Astronomia

Eguzki sistemako laino geruzen egiturarik handiena aurkitu dute EHUko zientzialariek

Saturno ikertu dute, Cassini zundak bidalitako argazkien bitartez, eta Lurraren atmosfera ulertzen lagun dezaketen fenomenoak behatu dituzte.

Saturnoko hexagonoaren gaineko laino sistema. EHU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 8a
11:45
Entzun

Saturno ez da Lurra bezalakoa: gas bola erraldoia da, harririk gabekoa, Lurra baino hamar aldiz handiagoa. Hango atmosfera ikertzen aritu dira EHUko Planeta Zientzietako Taldeko ikertzaileak, eta eguzki sisteman inoiz behaturiko laino sistemarik handiena topatu eta deskribatu dute. Cassini zundak bidalitako irudiak erabili dituzte horretarako. Aurkikuntzak lagun dezake Lurreko atmosferan gertatzen diren antzeko fenomenoak ulertzen, ikertzaileen arabera.

Agustin Sanchez Lavega EHUko katedradunak zuzentzen duen taldeak «hexagonoa» deituriko fenomenoa nabarmendu du. Ezaguna da lehenagotik ere, NASAren Voyager 1 eta 2 zundek 1980. urtean aurkitu zutenetik. Planetaren ipar poloan dago egitura: uhin gisa mugitzen da, eta geometrikoa da, erregela batekin marraztutakoa ematen du.

Hexagonoaren barruan, orduko 400 kilometroko abiada har dezakeen haize laster bat dabil. Eta, halere, hexagonoa ia geldirik dago: ez da mugitzen planetaren errotazioarekiko. Zientzialarientzat beti harrigarria izan da egonkortasunaren eta mugimendu bortitz horren arteko itxurazko kontraesana.

Cassini zunda 2004tik 2017ra aritu zen argazkiak ateratzen planetari. Bereizmen handiko irudiak ziren: 1-2 kilometroko xehetasunak bereiz daitezke. Besteak beste, uhin hexagonalaren gaineko lainoak erretratatu zituen. EHUko ikertzaileek irudi horiek erabili dituzte, baita Hubble teleskopio espazialak bidalitakoak ere. «Cassini-ren irudiek bidea eman digute aurkitzeko hexagonoak gutxienez zazpi geruzako laino sistema bat duela gainean, sandwich bat balira bezala», esan du Lavegak. «Beste planeta eta sateliteetan ere badira laino geruzen sistemak –Saturnoren Titan satelitean eta Plutonen, esaterako–, baina ez dira horrenbeste geruza, eta ez daude horren erregularki tartekatuta».   

Geruza bakoitzak zazpi eta hemezortzi kilometro bitarte ditu lodian —bertikalean—, eta, tenperatura txikiak direla eta (120-180 gradu zero azpian), litekeena da izotz kristalez osatuta egotea, baina urezkoak ez izatea, baizik eta azetilenozkoak, propinozkoak, propanozkoak, diazetilenozkoak eta butanozkoak.

Santiago Perez Hoyos, Agustin Sanchez Lavega, Teresa del Rio Gaztelurrutia eta Ricardo Hueso, ikerketaren egileak. EHU

Ikertzaileek proposatu duten hipotesiaren arabera, hexagonoaren dinamikak berak sorturiko grabitazio uhinek antolatzen dituzte lainook. Lurrean ere gertatzen dira halakoak. Antzeko uhinak behatu dituzte Jet korrontea deiturikoan. Edonola ere, adierazi dute Saturnokoa kasu bakana dela eguzki sisteman, eta gehiago ikertu beharko dutela.

Lavegari Ikerketako Euskadi saria eman zioten 2016. urtean. Teresa del Rio Gaztelurrutia eta Ricardo Hueso irakasleak eta Santiago Perez Hoyos ikertzailea ere aritu dira lan horretan. 
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.