Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen itzalean

Eguzkipeko doinuekin dantzan

Goiz-goizetik jende asko biltzen da egunero Aihotz plazan, jai giroan murgiltzeko. Trikiti doinuak, bertsolariak eta kontzertuak dira inor ez aspertzeko osagaiak.

Eguzkipeko doinuekin dantzan.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguzkia goiz-goizetik atera da Gasteizko kale eta plazak berotu eta beste egun batez jai giroan murgiltzeko. Aihotz plaza, hutsik, goizeko hamaika eta erdietan. Apenas dabilen jenderik. Hala ere, eguzkiak plaza goxo berotu bitartean hurbildu dira lehen festazaleak. Poliki-poliki hasi dira bazterrak betetzen, eta, heldu ahala, itzala bilatzeari ekin diote gehienek. Baita sagardo freskoa eskatzeari ere, horrek beroa uxa diezaien.

Aihotz plaza, hamabi eta erdiak. Ordurako bete da eguzkipeko enparantza. Geu euskara elkarteak orduantxe ireki du inguruko txosna bakarra, eta segituan ekin diote barra atzetik pintxoak eta sagardoak zerbitzatzeari. Une berean igo dira trikitilariak oholtza gainera.

Horrela esnatu zen atzo, jaietan euskal kulturaren txoko bihurtzen den Aihotz plaza. Trikitilariak izan ziren, beraz, lehenengo protagonistak; oholtzara igotzen aurrenak. Irati del Rio alboka eta pandero jotzaileak lagundu zituen Irune Arroita trikitilariaren doinuak. Ahots finez plaza girotuz, doinu lasaiak biziagoekin tartekatu zituzten. «Bosgarren aldia da hemen jotzen duguna, eta aurten ere oso gustura ibili gara», azaldu zuen del Riok. Hala ere, oholtzan emandako ordubetean «bero handia» pasatu zuten. Izan ere, aurten, murrizketak direla medio, «goiko karpa kendu dute», eta izerditan bukatu dute neskek.

Hori, baina, ez zen oztopo izanadin guztietako ikusleak trikiti doinuez gozatzera bil zitezen.

Ondoren, ordu bata eta erdiak pasatxo zirela, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak igo ziren taula gainera. Ordurako oholtza behean jarritako eserleku guztiak beteta zeuden, eta, beraz, plazaren zati handi bat hartu zuten bertsozaleek.

Librean aritu zen bikote gipuzkoarra, gai jartzailerik gabe. Hori erronka gisa hartu, eta doinu alaiz ekin zioten kantatzeari. Publikoa gerizpe bila ikusita, eguzkia bihurtu zen ahapaldi askotako protagonista. «Atrebituenak aterkiekin, japonesak bezalaxe», kantatu zuen Lujanbiok ikusleen algara bila, esaterako. Ordubete inguru aritu ziren bertsotan, eta ezin aipatu gabe utzi eguzkiaren berotik libratu ez zituen toldo hura. «Rekorte denak egiten ditu behar ez lukeen tokian», Egañak.

Plaza ertzean jarritako txosnak balio izan zuen han zeudenek beroa ahazteko, nola edo hala. Lehenengo aldia da Geu euskara elkarteko kideak txosna jartzera animatzen direna.

Esti Rodriguez elkarteko kidearen arabera, Aihotz plaza euskal kulturaren gordeleku bihurtzen da Andre Mari Zuriaren jaietan, eta, horri «bultzadatxoa emateko» asmoz erabaki zuten txosna han jartzea. Horrez gain, txosnaren helburua ere bada diru pixka bat lortzea. «Azkenaldian jasandako murrizketak» betetzeko eta autofinantzaketa aurrera eramateko aukera «aparta» zela iruditu zitzaien. Baita elkartea ikusarazteko eta kide berriak lortzeko ere.

Bazkaldu eta gero, umeen txanda iritsi zen. Blusa eta Nesken Batzordeak antolatuta, txikienek askotariko jarduerak eta askaria izan zituzten. Eta eguna bukatzeko, gauerdia heltzearekin batera, Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren kontzertuak hasi ziren, hurrenez hurren.

Gaur ere ez da aspertzerik izango. Herri Kirolen Andre Maria Txapelketa egingo baitute, bertsolarien aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.