dago sarean, baina garai hartan oso gutxi zegoen: bideo gutxi batzuk, Japoniako libururen bat, agian, baina ez zegoen sakelako itzultzailerik... Ezagutzen nuen teknika txakurren gorputzei aplikatu nien, eta poliki-poliki trebatuz joan nintzen. Dena den, txakurren modak ehun urte baino gehiago ditu: 1930eko berokien fotokopiak ditut.

Zure arazo nagusia neurriak izan ziren. Zer esaten dizute zure bezeroek? Zer dela-eta jotzen dute sastre batengana?

Merkatuan proportzio jakin batzuk daude: txakurra luzea bada, proportzio horien arabera bularraldeak ere zabalagoa izan behar du, baina agian ez da hala. Arropa handiegi geratzen zaie, deseroso. Beste batzuk estetikagatik etortzen dira, edo zerbait esklusiboaren bila ari direlako. Gainera, merkatuan dauden jantzi asko arriskutsuak izan daitezke, botoiak dituztelako, adibidez. Eta txakurraren bizi estiloaren arabera, modelo batzuk aproposagoak dira: hirian paseo bat emateko jantziak daude, edo landara joatekoak, itxiagoak eta estuagoak, txakurra harrapatuta gera ez dadin.

«Txakurraren bizi estiloaren arabera, modelo batzuk aproposagoak dira: hirian paseo bat emateko jantziak daude, edo landara joatekoak, itxiagoak eta estuagoak»

Zer-nolako materialak erabiltzen dituzu, batez ere?

Gizakiok erabiltzen ditugun oihalak izan daitezke, artilezkoak edo kotoizkoak, baina garbitzeko errazak izan behar dute, gure jantziak baino gehiago garbituko ditugu-eta. Euritarakoak, iragazgaitzak ez ezik, urradurekiko erresistenteak izan behar dute. Lihorik ez, lisatu egin behar da-eta... halere, udako jantziren baterako erabil daiteke, txakurrak estali beharreko ebakiondo bat badauka, edo erraz erretzen den ilea.

Txakurrek uzten dizute neurtzen?

Batzuetan konplikatua da [irribarrez]. Ahal ditudan neurriak hartzen ditut, eta proba bat egiten dut beste oihal batean, patroia eta mozketa doitzeko; gero lantzen dut erabili nahi dudan oihala. Baina zaila da asmatzea: pertsonak geldi egoten dira, baina txakurrak ez. Ez ditut estresatu nahi, beraz, behar duten denbora eskaintzen diet. Eta, horrez gain, garrantzitsua da txakurrak egokitze prozesu bat izan dezan jantziarekin.

Zertarako behar dute estalkia txakurrek?

Arraza batzuetakoek hotz izaten dute, edo ilea finagoa... Eta beste batzuk erre egiten dira egun eguzkitsuetan. Edo azal oso-oso fina dute, edo ilerik ez: adibidez, galgoek. Litekeena da adar baten harramazkak puntuekin itxi beharreko urradura bat eragitea, edo baliteke elkarri zauriak egitea, jolasean ari direla. Lycrazko peto bat ipiniz gero, mina har dezaten saihesten duzu, hein batean. Eguralditik babesteaz gain, arropak bizitza errazten die.

Erabilera horietatik aparte, beste helburu batzuetarako ere egin izan dituzu jantziak: adibidez, bilaketetan aritzen diren txakurren entrenamenduetako atsedenaldietarako. Alde teknikoa ere jorratzen duzu?

Hemen, Bilbon, askoz gutxiago. Madrilen, agility [oztopo lasterketa] egiten zuen talde batekin egin nuen lan, baita Guardia Zibilaren bilaketa taldeko txakurrak entrenatzen zituztenekin ere. Txakurrak ohitu egin behar dira muturreko eguraldira. Baina batzuetan ez zen beharrezkoa: irteeren artean txakurra estali egiten zuten babesteko, zaldiekin egiten den bezala; besteak beste, gaixotu ez zitezen.

lotsabako

Egitea gustuko duzun jantzia?
Benetako onura ekartzen duen bat: adibidez, etxean egoteko pijama bat, hotza erregulatzeko gai ez den txakur batentzat.

Kolore bat?
Kolore soilak.

Erronka bat?
Txakur oso luze eta oso garai bat lekualdatzeko poltsa. Ez nintzen gai izan, baina agian berriro ahaleginduko naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.