Eguzki Irratiak programazioa berritu du, euskarazko hiru saiorekin

Arrosa Sareko 'Atalka', 'Kultur Kuboa' eta Txuma Murugarrenen 'Musibla' entzun daitezke Iruñean

Jorge Ribera, Eguzki Irratiko programazioaren arduraduna. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Iruñeko Eguzki Irratiak abian du programazio berria astelehenetik. Euskarazko eskaintza indartu nahi izan dute, eta, horretarako, Arrosa Sarearen laguntza izan dute. Irratiak Atalka, Kultur Kuboa eta Musibla saioak gehitu ditu programaziora. Aurten 35 urte bete ditu Eguzkik, eta, Gasteizko Hala Bedirekin batera, Euskal Herriko irrati librerik zaharrena da.

Urritik ekainera da sasoi nagusia Eguzki Irratian —grabaturiko saioak jartzen baitituzte udan—, eta otsailean berritu egiten dute, Jorge Riberak azaldu duenez. Goizeko Pasealeku magazineko kolaboratzailea da Ribera, eta Eguzki Irratiko programazioaren arduraduna. «Arrosa sarearengana jo dugu programazioa berritzeko, eta euskarazko eskaintza indartzeko», esan du.

Hiru saio berri ematen ari dira dagoeneko Eguzki Irratiaren uhinetan eta webgunean. Astelehenetan 19:00etan eta astearteetan 09:00etan, emakumeen inguruko Atalka saioa ematen dute. Emakumeek eginiko musika eta zinema, hezkuntza eta sexualitatea lantzen dituzte, besteak beste.

Kultur Kuboa saioa ostegunetan ematen dute, 08:00etan, eta, ostiraletan, 18:00etan. Kultura arloan zer entzun, ikus, eta irakur daitekeen jakinarazten die entzuleei.

Txuma Murugarren musikariaren Musibla saioa da Eguzki Irratiko programazioko azken berrikuntza. Asteartetan ematen dute, 22:00etan. Saioak musika eta hitza «orekan» eman nahi ditu. Eusal Herriko zein nazioarteko musika zabaltzen du, eta euskal musikari gazteak bultzatu nahi ditu.

Gutxiago, baina hobeak

25 saio daude Eguzki Irratiaren programazioan, eta horietako 12 Iruñean eginikoak dira. Gutxi dira historikoki, Riberak esan duenez. Irratigile beteranoak gogoratzen du 1980ko hamarkadan bazeudela 40 bat saio. «Edonola ere, bistan da, saio gutxiago izan arren, gaurkoak 1980ko hamarkadakoak baino askoz hobeak direla».

Riberak azaldu du Eguzki Irratiaren programazioan musika saioak beti izan direla nagusi. «Herri mugimenduaren tresna izatea da irratiaren bokazioa, alde batetik, baina beti eman nahi izan dio lekua mainstream-etik kanpoko musikari».

Programatzaileak nabarmendu du irratigintzak berak ere asko eboluzionatu duela. Gaur, aukera dago saioa nahieran entzuteko, eta esan du jendea horretaz baliatzen ari dela. «Neronek ere gero eta gutxiago entzuten dut uhinen bidez, eta gero eta gehiago zer entzun nahi dudan aukeratuta. Irratiaren etorkizunaren aldeko apustua da, hortik joango baita geroa». Bazkideak lortzeko kanpaina betean dago irratia; 500 eguzkide behar dituzte, Eguzki Irratiak iraun dezan. Lortu zituzten, baina 2008an hasitako krisiak gogor jo zituen, eta orain 420 inguru dituzte. «Beti gaude kolokan, baina beti borrokan», esan du Riberak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.