Ekaingo bitxiak zilarretan

Ekaingo kobazuloko zaldi bat eta bisonte bat hartu ditu inspirazio Eguzkilore bitxi markak Ekain Fundazioarekin batera aurkeztu duen bere azken bildumarako.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskal mitologiako eta ohituretako sinboloak lantzeko hautua egin du Eguzkilore bitxi markak bere ekoizpenetan. Hain zuzen, etxea babesteko ate nagusian zintzilikatzen den lorea ikur hartuta egindako bildumarekin, Zuluaga familiaren markak arrakasta handia izan du, eta, hala, Galdakaoko Zuluaga izeneko lehen saltokiaz gain, beste hiru denda ere badituzte jada, Eguzkilore markapean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ez dira, ez, denda berriak zabaltzeko garai onenak hauek, eta halaxe uste du Igotz Zuluaga Eguzkiloreko gerenteak ere, baina Iruñean, «edo Nafarroako beste tokiren batean, zergatik ez», beste Eguzkilore bitxidenda bat zabaltzeko ideia buruan izan, badute.

Helburu hori burutu artean, bitxi eta ikur berriak zein izan daitezkeen pentsatzen eta prestatzen jarraitzen dute Ander eta Igotz Zuluaga anaiek, Ixidor eta Maria Eugenia gurasoen gidaritza eta aholkupean. Aitak erretiroa hartuta, Ander da orain maisu bitxigilea. Ez nolanahikoa, gainera: platinoa lantzeko titulua duen maisu bakarra da Euskal Herrian. Maila hori lortzeko zortzi urteko ikasketak osatu behar izaten dira.

Oraingo honetan, lehen begiratuan ezagunak egiten diren bi ikur bihurtu ditu bitxi Eguzkilorek, lau pieza ezberdineko bilduma osatuz. Nola ez da ba ezaguna egingo Ekaingo kobazuloan pintatutako zaldia? Hain zuzen, bi koloredun zaldiaren pintura hori hartu zuen oinarri fundazioak Ekainberriko erreplikaren logotiporako. Han bezala, zilarrezko bitxian ere zaldiaren marra batzuek Ekain izena osatzen dute. Izan ere, Ekain Fundazioko arduradunekin adostasunean ekoitzi eta merkaturatu ditu Eguzkilorek bitxi hauek, eta Ekainberrin bertan ere salgai izango dira.

Zuluagak azaltzen duen moduan, bi urte badira Ekaingo arduradunei ideia aurkeztu zietela: «Santimamiñekin inspiratutako zerbait ere egin nahi genuen, baina ez zegoen horretarako solaskide zuzenik, Ekaingo irudiak atera ahal izateko, aldiz, bai». Kobazuloaren erreplikara egindako bisiten ondoren sortu ziren lehen zirriborroak, eta proposamen horien gainean iritzi ezberdinak bildu, eztabaidatu eta adostu behar izan zituzten egitasmoko partaide guztien artean. Ezer baino gehiago «irudi modernoko bitxiak» izatea hartu zuten helburu. Zaldiaren irudia zintzilikarioan edo larruzko kordela duen eskumuturrekoan eros daiteke. Zilar dirdiratsuan daude eginak biak.

Baina zaldiarenak bakarrik ez, Ekaingo kobazuloko bisonte baten pinturan inspiratutako bitxiak ere egin ditu Eguzkilorek, Ekain Fundazioarekin elkarlanean. Bi zintzilikari dira, bat marra soilekin irudikatutakoa, eta bestea, betea. Horiek biak ere zilarrean egindakoak dira. «Modan dago zilarra», aitortu du Zuluagak. Gainera, adibidez, urrean egin izan balituzte «prezioa hirukoiztu egingo zen». Bitxion salneurria ere Ekain Fundazioarekin adostuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.