EKOGRAFIAK. Astean behin gutxienez

Asier Sarasola.
2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Edo ez dakite zer esan, edo gauza bakarra dakite esaten, edo besterik pentsa ez dadin nahi dute. Bigarren eztabaidaren mamia jada mastekaturik mahairatzen den platera suertatu zen. Matrix filmean, deja vu batek sistemaren akatsa esan nahi zuen, eta bertsolaritzan ere, potoa ederki kastigatzen da, baina, hautagai politikoen artean, leloak errepikatzeak eta errepikapenaren hedatzeak eta hedapenaren biderkatzeak zehazten dute haien makineriaren funtzionamendua. Aurkezle berriak ere, aurrekoak bezala, isiltasuna gorde zuen. Honela, ez nituzke ahaztu nahi batak zein besteak azken urteetan egin dituen adierazpenak aztertu dituzten lan taldeak. Arerioaren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko helburuarekin, edo kontraesanak azaleratze aldera, halako eta orduko eta hango ahapaldiaren bila eta grafiko, taula, mapa, estatistika eta aipamenak itxuratzen aritu direnen «komisarioen» lan eskerga, alegia.

Bestela, astelehenean, politikariz bete ziren platoak debatea ematen zuten kateetan, TVEn izan ezik, bertan, kazetari eta zutabegile txit independenteak bildurik baitzeuden minutu soilaren mahai-inguruan. Lekutan geratzen zen Iñaki Gabilondoren ukitu pertsonaleko informazioa leloa, eta alderdi bakoitzeko bi kide ondoan zituela agertu zenez pantailan, ez ziren entzun hauteskunde kontsignak baizik.

Berritasun bat bazen honetan guztian; eztabaida izatera hurbil zedin, batak bestea eteteko baimena adostu zuten. Horren itxura zuen, batez ere, gerora eman ziren iritziek xehetasun horixe nabarmentzen zuten eta hautagaien jarduna zakarra izan zela esateko. Esanguratsuagoa iruditzen zait, adibidez, iragarkietatik itzultzean sartzen zen musika Espainiako erregearen Gabonetako mezua hastear zela zirudien. Edo arintasun puntu bat gehiago balu musikak, telekupoia.

Eta zozketak aipatu ditugunez, garailea, eta txantatatxan. Politikari hobea da Zapatero, Raxoi egiaren jabe dela konbentzituta dago. Hamabost urte ez daitezen joan hurrena egin arte esanez agur esan zuen Olga Viza moderatzaileak. Ez, ez, ez, astean behin gutxienez. Ez zait errima hoberik okurritzen debatearen harira. Emaitzak, datorren astelehenean. Telebistak legez kanporatu ez dituen bi alderdien artean erabakia dago garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.