Egun handia izan zuten atzo azpeitiarrek, baina dagoeneko ari dira asteartera begira, San Ignazio bezpera baita. Haurren eguna ospatu zuten atzo, 11:00etan dantza saioarekin hasi eta 22:30ean ETSren kontzertuarekin bukatu. Tartean, Euskal Herri osoko erraldoien desfilea, bazkaria, jolasak eta kalejira izan zituzten.
Gaur ere bada egitekorik eta ikustekorik Azpeitian (Gipuzkoa): 12:00etan, artzain txakur txapelketa; 16:00etan, San Ignazio saria; eta 18:00etan, Euskadiko Lurgaineko Sokatira Mistoko Txapelketa.
Egun handiak, dena dela, etortzeke daude: asteartea eta asteazkena, erraterako. Asteartea San Ignazio bezpera da, eta, asteazkena, San Ignazio eguna, noski. Bezpera 11:00etan hasiko da, Plaza nagusian eginen duten hamaiketakoarekin. 12:00etako txupinazoa azokara joaten diren ekoizleek botako dute, eta, ondotik, marea arroxa hedatuko da. Lehen suziriarekin batera, kalejiran aterako dira: Azpeitiko Musika Banda, Izarraitz Txistulari Taldea, Arrasateko Gaiteroak eta erraldoi-buruhandiak. Kalejira bukatutakoan, Skapaye elektrotxaranga hasiko da.
Marea arroxa
15:00etan, herri bazkaria izanen dute plaza nagusian, eta 17:00etan, berriz, irekiera emanen diote txosnaguneari, jolas batzuekin lagunduta.
Egitarau horrek urteak daramatza azpeitiarren artean. Lehenengo herri bazkariak 90eko hamarkadan egin zituzten, eta orduan hasi ziren txosnaguneak eta herriko festa alternatiboak sortzen; baita marea arroxa ere. Gaur egun, ezin da San Ignaziorik ulertu marea arroxarik gabe. Jaiak hasi baino pare bat hilabete lehenago, bilera ireki bat egiten dute udaletxeko arkupeetan, eta bertan erabakitzen dute zein diren San Ignaziora begira urte horretan dituzten erronkak. Herriaren beharrak aldatu egiten dira, baina bide bertsua osatzen dute urtero. Marea arroxa horren barrenean, azpitaldeak sortzen dituzte, eta nor bere intereseko taldean sartzen da ekarpena egiteko. Hauek dira, bertzeak bertze, urtero sortzen diren azpitaldeak: ume eguneko azpitaldea, herriaren parte handi bat umeak eta gaztetxoak direlako; gatazken konponbiderako azpitaldea, azpeitiar anitzek ez dutelako herriko jaietan egoteko aukerarik; txosnetako taldea, herriko eragileak bildu daitezen bertan; diruzaintza, aurrekontuez arduratzeko; berdintasun taldea, erasoen kontrako herria nahi dutelako; eta kultura taldea, egitarau parte hartzailea eta parekidea osatzeko. Marea arroxak argi ditu bere balioak: euskalduna izatea, parekidea, zaborren kontrakoa, elkarlanean oinarritua eta euskal presoak etxeratzea bilatzen duena.
Bazkalondoan, bigantxak, karaokea, pala partida profesionala, DJak, ikuskizunak eta kontzertuak izanen dituzte, bertzeak bertze. 23:00etan su festa izanen da ikusgai, eta, ondotik, erromeria.