Eguzki irratiak lizentzia eskatu dio Nafarroako «aldaketaren gobernuari»

urtzi urkizu
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduan, Iruñeko Eguzki irrati libreak 33 urte beteko ditu «modu alegalean» emititzen. Hainbat alditan saiatu da egoera erregularizatzen. Azkena 2012an izan zen, Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia emateko lehiaketa antolatu zuenean. Eguzki irratiak lizentzia eskatu dio «berriro ere» Nafarroako Gobernuari, irrati komunitario gisa. Alegazioak aurkeztu zizkion irrati libreak foru dekretuaren proiektuari, eta helegitea ere jarri zuten foru aginduaren aurka. Izan ere, 2010eko Ikus-entzunezko Komunikazio Legearen 4.1 artikuluaren arabera, «pertsona guztiek ikus-entzunezkoen komunikazio aniztasunaren eskubidea dute, bai komunikabide publikoen, komertzialen eta komunitarioen bidez».

Nafarroako Gobernuak aurreko legealdian Eguzki irratiari esan zion Espainiako estatuari zegokiola irrati-uhinak egokitzea. «Aldaketaren gobernuari» mintzatu zaio orain Eguzki: «Eskatzen diogu irabazi asmorik gabeko komunikazio zerbitzuak eman ahal izateko beharrezkoak diren espazio publikoak erreklamatzeko Espainiako Gobernuari». Irrati librearen iritziz, eskaera hori ez bada aintzat hartzen, legea urratzen jarraitzeaz gain, «demokrazia defizita» ekarriko luke. Oztopoak «lehenbailehen» amaitzea espero du irratiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.