Ipar Korea gaitzat hartuz, herrialde horretatik kanpo ikus daitekeen erakusketarik handienetakoa dugu egun hauetan Bilboko Alondegian. «Ipar Korearen inguruko informaziorik apenas iristen den; beraz, euren kultura, egunerokotasun eta hiritarren egoeraren inguruan ere ez dakigu ezer askorik», dio Menene Gras Asia Etxeko kultura arduradun eta erakusketako zuzendariak. Hori guztia erakusteko asmoarekin, 164 kartel, 28 pintura, 27 film dokumental, eta zortzi fikziozko film ekarri dituzte Bilbora.
Ipar Korea: historiaren zama erakusketan, herrialde horrek sei hamarkadetan garatu duen grafismoa ikus daiteke. 1953an Koreako gerrako armistizioa sinatu zenetik 2004ra arteko kartelak daude erakusgai. «Gaur egun, oraindik ere Ipar Korean kartela komunikatzeko beste iturri bat da», Grasek dioenez. Herrialde komunistetan informatzeko bide ohikoak ziren kartelak, eta Koreako gizartean oraindik ere era horretan heltzen dira herritarrengana. Informazioa emateko moduak ez du garatzeko beharrik izan sei hamarkada hauetan, eta grafismoak ere ia ez du bilakaerarik ezagutu denbora tarte horretan.
Errealismo sozialistan oinarritzen da kartel horien estetika, bere garaian Sobietar Batasuna, Txina, Vietnam edo Espainiako Errepublikek erabili zituenak bezalaxe. Hala ere, errealismo sozialistaren inguruko estetika badaramate; herrialdeko baldintza historiko eta kulturalen gaineko ezaugarriak ere azaleratzen dituzte. Koreako pintura tradizionalarekin, kaligrafiarekin eta tintarekin batera, Ipar Koreako kartelgintzaren banakotasuna erakusten dute.
Kartelak lortzeko, bide zaila
Ipar Korearen inguruko erakusketa hau antolatzea, ordea, ez da batere lan xamurra izan. «Herrialde horretako erakundeekin harremanetan jartzea lan nekeza izan da, trabaz beteriko negoziazioak izan baitira». Erakusketako materiala biltzeko bertara bisitan joan zen Gras; «hasieran Ipar Korean Bartzelona futbol taldearen inguruko erakusketa bat antola nezan eskatu zidaten». Baina Grasek ez zuen baldintza hori onartu, eta, azkenean, egoskorkeriaren ondorioz, bertara joatea lortu zuen.
Behin han zegoela, Grasek pinturen inguruko interesa erakutsi zuen, eta horiek hona ekartzeko bitartekaritza egiten hasi. Pintura horiek karteletako estetika imitatzen dute; kartela egiteko prozesuaren lehen pausoa da, hain zuzen ere. Horregatik ekarri dituzte pintura horiek erakusketara .
Kartelak, bestetik, bilduma pribatu batetik lortutakoak dira. Ou Nang txinatarrak urte askoan Ipar Koreako kartelak bildu ditu, 1954tik hasi eta 2004ra arte, hain zuzen ere. «Haren aitak Pekinetik Piongiangera egiten zituen bidaietan, kartel horietako ale bi eramaten zituen etxera», Grasek adierazten duenez. Aitak bezala, Nangek berak ehunka kartel eraman zituen Ipar Koreatik Txinara, era horretan bere bilduma pribatua handituz.
Ikus-entzunezko sorta
Material grafiko horren osagarri gisa, hainbat dokumental ere ekarri dituzte Asiako herrialdetik. Film horiek askotarikoak dira: desfile militarrei buruzkoak, aberriaren lider eta aita denaren bizitza kontatzen duen bat, Piongiango hiri eta arkitektura paisaiari buruzko bat, emakumeen futbola erakusten duen beste bat... eta Arirang izenez ezagutzen den urteko jai garrantzitsuenaren inguruko bideo emanaldiak ere egongo dira.
Dokumental horiek emateaz gain, zinema zikloa ere antolatuko dute Alondegiko film aretoetan, Ipar Koreako hainbat pelikulekin. Horien artean egongo da 2006ko Cannesko Zinema Jaialdian aurkeztutako Ikasle baten egunkaria filma.
Azkenik, Menene Grasek Ipar Koreako historiaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du, datorren asteazkenean, 19:30ean. Ekainaren 8an (19:30), berriz, Josep Manuel i Españeira UABko irakaslearen hitzaldi bat izango da.
Ehunka kartel Ipar Korea ezezaguna gerturatzeko
Ipar Koreari buruz egindako erakusketarik handienetakoa Bilboko Alondegira iritsi da, eta ekainaren 29ra arte ikusi ahal izango daKartelez gain, hainbat dokumental eta fikziozko film ere eskainiko dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu