Ehun artean aritua eta aditua da Marya Hermoso (Gasteiz, 1973). Material ezberdinak erabiltzen ditu tapizak, bufandak eta xalak egiteko. Ozetako (Araba) Garaion Sorgingunean egongo dira ikusgai bere lanak, Denboraren Harira erakusketan. Zuntz naturalarekin lan egiten duten beste 11 emakume artistaren lanak ere ikusgai egongo dira bertan, azaroaren 25era arte.
Enpresa Ikasketak egin zenituen, eta, gero, Arte Ederrak ikasten hasi zinen. Nolatan erabaki zenuen jauzi hori egitea?
Betidanik gustatu izan zaizkit Arte Ederrak. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zergatik egin nituen enpresa ikasketak. Garai haietan esaten zuten Arte Ederren ikasketek ez zeukatela irteerarik, eta egun ere hori diote. Geroago, Gasteizko Arte Eskolan zerbait egiten hastea erabaki nuen; ohikoenak ziren kurtsoetan apuntatu nintzen. Egun batean, ehunen tailerrean sartu, eta maitemindu egin nintzen.
Ehun artea ez da ohiko teknika.
Niretzat, hori da arazorik handiena. Hemen ehun artea ez dago beste diziplina bat legez kontsideratuta, ikusi besterik ez dago eskoletan zein arlo irakasten dituzten. Ehungintza ez da diziplina artistikotzat hartzen; ezagutuz joan ahala, konturatzen zara ehun artearen arloangauza ugari egin daitezkeela.
Tapizak egiten hasi zinen. Zein teknika erabiltzen duzu?
Ehungailuarekin hasi nintzen lanean, eta, gero, feltroekin. Egun, bufandak eta xalak ere egiten ditut. Halere, tapizak egiteko erabiltzen dudan teknikaren izena nuno da. Zetazko ehun baten gainean artileak jartzen dira. Urarekin eta xaboiarekin materiala birrindu egiten da, eta, zuntzak elkarri lotu arte, igurtzi egiten da; hala, feltro izeneko ehuna sortzen da. Gero, orratz batekin artilearen zuntzak ziztatu, eta nahi diren marrazki, forma eta bolumenak sortzen dira.
Eskultura bat ere egin duzu: Berpizten.
Hasieran, lehiaketa baterako egin nuen lana izan zen, eta paretari itsatsita egon behar zuen tapiz antzeko bat izan behar zuen. Baina, sortzen hasi, eta emakume baten eskultura egin nuen. Berpizten ari den emakume bat da, beti aurrera egingo duena. Emakumeok beti aurrera egiten dugula adierazi nahi izan nuen, eta borrokalariak garela. Horretarako, lau urtaroak adierazi nituen eskulturan, eta koloreak ere horien arabera txertatu nituen. Egiten sortzen dira gauzak.
Eta gauzak egin ahala sortzen al dira ideiak?
Feltroa lantzen ikasi nuenean, koloreak asko gustatzen zitzaizkidan. Gasteizko Arte eta Lanbide eskolako irakasle zen Puy Diaz de Tuesta. Ezagutzen dudan ehun artistarik handiena da, eta hari esker nago hemen. Friedensreich Hundertwasseren liburu bat erakutsi zigun. Maitemindu egin nintzen hark erabilitako koloreekin eta materialekin, baita natura ulertzeko zuen moduarekin ere: naturari kendutako guztia itzuli egin behar zaio. Hasieran, bere lanetan oinarritu nintzen, baina, egun, paisaiak egiten dihardut, esperimentatzen nabil.
Erakusketak ere egin dituzu. Zaila al da arte mota honetako erakusketak egitea?
Normalean, erakusketa bateratuak egin izan ditugu, Diaz de Tuestarekin eta eskolako kideekin batera. Leku bat edo beste izan, zailagoa edo errazagoa izan daiteke erakusketak egitea. Esaterako, Gasteiz leku zaila da erakusketak egiteko.
Sariak ere irabazi dituzu.
Duela urte batzuk, Blas Arratibel saria eman zidaten, Arabako Foru Aldundiak antolatutakoa. Aurten, berriz, Jaengo [Espainia] eskulangintza lehiaketa batean, tapizen eta ehunen modalitatean, lehen saria eman didate. Artilearekin eta feltroarekin marraztutako pasaia baten lanarengatik eman didate saria.
Egunotan Garaionen daude zure lanetako batzuk. Garrantzitsuak al dira halako proiektuak?
Azkenean, ekimena beharrezkoa da. Garaioneko emakumeek izugarrizko ekimena izan dute; izan ere, interesgarria da ehun artea ezagutaraztea. Erakusketan parte hartzeko deitu, eta ez nuen baietz esateko dudarik izan.
ATZEKOZ AURRERA. Marya Hermoso. Eskulangilea
«Ehungintza ez da diziplina artistikotzat hartzen»
Hermosok Gasteizko Arte eta Lanbide eskolan eman zituen lehen pausoak ehun artean. Zuntz naturalak erabiltzen ditu artea sortzeko. Ozetan daude ikusgai bere lanetako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu