Dermatologoa

Aitor de Vicente Agirre: «Eguzkia hartzeko menpekotasunak dismorfofobia eragin dezake»

Tanorexia edo eguzkia hartzeko adikzioa «erreala» dela jabearazi nahi du Aitor de Vicente dermatologoak. Kontzientziazio lanaren beharraz mintzatu da.

Aitor de Vicente Agirre. JON URBE / FOKU
Aitor de Vicente Agirre. JON URBE / FOKU
2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguzki izpien eta gizakiaren arteko harreman zuzena gero eta handiagoa da, eta menpekotasuna, gero eta handiagoa batzuetan. Ehunka pertsona biltzen dira egunero Kontxa, Itzurun eta Hondarraitz hondartzetan (Gipuzkoa), eguzki izpi gehien nork hartuko. Eguzkia hartzearen menpeko bihurtu denik ere badago —tanorexikoak—, eta menpekotasunaren eta arriskuen inguruan asko du esateko Aitor de Vicente dermatologoak (Donostia, 1982). 

Tanorexia egiazko menpekotasun bat al da?

Zalantzarik gabe. Tanorexia eguzkia hartzeko zaletasuna da, gaixotasun garaikide bat. Badago beti gero eta beltzaranago egoten saiatzen denik, eta benetako adikzioa bihurtu da batzuentzat. Eguzkia hartze horrek onura edo ongizate sentsazioa ematen dio. Menpekotasunaren seinale da eguzkiaren kaltea ez ulertzea; izan ere, eguzkia gehiegi hartzearen kalteak hauek dira: azala zahartu egiten da, zimurrak eta orbanak sortu, eta azaleko minbizia garatu. 

Menpekotasun psikologiko hutsa da?

Ez. Alderdi psikologikotik, eguzkia hartzeko menpekotasunak dismorfofobia eragin dezake, eta ispilu aurreko irudia inoiz beltzaranegi ez dagoen irudia sortu. Hala ere, eguzkia hartzeak biologikoki baditu alderdi positiboak gorputzean; endorfina sortu eta odolera jariatzen du, adibidez. 

Nola tratatzen da tanorexia?

Alde batetik, prebentzioa dermatologoon esku dago. Nolanahi ere, gu ondorioak buru-belarri azaltzen aritu arren, menpekotasunak eragotzi egiten die eguzkia hartzeari uztea. Hain zuzen, gaixotasun psikologikoa eta psikiatrikoa ere izan daiteke, eta, beraz, jokabide terapiak eta antzeko baliabide psikologikoek lagun dezakete.

«Badago beti gero eta beltzaranago egoten saiatzen denik, eta benetako adikzioa bihurtu da batzuentzat»

Zer sentitzen duzu Kontxako hondartzan ehunka pertsona eguzkia hartzen ikusita?

Oraindik lan asko daukagu egiteko, jende gaztea hezteko bereziki. Elikaduraren inguruan ez ezik, osasunari dagokionez, eguzkiaren inguruko hezkuntza positiboa ere jaso behar dute, eguzkitan hainbeste ez egotea lortu nahi bada. Gizakiaren lehenengo hogei urteetan bizitza osoan jasotzen dugun eguzki izpien erdiak jasotzen dira.

Solariumeko izpiek osasun arazoak sor ditzakete?

Bai. Solariumetan A motako izpi ultramoreak erabiltzen dira. Izpi mota hori ere oso lotua dago minbiziarekin. Ondorioz, ezin dugu inolaz ere solariumen erabilera gomendatu, nahiz eta dermatologook izpi ultramoreak erabili azaleko hainbat eta hainbat gaixotasun tratatzeko. Halakoetan, noski, kontrolpeko dosiak baliatzen ditugu. 

Zer dira eguzki kremetako zenbakiak?

Indizea edota EBFa [eguzki babeserako faktorea] dira. Azal bakoitzak eguzkiarekiko tolerantzia desberdina du. Hala, adierazten dute zenbat aldiz biderkatzen duen azal bakoitzak eguzki izpiekin erretzeko behar duen denbora. Azal zurbileko pertsona bat eguzkitan hamar minutu pasatuta erretzen bada, 30eko faktorearekin 300 minutura luzatzen da babes denbora. 50ekoak denbora gehiagoz babestuko luke, baina berez ez dago hainbesteko aldea bien artean. Dena dela, oso garrantzitsua da krema eguzkitik babesteko behin eta berriz ematea, hezetasunak, urak eta izerdiak eraginik gabe uzten baitute krema.

Krema al da azala babesteko modu bakarra?

Eguzki izpietatik babesteko modurik egokiena itzalean egotea eta arropa janztea da. Azken finean, antzina gure aitona-amonek erabiltzen zutena da aproposena. Eguzkitan lanean aritzeko: txapela eta arropa aproposa. 

Zer gertatzen zaio azalari erretzen denean?

Azala erretzean, inflamazio bat sortzen da gainazaleko geruzan. Zauriak egiten ditugu azalean, eta DNA ez da gai izaten zelulak zaharberritzeko edota osatzeko. Zauri horiek behin eta berriz errepikatuz gero, zeluletako DNA alda daiteke, mutazioak sortu eta minbizia garatu.

Kontzientziazio lanez hitz egin duzu.

Bai. Harro egon behar dugu azken hamarkadetan jendearen kontzientziazioa asko handitu delako, baina lan asko egin behar dugu oraindik ere. Prebentzio planei eutsi behar diegu, eta, horren harira, hezkuntza garrantzitsua izango da aurrerantzean ere, bereziki umeentzat eta gazteentzat.

LOTSABAKO

Eguzkia ala euria?
Eguzkia.

Opor idealak?
Mendian.

Hondartza gustukoena?
Kontxa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA