Esan dezagun indarrez udan darraigu, nahiz eta «nahiz eta» askotxo erabil ditzakegun benetako uda izan ote den aurtengoa esateko. Edo astrologiak dioenaren aldean, zientzia zehatzagoek urteko sasoiak beste era batean antolatzen dizkigutela ohartzeko, iraila hasiera honen izaera udatiarra ukatuz. Bi adibide soil «udan darraigu» formulari buruz. Opor garela, gorputz eta arima, esateko beste modu bat ausaz. Telebistak, oi! zientziarik zehatzena, ezetz erantzuten du bietan. Bon, baietz esaten du, baina diferente.
Adibidez, pantailan ez da inolako berezitasunik eman hondartzaren tenore dei genezakeen aldi honetan. Programazio berezirik gabe ekin baitiote telebista kateetan oro har, bereziki, errepikapenak zainduz, eta kirol emankizunekin egoki iruditzen zitzaienean, edo zegokionean. Albistegietan, berriz, berezirik deus ez, betikoa izan ezik; hondamendiak, hondaketak eta hondakinak, non aipa ditzagun Peru eta txapelokerren etxea eta foru lehendakari aldaketa gauzatzeko asmoak, hurrenez hurren. Utzikeria esan genezake, aisialdia eta asperdura nahasteko tamalezko abilezia.
Nolabait aski interesgarria ez zaielako telebista arduradunei uda garaia, eta lehenbailehen igaro dadin desira dutela iradokiz, orotariko bildumak egiteko proposamenak agertzen hasi dira iragarkietan jada, datozen telesail eta lehiaketa eta reality klasikoak bezala. Koka gaitezen zer garen finkatzen duen koordenatu ordutegian. Halamoduzko udaldia joan izanagatik esker ona.
Normala esango diogun programaziotik landa balekorik aurkitzea, ez da sarri bilaketa temati edo norbere borondate kontua, gainera. Ez dugu esango normala deritzogun horretan «balekoa» kontsiderazioa berezko zerbait denik. Hortaz, udan darraigula aintzat hartuta, salba ditzagun hondar ale batzuk, eta teledenda etiketa eman diezaiegun. Oi matalaz puzgarria, oi edozer laukitxotan mozteko sukaldeko tresna eta oi konputagailu eramangarri paregabea. Poesiaren gorentasuna onartuz, haren mailako sormena ikusi izan diogu publizitateari zenbaitetan. Xedeak hondatzen du, baina, poesiarekin ezarritako zubia. Horren erakusle gordin dira goratu adibideak, begirada parodikoak hainbeste gozatzen dituenak, opor garela, gorputz eta arima, nabarituz.
EKOGRAFIAK. Opor izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu