Zientzia

Eklipsea bera baino ezohikoagoa

Hurrengo igandean eklipse hibrido bat izango da; mota honetako azken gertakari astronomikoa duela zortzi urte izan zen, eta oraingoan, Ozeano Atlantikoa eta Afrikako ekuatoreko herrialdeak zeharkatuko ditu.

Hasieran anular moduan agertuko bada ere, nagusiki eguzki eklipse osoa izango da igandean ikusiko dena. ELIXABET EPELDE.
Amaia Portugal.
Donostia
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egun eguzkitsu bat, demagun, Afrikako sabanan. Eta bat-batean, ezustean, gaua: izarrak agertu dira zeruan, txoriek kantatzeari utzi diote, eta lehoiak ehizara doaz. Gaua da, baina ez luke izan behar. Eguzki eklipsea da.

«Hain da ikuskizun zirraragarria, harrapatu egiten du jende asko. Badaude eklipse ehiztariak, munduan zehar bidaiatzen dutenak horien bila», esan du Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak. Maleta prestatzen ariko dira batzuk oraintxe, datorren igandean izango baita aurtengo azken eklipsea.

Gizakion ikuspuntutik, ez da baldintzarik onenetan gertatuko, eklipsea gozatzeko tarterik luzeenak Ozeano Atlantikoaren sakonean emango baitira. Amaitzeko bidean dagoenean besterik ezingo da lurrazaletik bete-betean ikusi, ekuatorean dauden Afrikako herrialdeetan. Baina igande honetakoak badu oso berezi egiten duen zerbait: eklipse hibrido bat da, eta eguzki eklipse guztien artean %5 inguru baino ez dira hibridoak izaten. 2005ean izan zen azkena.

Bi eguzki eklipse motak bat egiten dutenean esaten da hibridoa edo mistoa dela; eklipse beteak eta anularrak dira bi mota horiek. Ilargiaren orbitak ez du zirkulu perfektu bat osatzen, eta horrenbestez, satelitea eta Lurraren arteko distantzia ez da beti berdina. Ilargia, noski, handiago ikusten da Lurretik gertuago dagoenean, eta halakoetan eklipsea gertatuz gero, erabat estaltzen du eguzkia lurtarron begietan. Eklipse osoa da hori. Ilargia gure planetatik urrutiago badago, ordea, txikixeago ikusten dugu, ez eguzkia erabat estaltzeko moduan. Halakoetan eklipsea gertatzen denean, suzko eraztun moduko bat begiztatzen da zeruan: ilargia eguzkiaren barruan dago, ez du erabat estali, eta ondorioz eguzkiaren kanpoaldea ikusten da. Eklipse anularra da.

«Lurretik, ilargia eta eguzkia berdintsu ikusten ditugu tamaina aldetik. Kasualitatea da. Greziar klasikoek bazekiten hori, eta kalkulatu zuten, berdintsu ikusten baziren, ilargiak eguzkiak baino 400 aldiz gertuago egon behar zuela, eta eguzkiak 400 aldiz handiagoa izan behar zuela, beraz», azaldu du Jauregik. Baina nola gertatzen da eklipse hibridoa? Zergatik egiten dute bat eklipse osoak eta anularrak fenomeno bakar batean? «Gerta daiteke, igande honetako kasuan bezala, ilargia erdi bidean egotea Lurrarekiko duen distantziaren aldetik. Horrelakoetan, eklipsearen zati bat anularra da, ilargiak ez baitu eguzkia osorik estaltzen toki batzuetan, baina beste batzuetan bai, eta horietan osoa da».

Anularretik osora

Zehazki, igande honetako eklipsearen lerroa Ozeano Atlantikoan hasiko da; Jacksonville (Florida, AEB) hiriaren parean, mila kilometro inguru ekialdera. Euskal Herrian eguerdia eta han egunsentia denean gertatuko da, eta hasierako une horietan bakarrik izango da anular motakoa. Segundo batzuetako kontua besterik ez da izango, ilargiaren orbitak Lurretik gertuago jarriko baitu berehala. Eklipse lerroa Bermuda irlen azpitik pasatzerako osoa izango da jada.

Ozeanoa zeharkatu, eta oraindik itsasoan, Liberiatik 330 kilometro hego-mendebaldera dagoenen puntuan, izango du lerroak bere une gorena. Hor, Euskal Herrian gutxi gorabehera 13:45 direan, minutu bat eta 39 segundo iraungo du fenomenoak. Handik aurrera, hain zuzen ere Gabongo kostaldetik Afrikan lur hartzear dela, murriztu egingo da pixkanaka. Lerroak ekuatorearen paretik egingo du ibilbidea kontinentean, harik eta Somaliako kostaldean amaituko den arte, bertako altitudearen arabera eguzkiari gordetzeko ordua egokitzearekin batera.

Alde horretatik, hibridoen artean ere, igandeko hau bereziki bitxia da. Normalean mota honetako eklipse mistoak anularretik osora igarotzen dira, baina lerroaren bukaeran anular motakoak izatera igarotzen dira berriz. Kasu honetan, baina, hasieran eta oso tarte txiki batean bakarrik egongo da ilargia Lurretik pixka bat urrutiago.

Oso toki eta une gutxitan izango da, beraz, fenomenoa bete-betean eta lurrazaletik ikusteko aukera. Hori bai, eklipse lerrotik gora eta behera, askoz ere lurtar gehiago izango dira hura modu partzialean behintzat ikusteko aukera izango dutenak: amerikar kontinentearen ekialdeko kostaldearen zati handi batean, Karibeko uharteetan, ia Afrika osoan eta Europako hegoaldeko gune batzuetan, esaterako. Euskal Herria iparraldeko muga-mugan dago eklipsearen eraginpeko tokiei dagokienez. Zerura begiratuz gero, sumatu ere ez da egingo.

Oraingoan ez, baina datorren hamarkadan izango da guretik eguzki eklipse bat ia bere osotasunean ikusteko aukerarik. Hala azaldu du Iruñeko Planetarioko Fernando Jauregik: «2026ko abuztuaren 12an, Kantauri itsasoko kostaldetik ikusiko den eklipse oso bat izango dugu. Eta 2027ko abuztuaren 2an izango den eklipsean, lerro nagusia Gibraltargo itsasartetik igaroko da». Mila kilometro eskasera izaki, kasu horretan ere ikuspegia bikaina izango da, eguraldia lagun izanez gero.

Aurten, bestalde, bost eklipse izango dira guztira. Horien artean bi baino ez dira eguzki eklipseak: maiatzaren 10ean izan zen anular motako bat, eta datorren igandean gertatuko den hibridoa. Datorren urtean ez da eguzki eklipse osorik izango; anular bat eta partzial bat, ez besterik.

Sarean ikusteko aukera

Igandeko eklipsea etxetik ikusi nahi duenak ere izango du horretarako aukera. Izan ere, Gloria astronomia proiektuko kideek zuzeneko emanaldia egingo dute Kenyatik.

Europako eta Txileko zenbait unibertsitate eta behatokitako kideek osatzen dute Gloria izeneko proiektua. Teleskopio robotikoen bidez unibertsoari buruzko informazioa biltzen dute bertan parte hartzen duten lagunek, gero Interneten publiko egin eta nahi duen edonork datu mordo hori aztertzen eta deskodetzen lagundu dezan.

Kasu honetan, espedizio bat antolatu dute Kenyako Turkana parke nazionalera. Eklipse lerroa bere ibilbidearen bukaera aldean igaroko da bertatik, eta fenomenoak 15 segundo besterik ez du iraungo han. Hala ere, proiektuaren arduradunek toki hau aukeratu dute, eguraldi ona iragarrita dagoelako eta logistika aldetik beste toki batzuetan filmatzea eta lan egitea baino errazagoa delako. Miquel Serra-Ricart espedizio buruak esan duenez, irudi ikusgarriak biltzea espero dute, eguzkia bere hamaika urteko ohiko aktibitate zikloa bukatzear baitago une honetan: «Koroa eder eta simetriko bat ikusiko dugula espero dugu oraingoan».

Proiektuko kide den Alberto Castro Tiradok gaineratu duenez, «taldeak esperientzia handia du horrelako emanaldiekin. Tokiak erronka handiak dakartzan arren eta eklipsea oso laburra bada ere, sarean ditugun ikusleek eklipsearen esperientzia gozatuko dute, haien etxetik eta erabateko erosotasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.