Ekosistemen mosaikoa

Klima aldaketaren eraginak aurreikusteko proiektu bat hasi dute Valderejoko parke naturalean: haizearen mugimendua neurtuko dute ekinbide aitzindari horretan.

Hainbat gailu erabiliko dituzte Valderejon klimari buruzko neurketak egiteko. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Valderejo
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arabako parke natural txikiena izan arren —3.496 hektarea ditu—, munduan aitzindaria den zientzia proiektu batek mapan ezarri du Valderejoko parkea. Klima, klima aldaketa eta horren eragina denbora errealean neurtzen duen behaketa estazio bat jarriko dute han, Climadat proiektuaren barruan. Valderejokoa da Euskal Herrian horrelako ezaugarriak dituen neurgailu bakarra; hala ere, beste zazpik osatzen dute proiektua; bat Herrialde Katalanetan dago, eta beste seiak, berriz, Espainian. Hain zuzen ere, haizearen mugimendua neurtzen du gailuak; tenperatura eta hezetasuna ere neurtzen ditu, halere. IC3 klimaren aldaketa neurtzen duen institutu katalana da proiektuaren sustatzailea, Arabako Diputazioaren eta Caixa bankuaren gizarte ekintzaren laguntzarekin batera.

Behaketa estazioa Valderejon ezartzea ez da kasualitatea; adituen hitzetan, harana berezia da dituen neurriengatik eta kareharriz osaturiko hormatzarrengatik. Jose Anton Morgui Climadateko zientzia alorreko koordinatzailearen arabera, Arabako parke naturalak ekosistemen mosaiko bat osatzen du. «Klima meditarraneoaren zein atlantikoaren eragina du lur eremu honek, eta horrek aberastu egiten du ingurua». Geologia edota pertsonaren eragina, besteak beste, biodibertsitatean islatzen da, eta hori dela eta, klima aldaketaren neurgailu aproposa omen da Valderejo parke naturala.

Ezagutu, erabakiak hartzeko

Datu zehatzen neurketa egiteaz gainera, errepikatzen diren jokaerak identifikatzea lehenesten du IC3 institutuak. «Naturak jarraibide batzuk ditu modu egoki batean funtzionatzeko; horiek ez baditu ezagutzen, beste modu batera jokatzen du, eta horrek eragina du, domino efektua sortzen delako». Horrekin batera, klima aldaketari erantzun ahal izateko, arazoa bera ezagutzea ezinbestekotzat du Morguik. «Arazoan murgildurik gaude, guztiok; hori dela eta, elkarguneak topatu behar ditugu mundu osoan zehar, erantzun bateratu bat eman ahal izateko». Ondorioz, behaketa estazioan jasotzen diren neurketa eta datuak ikusgai egongo dira sarean. «Interes orokorreko kontua izanik, herritarren eskura jarriko ditugu lorturiko datuak; horiek oso baliagarriak izango zaizkie mundu osoko zientzialariei, eta horregatik da proiektu aitzindaria», azaldu du Climadateko kideak. Harentzat, «erabakiak hartzeko garaia» da gaur egungoa, klima aldaketaren eragina nabaria baita. «Neurriak ez badira hartzen, tenperatura lau gradu igo daiteke 2100erako».

Neurketak egiteko, 80 sentsorek osatzen duten sistema adimendun bat ezarriko dute parke natural osoan; guztiak ere teknologia berri eta zehatzekoak, proiektuaren arduradunen arabera. Lehenbiziko fasea egunotan hastekoa zen, baina eguraldiaren eraginez, atzeratu egin behar izan dute. Zientzialari kataluniarrak azaldutakoaren arabera, «eguraldiak uzten duen bezain laster» ekingo diote neurgailua muntatzeari. Proiektuaren bigarren fasean, bestelako neurketa batzuk airetik hartzeko asmoa dute, piloturik gabeko abioien laguntzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.