«Gizartearen aniztasuna telebista publikoan bermatzeko», Aralar alderdiak «ararteko kargu egonkorra sortzeko» proposamena egin du Eusko Legebiltzarrean. Gaur egun arartekoa badago EITBn, baina administrazio kontseiluko kideen artean txandaka betetzen da ardura, hiru hiletik behin. «Arartekoa izan dadila kargu egonkor bat, euskal irrati-telebistan eginkizun jakina, aurrekontu jakina eta bitarteko jakinak dituena», proposatu du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak.
Aralarrek zuzenketa egin zion 2011ko aurrekontuetan jasota zetorren ETBren memoriaren testuari. Testuak honako hau jasotzen zuen: «Euskal Gizartearen Zerbitzurako Aldaketa Demokratikoaren Oinarriak akordioaren funtsezko alderdi bat garatu ahal izan du ETBk». Zuzenketaren kontra egin zuten PSEk eta PPk, eta, hura ikusirik, Aralarrek galdera bat egin zion EITBren zuzendaritzari, jakin nahian ea testu horrekin bat datorren ala ez. Basabek azaldu duenez, galderari oraindik ez diote eman erantzunik. «Baina ikusi izan dugunez, irrati publikoan elkarrizketatu dute Batasuneko buruzagirik; telebista publikoan, berriz, ez». Beraz, Aralarrek zalantza egiten du «ideologizazio horrek» indarrean jarraitzen ote duen. «Argi dago gehiengoak errespetatzea edozein hedabide publikoren eginkizuna dela, baina hedabide publiko batek aniztasunaren errespetua zor dio gizarteari».
Aralarren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak Nafarroarekin elkarlana izatea eskatu du,RTVEk euskal irrati publikoa egiten duenerako.
EITBrentzat ararteko kargu egonkorra eratzea proposatu du Aralarrek
Hedabide publiko batek gizarteari aniztasunaren errespetua zor diola adierazi du Mikel Basabek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu