Komunikazioa

Ekosistema propioa sortzen

Euskal hedabideek etorkizunera begira dituzten erronkei buruz hitz egin dute EHUren egoitzan, Bilbon. Josu Amezaga euskal hedabideen ekosistema propioa sortzearen aukerez aritu da.

Josu Amezaga, hitzaldia ematen EHUren egoitzan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko hedabideen ekosistema izenburupean, Josu Amezaga EHUko irakasleak euskal hedabideek etorkizunean izango dituzten erronkez hitz egin zuen atzo EHUren Bilboko egoitzan, Abandoibarran. «Argazki finko batekin etortzea saihestu dut», esan zuen hitzaldiaren hasieran. Bere asmoa komunikabideen etorkizunaren inguruko gogoeta egitea baitzen, eta ez galdera horiei erantzunak ematea. Hasteko, eta hedabideen eta ekosistemaren arteko lotura egiteko, Wikipedian bigarrenak daukan definizioa aurkeztu zuen: «Ekosistema, ingurune jakin bateko osagai fisiko eta biologikoek osatzen duten sistema da». Euskal Herrian komunikabideen ekosistema sendorik ez dugula uste du Amezagak, «beste batzuetatik hornitzen baikara, horien artean Espainiakotik, Frantziakotik edota mundu globalizatu honek eskaintzen dizkigun beste batzuetatik». Dena den, jomuga beste alde batean jarri zuen, helburu hori lortzea posible eta desiragarria ote den planteatuta.

«Ekosistema hori desiragarria izan daiteke kultura propioa garatzeko, animaliek instintua erabiltzen duten moduan, gizakioi kulturak eragiten baitigu. Bide horretan, gure kultura sortzeko gure hedabideak behar ditugu», adierazi zuen irakasleak EHUko egoitzako Arriaga konferentzia gelan. Politika alde batera utziz, Euskal Herria herri gisa ulertu nahi baldin bada ekosistema sortzea «desiragarria» izan daitekeela adierazi zuen Amezagak. Hala ere, askotan desiragarritik posible izatera arteko bidea zaila izaten da. Historikoki posible izan dela esan zuen, eta ez soilik Euskal Herrian: «Andersonek, nazionalismoaren inguruko aditu irakurrienetako batek, abertzaletasun sentimendua prentsaren bitartez indartu zela uste zuen, inprimatutako prentsak lortu baitzuen jendeari talde zentzua ematea».

Azken 50 urteetan egoera asko aldatu da. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan kultura eta komunikazio inperialistei aurre egin bazitzaien ere, EHUko irakasleak uste du gaur egun eremu horietan globalizazioa dela nagusi. «Dena den, globalizazio horrek indartsuenei ere eragiten die; munduan zehar ingelesezko mila telebista kate ikusten dira, eta AEBetan atzerrian ekoitzitako 900 kanal daude ikusgai». Beste hitz batzuetan esanda: kultur inperialismoaren ikur direnek ere beste batzuen produkzioa nozitzen dute. «Herrialde hegemonikoetan ere ez dago ziurtatuta espazio kulturala, eta, beraz, ezta hedabideen ekosistema ere».

«Ez da erraza izango»

Amezagak argi dauka ekosistema propioa sortzea posible bada lan nekeza egin beharko dela, eta horretarako bost baldintza jarri zituen: eraldakuntza teknologikoek eskaintzen dituzten aukerez baliatzea, globalizazioa fenomeno sozial eta ekonomiko gisa ulertzea, neoliberalismoak eta horrek dakarren araudi faltari aurre egitea eta krisiaren testuingurua ulertzea, «gaur egun komunikazioa ez baita errentagarria». Hedabideei edo kulturari emandako diru laguntzak aipatu zituen lehentasunen erakusle gisa. «Lehentasuna trenean dago, ez komunikabideetan. Agian, trenbideen ekosistema bat izango dugu, baina ez hedabideena», azaldu zuen AHTari emandako laguntzak aipatuz.

Hizkuntz aniztasuna sustatzea, komunikazio agenteak birdefinitzea, hedabideen aldetik komunikazio bertikalaren zein horizontalaren erabilera sustatzea eta kanpotik datorrena irensten jakin eta gurea kanpora ateratzea dira, Amezagaren ustez, Euskal Herriko hedabideen ekosistema famatu hori eraikitzeko gakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.