Krisi ekonomikoaren garaia zen, Alfontso XIII.a Espainiako erregearen monarkia eta Miguel Primo de Riveraren diktadura erori ziren, eta Espainiako II. Errepublika hastear zegoen. Jokaleku horretan, 1930eko maiatzaren 30ean, zera idatzi zuten La Voz de Guipúzcoa egunkariko Escenarios donostiarras atalean: «Miramar aretoak txalo bat merezi du zinema soinuduna Donostiara ekartzeagatik. Noticiario Fox número 19, Fox Movietone Follies eta La mujer del torero filmekin inauguratu du denboraldia. Zalantzarik gabe, zinema soinudunaren teknika, soinuen erreprodukzioari dagokionez, mirari bat da. Are, miragarria da soinuaren argitasuna. Hala ere, ingelesezko elkarrizketak oztopo serio bat dira, eta publikoarentzat amaiezinak izan dira eszena horiek».
Herritar gehienek ingelesez ez zekitela argi geratu den arren, kronikariak zinema soinudunaren teknika nabarmendu izana ez da kasualitatea. Bi hilabete lehenago, Viktoria Eugenia antzokian eman zuten lehen film soinuduna, eta, orduko kroniken arabera, «soinuak ez zuen publikoa guztiz ase». Areto horren lehiakide nagusiak —Miramar aretoak—, ordea, Western Electric etxearen proiektorea eskuratu zuen, «ahalegin ekonomiko nabarmena eginez», eta hala ekarri zuten «soinu argia» Donostiara.
Anekdota hori beste mugarri bat baino ez da SADE enpresaren historian. Duela mende bat eratu zen, eta, ordutik, Donostiako zinema areto nagusiak kudeatu ditu, gaur egun arte. «1925. urtean, hemen inguruko ekintzaile batzuk ados jarri ziren, eta zeuzkaten baliabideak eta enpresak elkartu zituzten SADE sortzeko. Batzuek zinemak eta frontoiak zeuzkaten, besteek zinemak, eta dena elkartu zuten SADE sortzeko», azaldu du Esteban Basterretxeak, SADEren zuzendari nagusiak.
1913an ireki zuten Miramar aretoa, 1914an Arte Ederrak jauregia —Euskal Herriko lehenengoetariko zinema jauregia—, 1922koa da Principe zinema aretoa, eta urtebete geroago zabaldu zuten Trueba antzokia. Horiek denak elkartu eta Petit Casino aretoa bereganatu ostean, SADE sortu zuten. Izena ez datorkio Sadeko markesetik: frontoi batzuen jabeak ere bazirenez, Sociedad Anónima de Deportes y Espectáculos izena jarri zioten enpresari —Kirol eta Ikuskizunen Sozietate Anonimoa—. «Garai hartan, haien irrika zen eskaintza hori hiriari zabaltzea. Ez zen erraza; norbaitek eduki behar izan zuen ideia hori. Eskaintza zabalagoa edukitzeko aukera zutela ikusi zuten, indarrak batu zituzten, eta hiriari gauza gehiago eskaini zizkioten. Indarrak batzeko arrazoi nagusia hori zen: eskaintza zabalago bat ematea», azaldu du Basterretxeak.
Pintxoaren jatorria
1936ko gerra garaiko eta frankismo luzeko zentsurak eragina izan zuen SADEren zinema aretoetan ere. Hala ere, munduan arrakasta izaten ari ziren filmak ere eman zituzten. Horietako bat Gilda izan zen. 1946an estreinatu zuten AEBetan, eta Charles Vidorrek zuzendu zuen; Rita Hayworth eta Glenn Ford ziren aktore protagonistak —1987an Donostia saria eman zioten Glenn Fordi, eta berriro eman zuten filma—. Elizak ohartarazi zuen arren film hori «moralki arriskutsua» zela, 1948ko urtarrilean estreinatu zuten Donostiako Miramar eta Arte Ederrak aretoetan.
Arrakasta itzela izan zuen; hainbeste, ezen gaur egun arte iraun baitu film horren izenak, Gipuzkoako hiriburuan ikur bat den gilda pintxoan. Ez dago argi nolatan jarri zioten izen hori, baina, Gildaren Egunaren antolatzaileen arabera, film horrek zerikusia izan zuen. Antza, 1940ko hamarkadan ekin zioten oliba, antxoa eta piperra txotx bati lotuta jateari; zehazki, Casa Valles tabernan, zeina gaur egun ere irekita baitago. Gizarte matxista horren lekuko da pintxoa, «berdea, gazia eta pixka bat pikantea» delako jarri omen ziotelako izen hori.
