Gernikako bonbardaketaren75. urteurrena oroitzeko asmoz, Donostiako Nomada tapiz dendak Picassoren Gernika koadroan oinarritutako alfonbra bat diseinatzeko enkargua egin zuen. Lana Koldobika Jauregi eskultorearen esku utzi zuten, eta, zirriborroa bukatu ostean, Nepalera bidali zuten, han ehundu zezaten. Guztira, zortzi hilabeteko lana izan da.
Tapizak Picassoren lanarenneurria du (777x349 zentimetro), eta Tibeteko artilearekin osatu dute. Zehaztasunaren kontuan argi ibili behar zela azaldu du Jauregik: «Ez da gauza bera margo bidez egitea edo josiz joatea». Hala, artistak jakinarazi du zentimetro koadroko ehun korapilo behar izan dituztela alfonbra egiteko: «Zehaztasun oso handia da; normalean ez da horrelakorik egiten», adierazi du. Ale handiarekin batera, beste bi tapiz txikiago egin dituzte, 388x175 zentimetrotakoak.
Tapiza sinbolismoz beteta dagoela adierazi du egileak. «Nire erreferentzia Picassorena izan da; eraikuntzari eta proportzioei begira, nahiko berdintsua da; baita berak erabilitako Goyaren koadro batena ere: Maiatzaren 2ko fusilatzeak», adierazi du. Irudiari begira jartzean, alde batean irudi beltzak dira nagusi, eta bestean, berriz, etxe batzuk agertzen dira bakarrik. Horietan, sugarrak goraka joan beharrean, etzanda doaz, Jauregik jakinarazi duenez: «Napoleonen soldaduen erreferentzia moduan».
Horrekin guztiarekin batera, beste sinbolo batzuk aurki daitezke zazpi metroko zabalera duen alfonbra horretan. Picassoren koadrotik, zaldiaren erreferentzia moduan, zaldiaren burua hartu du, baita horretan agertzen diren ama eta haurra ere.
Obraren erdian, berriz, originalean ardia agertzen den moduan, artista gipuzkoarrak zen zirkulu bat jarri du, pantokrator baten barnean sartuta. Elementu hori erromatarrek erabilitako irudi sinboliko bat dela jakinarazi du egileak: «Horietan, barnean beti jainkoak sartzen ziren, munduaren sortzaileak balira moduan».
Zirkuluaren azpiko aldean, berriz, hildakoak jarri ditu, «hasieraren eta bukaeraren errepresentazio gisa».
Zortzi hilabeteko lana
Zortzi hilabete luze behar izan dituzte lana bukatzeko. Jauregik azken zirriborroa bukatzean, irudia Nepalera bidali zuten, hango tibetar errefuxiatu batzuek ehuntzeari ekin ziezaioten. Gauzak horrela, haiek diseinua interpretatu, ehungailua prestatu, beharrezko koloreak tindatu eta, azkenik, tapiza ehundu zuten, eskuz.
Koldobika Jauregi harritu egin zen bere diseinua alfonbran josita ikustean: «Ikaragarria da zelako tamaina duen». Hala ere, aitortu du egiteko prozesuan bertan egon izan balitz akaso tonu batzuk aldatuko zituela; dena dela, gaineratu du ez dela erraza: «Ez da gauza bera tonu bat aldatzeko esatea eta hori nola lortu jakitea, ez delako margo arruntak bezalakoa: josita lortu behar da». Dena den, gauza horiek alde batera utzita, adierazi du lana ona dela eta pozik dagoela.
Ehundutako 'Gernika' berria
Sinbolismoz betetako tapiz bat diseinatu du Koldobika Jauregik, bonbardaketaren 75. urteurrena oroitzeko asmoarekinPicassoren koadroa izan du oinarri, eta alfonbrak haren tamaina bera du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu