Udako azken egunak antzera disfrutatuko ditu batek baino gehiagok: hondartzara joaten. Baliteke orduan eguzkitako kremaz akordatzea, baina litekeena da, era berean, bainujantziak erretiratzeko garaia heltzen denean beste horrenbeste egitea eguzkitik babesteko neurriekin. Alabaina, neurrioi urte osoan eustea da zuzenena, babestu ezean eguzkiak beti egiten duelako kalte, Arantza Gonzalez (Bilbo, 1973) Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko prebentzio arloko koordinatzaileak nabarmendu duenez.
Askotan, lotuta egoten dira uda eta eguzkitako krema: bata bukatzen denean, bestea erabiltzeari uzten zaio.
Hala da. Baina urte osoan babestu beharra daukagu eguzkitik. Izan ere, uste da jasotzen dugun erradiazioaren %60-65 udako hilabeteetatik kanpo jasotzen dugula. Egia da eguzkiaren erradiazioa indartsuagoa dela udan, baina pilatu egiten da. Ebidentzia zientifikoak demostratu du aire zabalean denbora gehiago egoten den jendeak —obretan lan egiten dutenak, lorezainak, lurra lantzen dutenak...— arrisku handiagoa daukala azaleko minbizia garatzeko, udako hilabeteetan ez ezik gainerakoetan ere pilatutako kalteagatik.
Udan argi dago: erredura bat izanez gero, kalte bat egon da. Neguan ez dago erredurarik, baina kaltea bai, ezta?
Beti esaten dugu: azalak memoria dauka. Normalean, eguzkitan asko egon ez den jendeak azala hobeto edukitzen du epe luzera: orban gutxiago izaten dituzte, azala ez dute hain lehorra... Azalak erradiazioa pilatzen du, eta gerora ondorioak agertzen dira; kasurik muturrekoenetan, minbizia.
Jendeak azaleko minbizia ez du heriotzarekin lotzen. Horrek prebentzioa zailtzen du?
Argi dago traba asko daudela. Azaleko minbiziak ez du hilgarritasun tasa handirik, baina intzidentzia oso handia da, eta handitzen ari da. Bestalde, erredurak eta gehiegizko esposizioa normalizatu ditugu: ez gaitu harritzen erredura bat izateak, ezta norbait hondartzan gorri-gorri ikusteak ere, nahiz eta saihestu beharreko arriskua izan. Eta, horrez gain, oraindik indarrean da beltzaran kolorearen ideal estetikoa; estatusarekin ere lotzen da. Gainera, komunikabideetan sarri gutxietsi egiten da gaia, desinformazioa zabaltzen dutenei ahotsa emanda. Dena den, ardura indibiduala dago, baina baita kolektiboa ere. Azken urteetan udalekin ari gara lanean, aurrekontu parte hartzaileen tresna erabiliz eremu gerizpetsuak sustatzeko, batez ere haurrak eta gazteak gehien ibiltzen diren lekuetan. Ez dute zertan egiturak izan: arbolak ipin daitezke.
Intzidentzia gero eta handiagoa dela esan duzu. Klima aldaketak ere zerikusia dauka? Eguzkia gero eta arriskutsuagoa al da?
Bai. Heltzen zaigun erradiazioa gero eta handiagoa da. Eta gure ohiturek ere eragina dute: ez dakit pandemiaren ondorioa den, baina orain saiatzen gara kalean gehiago egoten, gutxiago gustatzen zaizkigu leku itxiak.
«Udalekin ari gara lanean, eremu gerizpetsuak sustatzeko. Ez dute zertan egiturak izan: arbolak ipin daitezke»
Krema urte osoan eman beharra dago, baina ez da nahikoa, ezta?
Ez. Eguzkitik babesteko modurik onena gerizpean egotea da. Egia da ezin garela beti aterpetuta egon, eta beste neurri batzuk hartu behar direla. Hesi fisikoak erabil daitezke: kapela, kamiseta... Eta estali gabe geratu diren eremuetan krema ipini behar dugu, ahal dela urteko egun guztietan, ohitura gisa: hortzak garbitu edo krema hidratatzailea ematen den bezala, eguzkitako krema eman behar da etxetik atera baino lehen. Eta egun osoan kalean egongo bazara, tarteka berriz eman beharra dago.
Komeni da 50eko babesa duena erabiltzea urte osoan?
Bai. Zenbat eta babes handiagoa, orduan eta hobeto.
Ohitura bihurtu beharko litzatekeela esan duzu. Eta, hain justu, aurpegiko azala zaintzeko aholkuetan nabarmentzen dute zer garrantzitsua den krema egunero erabiltzea. Estetikari lotutako aholkuak izan ohi dira —orbanak eta zimurrak prebenitzea dute helburu—, baina, hala ere, dibulgatzeko balio dezakete?
Horrelako gauzak inportanteak dira. Frogarik argiena zera da: neguan krema erabiltzen baduzu, orbanak desagertuz joaten direla. Bidea estetika bada —osasuna beti apur bat baztertzen dugu eta—, edozein modutan jendea kontzientziatu dadila.
Estetikarekin lotutako mezuak eta edukiak, baina, emakumeei bideratuak izaten dira nagusiki. Generoak ere badu pisua azalaren zainketan?
Bai. Emakumeok gizonak baino gehiago zaintzen dugu geure burua, arlo guztietan, baina, batez ere, osasunari dagokionez. Bularreko minbiziari buruzko hitzaldiak egiten ditugunean, emakume ugari etortzen dira, baina baita prostatako minbiziaz hitz egiten dugunean ere. Izan ere, halakoetan, andreak haien senarragatik edo bikotekideagatik etortzen dira. Baina gizonak ez dira etortzen. Eta gizon batek eguzkitako krema erabiltzen badu, batez ere adin jakin batetik aurrera, emakume batek esan diolako erabiltzen du, normalean.
lotsabako
Eguzkitik babesteko leku bat?
Arbola baten azpian.Esprai kremak gomendatzen dituzue?
Espraia aerosola da, eta edukiaren zati bat gal daiteke. Babesten ari zara, baina agian ez behar beste. Gutxieneko bat eman beharra dago.