Hiritik At kooperatibako arkitektoa

Ander Zangitu: «Elikagai ekoizleen eta erosleen arteko hartu-emana galdu egin da»

Hedatze prozesuan, hiriek «irentsi» egin dituzte jakiak produzitzeko tokiak. «Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien %95 kanpotik ekartzen dira», Zangituren esanetan. Gaiaz solastatuko da Bilbon.

Ander Zangitu, herenegun, Bilboko Harrobia plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ander Zangitu, herenegun, Bilboko Harrobia plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendea elikatzeko baliabide bat ez ezik, egungo sistemaz hausnartzeko helduleku bat ere bada gerriko agroekologikoa. «Elikadura burujabetza dago oinarrian», laburbildu du Hiritik At kooperatibako arkitekto Ander Zangituk (Bergara, Gipuzkoa, 1990). Elikagai horniduraz ariko da Open jaialdian, astelehenean, Bilboko Kuna eraikinean. Astelehenetik igandera arte egingo dute arkitektura festibala.

Elikagaien hornidurak nola eragin dio hirien antolakuntzari?

Esango nuke kontrakoa gertatu dela: hau da, hiriaren konfigurazioak izan duela eragina elikagaien horniduran. Batetik, lur onenak industriara bideratu direlako, baita elikagaiak ekoizteko lurrik aproposenak ere: lauak, eguzkitsuak... Bestetik, hiriak inguruko ekoizpen eremuak irentsi egin dituelako, garapenkeriaren ondorioz.

Lehen, ekoizpen hori hirien edo herrien inguruan egiten zen?

Bai. Euskal Herria eskala txikiko lurraldea da, eta baserriek beti eduki dute funtzio garrantzitsua gizartean. Eta gertu produzitzen ziren jaki horiek herriko edo hiriko azokara eramaten ziren gero. Bere garaian, gerriko agroekologikoen helburua zen hiriaren garapena mugatzea. Horrek guztiak, baina, beste gai batera eramaten gaitu: Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien %95 kanpotik ekartzen dira.

Ekoizteko tokiak kanporatu egin dira, beraz?

Hiriak, orokorrean, hiritik kanporatzen ditu bere beharrak asetzeko behar dituen egiturak: zabortegiak, ospitaleak, energiaren produkzioa —haize errota eolikoak, adibidez— eta abar. Kanporatze horrekin batera, elikagaiak ekoiztera bideratutako lurrak ere inbaditu egin dituzte egitura horiekin.

Gero eta ultraprozesatu gehiago kontsumitzen dira. Horrek ere distantzia areagotu du elikagaien jatorriaren eta kontsumitzaileen artean? Azoketara ere gero eta jende gutxiago joaten da...

Hain azkar bizitzeak eragina izan du elikadura katean; ekoizleen eta erosleen arteko hartu-emana galdu egin da, supermerkatura joatea delako errazena. Bergarako Ereindajan kooperatibak kanpaina bat egin zuen, Jaten duguna gara, herritarrengan galderak sortzeko: nola ekoizten da jaten dugun hori? Nork ekoizten du? Kanpaina horrek zera ere erakutsi zuen: nahiz eta azkar jateko eta ultraprozesatuak kontsumitzeko joera dagoen, alternatibak ere badaudela. Bergarako Elikadura Mahaiak elikagai kateko eragileak biltzen ditu: azokak biziberritzen egiten du lan, eskoletan sentsibilizazioa egiten du, jantokien inguruko lanketak... Eta ikusten dute esperantza badagoela.

«Arkitekturatik eta hirigintzatik planteamenduak egin direnean elikagaien inguruan, lurra ez da aintzat hartu»

Bereizi egiten dituzu gerriko agroekologikoa eta eraztun berdea. Zer alde dago?

Gasteizkoa izan daiteke gertuen dugun eraztun berdea: hiriko parke berdeak lotzea eta eremu kutsatuak berreskuratzea izan zuen helburu. Gerriko agroekologikoak beste pauso bat ematea planteatzen du. Askotariko onurak izan ditzake: biodibertsitatea bultzatzea, habitat naturalak kontserbatzea, kutsadura arintzea, tokiko ekoizpena sustatzea eta, horrekin batera, baita ekonomia ere, eta balio paisajistikoa eta kulturala zaintzea. Eraztun berdearen oinarrian ingurune naturala dago, baina gerriko agroekologikoa kontzeptu zabala da, nekazaritza eredua osotasunean ulertzen duena: kontuan hartzen ditu ekologia, sozioekonomia, soziopolitika eta kultura.

Zorua gero eta garestiagoa da. Zer abagune dago gerriko agroekologikoentzat?

Agian, hau da galdera: lur horiek zergatik dira garestiak? Nori zuzenduta daude? Noren beharrak garatzen ditu hiri garapen horrek? Hirigintzak hainbat tresna ematen dizkigu gure hiriak eta herriak eraikitzeko: HAPO hiri antolamendurako plan orokorrak, plan bereziak eta LAG lurraldea antolatzeko gidalerroak. Baina ez dira lanabes neutroak. Hirigintzaz hitz egiten dugunean, politikaz ere ari gara: lanabes horiek erabil daitezke herriari eta lehen sektoreari onura ekarriko lioketen proiektuetarako, eta, kasu horretan, gerriko agroekologikoak aukera bat izango lirateke. Gainera, agroekologiak bestelako ekarpen batzuk ere egiten ditu: bertokoa izatea, bide motzeko kanalak, giza neurriko etxaldeak, lan baldintza duinak, birziklapena, erabakitzeko gaitasuna...

Hemen inguruan ahalegindu dira gerrikoak egiten? Adibide itxaropentsuak dira?

Gerriko moduan, gure inguruan ez dago batere. Dena den, gerrikoak ez dira gaur egungo arazoen soluzioa, baizik eta abiapuntua. Utopia iruditu dezake. Arkitekturatik eta hirigintzatik planteamenduak egin direnean elikagaien inguruan, lurra ez da aintzat hartu. Instituzioek ere zorra dute, gai hori ez baita izan haien lehentasuna: herrietan badabiltza egitasmoak egiten, baina beharrezkoa da lurralde antolamenduko arduradunek horiek zain ditzaten.

Gerriko hitzak inguruan dagoen zerbait iradokitzen du. Ekoizpena hiriaren muinera sar daiteke?

Halakoak kanpoaldean kokatu izan dira, nahiz eta formaz guztiz gerriko bat ez izan, hiriak ez dielako eman beste aukerarik. Gaur egun jada badaude ortu komunitario batzuk, eta baserri batzuetan ekoitzi egiten da; helburua da horien artean lotura ezartzea.

Gerriko horietan, abereek zer toki eduki beharko lukete? Ikusita animalia jatorriko produktuen eskaria zein handia den.

Planteamendu askotan, irizpidea da bizikidetza eta oreka bermatu behar dela nekazaritzaren, abeltzaintzaren, larregintzaren eta basogintzaren artean. Oiartzun Burujabek [Gipuzkoa] proiektu bat abiatu du bertoko abeltzain zirkuitua bermatzeko. Badakigu jende askok txekorrak hezten dituela pare bat hilabetez, saldu egiten dituztela, kanpoan elikatzen direla, eta gero guk kanpotik erosten dugula haragi hori. Helburua zirkuitua ixtea da: txekorrak bertan hezi, bertan elikatu, eta gero bertoko hiltegira eraman. Horrek lurralde plangintza ere eskatzen du.

lotsabako

Hiri bat?
Herriak, edozein.

Eraikin bat?
Arantzazuko basilika.

Arkitekto bat?
Aldiri aldizkariaren inguruan ibili zirenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.