Ezarian. Igeldoko behatokia

Eguratsaren aldarteei begira

Sei behatzailek lan egiten dute Donostiako Igeldo mendiko behatokian, gau eta egunez. Behatoki historikoa da Igeldokoa: 1928. urtetik gaur egunera arteko serie klimatologikoa du.

Margarita Martin Igeldoko behatokiko buruaren arabera, fidagarriagoak dira behatzaileekin lan egiten duten behatokiak automatizatuak baino. JON URBE / ARP.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iraganeko laborategi batean sartzea bezala da Igeldoko eguraldiaren behatokiko atea zeharkatzea, Donostian. Eraikinak kanpotik duen zahar itxura bera du barnealdean. Adinak bilakatzen du hain baliotsu, ordea. Haizearen abiadura eta norabidea neurtzen ari den tramankulu zaharrari harro begiratzen dio Margarita Martinek. Estatuko Meteorologia Agentziako Igeldoko ordezkaritzaren burua da, eta behatokian etxean bezala sentitzen da. «Anemozinemografoa da. 1928. urtekoa». Paperaren gainean orratzarekin tinta urdinez etenik gabeko marrak egiten ditu makinak. «Behatoki historiko batean gaude. 1928tik gaurdainoko datuak dauzkagu hemen; 85 urteko serie klimatologikoa. Europan bakarra izan daiteke».

Haizea neurtzeko askotariko makinak nola funtzionatzen duten azaltzen hasi da. Fisikan lizentziatua da Martin, eta irakasle baten gisan hitz egiten du. Teilatuan dago, eta handik inguruko itsasertz guztia ikusten da. Zerua garbi. Kokaleku paregabea du Igeldok eguraldi behatoki batentzat. Leku laua da, eta ez dago oztoporik sortzen duen zuhaitz edo hesirik alboan. «Denbora honetan guztian behatokiaren kokalekua eta instrumentalizazioa ez dira aldatu, eta horrek datuen balioa areagotu egiten du». Leku gutxitan gertatzen da hori.

Teilatuko terrazatik lorategira jaitsi da Martin. Estali gabeko zientzia museo baten itxura du. Probeta eta askotariko makinek betetzen dute zelaia. Behatokiaren ehungarren urteurrena dela-eta egindako eskultura dago izkina batean. Behatokiaren bultzatzailea da: Orkolaga. «Hau plubiometroa da, eta horrek elurra neurtzen du. Lurreko tenperaturaren berri ematen dute termometro hauek». Baina makinen gainetik gizakiaren lana aldarrikatzen du Martinek. Behatzaileekin funtzionatzen duten behatokiak automatizatuak baino askoz ere fidagarriagoak direla pentsatzen du. Neurgailuek ez dute esaten noiz dagoen lanbroa, noiz egiten duen zaparrada eta noiz euria.

Horregatik, behatzaileak ezinbestekoak dira Igeldon. Sei pertsona aritzen dira lanean, txandaka. Gau eta egun. 24 orduz. «Nik behin 36 ordu lan egin nuen jarraian». Behatzailerik gabe serie klimatologikoa etenda egongo litzateke aspaldi. 1997an, esaterako, euri jasa handiak egin zituen, eta Ana Iglesias langileak plubiometroa hustera jaitsi izan behar izan zuen behin baino gehiagotan, gainezka egin ez zezan. Datuek hutsunerik gabe jarraipena izan zezaten. Uholdeen ondorioz egun bat bakartuta pasatu ostean, anaiak atera zuen behatokitik. Gaur egun, ordea, behatokirik gehienetan gauetan makinak bakarrik uzten dituzte martxan.

Meteorologia mendetasun

Ordenagailu gelan dago Pilar Lopez. Galernak iragartzen dituen programa ireki du. «Presioa azkar aldatzen bada, galerna datorrela iragartzen du, eta Bilboko eta Pasaiako portura eta itsas salbamentura pasatzen da abisua». Egunero hamar aldiz biltzen dituzte datuak eskuz, neurgailuetatik. Ordenagailuan sartu eta gero, Madrilera bidaltzen dituzte. Eguraldi iragarpenak egiteko balio dute datuek. Gaian aditu ez direnentzat zenbaki hutsak direnak zirraragarri bilakatzen dira haientzat. «Meteorologiak mendetasuna sortzen du. Nire pasioa da», aitortu du Martinek. Lopezek dio lana atsegin duela; ez lukeela inondik ere aldatuko. «Urtaro aldaketak bertatik bertara antzematen ditut; hodeietan, lorategian... Jendea ezagutzen dut, hala ere, bakardadea jasan ezinda lanean hasi eta astebetera lekuz aldatzeko eskatu duena».

Murrizketez mintzatu da Martin. «Krisiak? Gisa honetako behatokiei ez die kalterik egiten. Makinak berritzea garestiagoa da behatzaileak edukitzea baino».

Arduradunaren esanetan, behatoki automatikoek eskuzkoek baino tenperatura altuagoak erregistratzen dituzte hainbat arrazoirengatik, eta, ekaitza egiten duenean, plubiometro automatikoek prezipitazioaren%30 galtzen dute. «Lehorteak ugaritu eta tenperaturak igo direla esaten dute gero. Eta klima aldaketari buruz hitz egin. Baina gaur egungo datuak garai batekoarekin konparatzen direnean kontuan hartu behar da instrumentalizazio aldaketa egon dela».

Martinek ez du bat egiten klima aldaketaren teoriarekin. «Klima beti ari da aldatzen. Beroketa aldia bizitzen ari gara; baina horrelako asko egon dira. Klimak mila milioi urtetan eboluzionatzen du; azken hogei urteetako joerek ez dute ezer esan nahi. Dinosauroen garaian ez zegoen lurburu polarrik, eta Lurra ez zen amaitu».

Klima aldaketaren ikerketaren nazioarteko sareko partaide da Igeldoko behatokia. Gaiaren inguruko ikerketa fenologiko propioa jarri dute abian aurten. Klimaren eta izaki bizidunen arteko harremana aztertzen du fenologiak. Urtaro aldaketekin batera, besteak beste, apuntatuko dute zuhaitzak eta landareak noiz loratzen diren, fruituak noiz agertzen diren eta hostoak noiz erortzen diren. Orain dela 500 urteko datuekin konparatu nahi dituzte gero. Zuhaitzez zuhaitz, behatokiaren inguruan ibilbide bat osatu dute horretarako, eta hara joatera animatzen dute jendea. «Garai hartako klimari buruzko datu zehatzik ez dago, baina landareei buruzkoak bai. Bilakaera aldatu ote den edo ez jakin nahi dugu, gerora ondorioak atera ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.