«Zinemaldiko filmak gure jendeak ematen ditu zinemetan, gure aretoetan egiten da, eta harreman oso estua daukagu historikoki. Harreman ona»
ESTEBAN BASTERRETXEASADEko zuzendari nagusia
Garai hartan eta ordutik aurrera, lehiakide gehiago izan zituen SADEk; izan ere, besteak beste Savoy, Actualidades, Novelty, Dunixi eta Amaya aretoak ere ireki zituzten. Zinema areto ugari zituen hiriak. 1961ean ireki zuen SADEk Astoria zinema aretoa, eta Donostiako Zinemaldiak hainbat urtez baliatu zuen 1962tik aurrera. Harreman horrek segitu du gaur egun arte, Basterretxeak azaldu duenez: «Kontratura joaten bagara, guk Zinemaldiari aretoak alokatzen dizkiogu beraiek jaialdia egin ahal izateko. Horren atzetik gehiago dago. Zinemaldiko filmak gure jendeak ematen ditu zinemetan, gure aretoetan egiten da, eta harreman oso estua daukagu historikoki. Harreman ona».
1962ko Zinemaldian, esaterako, Astoriak izan zuen zer esana. Ekainaren 9an proiektatu zuten, munduan lehen aldiz, John Hustonen The Night of the Iguana. Lehen proiekzioa Viktoria Eugenia antzokian egin zuten; han ziren Richard Burton, Ava Gardner, Deborah Kerr eta Sue Lyon, besteak beste. Emanaldi hori arratsaldean egin zuten, eta gauean Astorian errepikatu zuten; han ikusi zen historian bigarrenez.
Zinemaldia eta Hollywoodeko izarrak alde batera utzita, zinema aretoak ez ziren ezer izango ikus-entzulerik gabe. Horietako bat, fidela, Begoña del Teso kazetari eta zinema kritikaria izan da: «Orduan zegoen dibertsio bakarra zinema zen. Orain estimulu asko daude. Lehen, zinemara joaten ez bazinen, zer egiten zenuen?».
«Programa desberdinak ziren. Sarrera hartzen zenuen, eta arratsalde osoa pasatu zenezakeen filmak ikusten. Beraz, askaria eraman behar»
BEGOÑA DEL TESOKazetaria eta zinema kritikaria
Zinemara joateko modua ere desberdina zen, azaldu duenez: «Nik Trueban, esaterako, askaldu izan dut. Izeba nuen Truebaren aurreko taberna bateko sukaldaria, eta ganbak hartu izan ditugu Trueban. Programa desberdinak ziren. Sarrera hartzen zenuen, eta arratsalde osoa pasatu zenezakeen filmak ikusten. Beraz, askaria eraman behar».
Gogoan ditu zinemazaletasuna bultzatzen zuten apaizak, eta baita zineklubak ere: «Groseko zineklubean ibiltzen nintzen, eta filmak paretan jartzen ziren. Sekula zuria ez zen paretan. Auzo elkartearen egoitzan egiten zen. Bilerarik ez zegoenean, pankartak pintatzen ari ez ginenean, zinekluba».
Jatorrizko bertsioa
Zinema aretoetan dena gaztelaniara bikoiztuta ikusten zutela gogoratu du: «Mayfair lady buruz dakit. Lehen, musikalak bikoiztu egiten ziren. La lluvia en Sevilla es una maravilla. The rain in Spain stays mainly in the plain. Hain zen normala… Oso berandu etorri zen jatorrizko bertsioa! SADEk urteak behar izan ditu, e!».
Sarrera saltzaileen rola ere nabarmendu du: «Sarrera saltzaileek bazuten botere puntu bat. Beti saiatzen ginen haiekin ondo moldatzen. ‘Gordeko dizut sarrera [Pier Paolo] Pasoliniren hori ikus dezazun…’. Garibai kalean zegoen Actualidades aretoan amari ez zioten sarrera saltzailearen postua eman, ezkongabea zelako».
Mundu hori dena desagertuz joan da, eta horren lekuko izan da SADE ere. «Garai batean 6.000 eserleku baino gehiago eskaintzen ziren Donostian, eta gaur egun, erdiak baino gutxiago», azaldu du Basterretxeak. Itxi zuten Arte Ederrak, desagertu zen Petit Casino —areto bat baino gehiagoko lehen zinema izandakoa—, eta baita Astoria —zazpi areto ere izan zituen— eta Miramar ere. Segitzen dute, ordea, Principe, Trueba eta Antiguo Berri zinema aretoek. «Internet eta beste alternatiba batzuk daudelako izan da beherakada, eta azken urteetan beste abiadura bat hartu du. 2019ko eta 2025eko datuak alderatzen baditugu, %30 gutxitu dira ikusleak, gutxi gorabehera», Basterretxearen arabera.

Euskarak, berriz, zer leku eduki du ibilbide horretan guztian? «Gure zinemetan saiatzen gara euskarazko programazioari eusten. Betikoa: oreka, eskaintzaren eta jendea etortzearen artean. Ezin dugu jarri film bat, jendea ez bada etorriko», erantzun du Basterretxeak. Del Tesok gogoan du, adibidez, urte luzeetako lehortearen ostean Aupa Etxebeste-k 2005ean izan zuen arrakasta: «Fenomeno bat izan zen!». Gaur egun, dena dela, Donostian estreinatzen diren filmen %7 inguru baino ez dira euskaraz, SADEren arabera.
Ehun urte hauetan SADEk egokitzeko izan duen gaitasuna nabarmendu du Basterretxeak. Adibidez, Astoria zinema aretoa zegoen lekuan hotel bat dago, SADEk Parte Zaharrean beste bat du, eta Arte Ederrak jauregia zegoen tokian beste bat eraikitzen ari dira. «Hemendik ehun urtera hemen jarraitzea espero dugu. Eskainiko dugu jendeak eskatzen duena, eta horretara moldatuko gara. Zinemak jarraituko du? Gure esku dago, ikusleon esku».
Del Tesok zinemari ikusten dio etorkizuna, baina ez daki zein formatutan gozatu ahalko den: «Nostalgiko izateak ez du ezertarako balio. Gauzak desagertzen dira, jendea desagertzen da, bizitzak aurrera egiten du, eta zergatik egingo dut negar desagertutako aretoengatik? Etxeko ordenagailuan filmarekin sortzen dudan harremana, berriz, oso estua da. Niretzat zaude, eta nirekin ari zara».
Arte Ederrak, arte askoren plaza
Arte Ederrak jauregia urte luzez itxita egon ostean, SADE eraikin hori hotel bihurtzeko lanetan ari da. Hilton katearekin frankizia hitzarmen bat egina du. Horrek kritika ugari sortu ditu, baina Basterretxeak nabarmendu du ondare arkitektonikoa errespetatuko dutela: «Denei gustatzea ezinezkoa da, baina nik uste dut orokorrean hiriari gustatuko zaiola egiten ari garena».
Balio artistiko eta arkitektoniko nabarmena du eraikinak, eta, zinema aretoa izateaz gain, Donostiako Orfeoiaren egoitza eta Euskadiko Orkestraren entseguetarako oholtza ere izana da. 1914an ere, ireki zutenean, filmak ez ezik, ohikoak izan ziren Arte Ederrak jauregiko musika emanaldiak eta mitin politikoak ere.
Bertsolaritzak izan du bere lekua eraikin horretan, eta ez edonolakoa. Joxan Goikoetxea musikagileak sakon ikertu zuen Columbia diskoetxeak ateratako Txirrita y Asteasu diskoa, bertsolaritzari buruz historian egin den lehena, eta jakin zuen Arte Ederrak jauregian grabatua izan zela. Hain zuzen ere, 1926ko San Tomas egunean bertso saio garrantzitsu bat egin zuten han, eta hura grabatu egin zuten. Goikoetxeak beste misterio bat ere argitu zuen: ikerketen ondorioz jakin ahal izan zuen Asteasu hura Jose Migel Vitoria Anbuerri asteasuarra zela.
Beraz, historian grabatutako lehen bertsoak gerora Hilton hotela izango zen eraikinean bota zituzten Txirritak eta Anbuerrik.