Elkarrekin euskararen ñabarduretan

Gaur hasiko da Euskarabenturaren zazpigarren aldia, Atharratzen. Euskal Herriko 27 txoko bisitatuko dituzte 126 gaztek, eta Abaurregainean izango dira estreinakoz. Hilaren 31n bukatuko dute espedizioa, Getxon.

Iazko Euskarabenturakoak Omako basoan, Kortezubin. EUSKARABENTURA
Iazko Euskarabenturakoak Omako basoan, Kortezubin. EUSKARABENTURA
amaia igartua aristondo
2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete bakarrean islatzen da urte osoko lana, eta, agian horregatik, hilabete hori hastear dela dira agerikoen urduritasuna, kezkak eta jakin-mina. Dena prest dago Euskarabenturako aurtengo espedizioari ekiteko: ezarrita dago ibilbidea, lotuta lolekuak, aukeratuta jzioquitar-ak —hala deitzen diete Euskarabenturan parte hartzen duten gazteei—, eta eginda kudeaketa lan guztiak. Batzea baino ez zaie falta. «Gogotsu gaude», adierazi du Haizea Solagurenbeaskoa prentsa arduradunak. «Hasteko beharra dugu, jendearekin egotekoa, elkar ezagutzekoa izenetatik harago». Gaur abiatuko dira, Atharratzetik (Zuberoa), eta hilaren 31n bukatuko dute abentura, Getxon (Bizkaia).

Zazpigarren Euskarabenturan, 126 gazte ibiliko dira Euskal Herrian barrena. Antolatzaileen esanetan, askotariko errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak batzen dituzte, eta jatorrietan ere islatzen da aniztasun hori: herenak bizkaitarrak dira (43), 26 gipuzkoar daude, Nafarroako 24, Arabako hamahiru, Lapurdiko beste horrenbeste, Nafarroa Behereko bost, eta Zuberoako bi. Eta eskualdeei dagokienez ere, banaketa ahalik eta orekatuena izan zedin ahalegindu dira, Solagurenbeaskoak nabarmendu duenez. Emakumeak dira gehienak: 77 batu dira aurten, guztien %61,1. Jzioquitar-ekin batera, 28 laguneko lantalde urdina izango da espedizioan, hala nola xerpek, osagileek, koordinatzaileek eta komunikazioaz arduratuko diren hainbat kidek osatua. 27 herritan geldituko dira guztira.

(ID_17510405961855) (/Euskarabentura) Euskarabenturakoak Oiartzun-Lesaka etapan
Iazko Euskarabenturako partaide batzuk olgetan, Oiartzundik Lesakarako etapan. EUSKARABENTURA

Antolatzaileek Ipar Euskal Herriko partaideen kopurua azpimarratu dute, besteak beste. Inoizko gehien izan zituzten iaz —hamazortzi, 2023koak halako bi ia—, eta are gehiago bildu dira oraingoan: hogei, hain justu. «Presentzia hori bermatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta, gainera, gazteak eurak aurkezten dira: haiek nahi dute espediziora etorri», balioetsi du prentsa arduradunak. «Bereziki pozik» daude aurten, lantalde urdinean ere Ipar Euskal Herriko kideak izango dituztelako aurrenekoz: bi xerpak eman dute izena. «Gazte jzioquitar-en taldea askotarikoa izateaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu lantalde urdinak ere aniztasun hori islatzea». Iazko arantzatxoa kendu dute, hortaz. «Akordatzen naiz hainbat elkarrizketatan deia egin nuela, iazko ekainean edo uztailean, ea hurrengo urterako baten bat animatzen zen».

Etapaz etapa, «gorantz»

Parte hartzaileen eta lantaldeko kideen artean ez ezik, ibilbidean ere pluraltasuna dute helburu. Donejakue bideko hainbat tartek osatzen dute espedizioa, eta lehenengo aldian egindakoa hartzen dute irizpide gisa, nahiz eta bideari ñabarduraren bat edo beste gehitzen dioten urtean-urtean. Aukerarik izatekotan, ibilbidea egokitu egiten dute, etaparen bat errazagoa izateko, leku jakin batetik igarotzeko, edo aterpetzeko aukeretara egokitzeko. «Lotarako lekuak aldatuz goaz pixkanaka, eta Euskal Herriaren gainean dugun ezagutza zabalduz, txoko berriak ezagututa». Joan den urtean etapa berri bat txertatu zuten, Ipar Euskal Herrian denbora gehiago egoteko; eta aurten Abaurregainera (Nafarroa) joango dira estreinakoz.

Euskarabentura

Uztailaren 7an helduko dira herri horretara, han pasatuko dute gaua, eta Larrasoañara (Nafarroa) abiatuko dira biharamun goizean, autobusez; handik Iruñera joko dute, oinez. Astebete igarota ordurako, konfiantza bildua izango dute askok, mihia askatuta, eta lotsa galduta; beste batzuek, beharbada, oraindik kentzeko izango dituzte konplexuak. Izan ere, jzioquitar guztiek ez dute izaten mintzatzeko gaitasun bera, ezta euskara erabiltzeko ohitura bera ere. Hori horrela, bakoitzak bilakaera propioa du, Solagurenbeaskoaren arabera. Edozelan ere, tartekako makalaldiak salbu, espedizioak oro har «gorantz» egin ohi du, haren irudiko. «Gazte bakoitzaren errealitate linguistikoa oso ezberdina da: batzuek euskara ez dute etxean ikasi, eskolan baizik, eta ez dute ingurukoekin erabiltzen; beste batzuek ama hizkuntza dute euskara, eta euskaraz aritzen dira lagunekin eta senideekin».

«Orokorrean, euskararen presentzia handia da, eta handia da euskararen gaineko kontzientzia ere; espedizioan bilakaera bat izaten da alde horretatik ere»

HAIZEA SOLAGURENBEASKOAEuskarabenturako prentsa arduraduna

Atharratzetik aurrera bidea elkarrekin egiten badute ere, espedizioak ez du eragin bera izaten guztien hizkuntza ohituretan: beste parte hartzaileen egoera ezagutu ostean, euskaraz bizitzeko duten aukeraz jabetzen dira batzuk, eta, ondorioz, balio handiagoa ematen diote; beste batzuentzat, inoiz bizi gabeko esperientzia bat da 24 orduz euskaraz mintzatzea eta askotariko euskarak entzun ahal izatea. «Orokorrean, euskararen presentzia handia da, eta handia da euskararen gaineko kontzientzia ere; espedizioan bilakaera bat izaten da alde horretatik ere».

Harreman estua

Hilabete arin pasatzen da, ordea. Eta, bitartean ikasitakoa eta barneratutakoa gorabehera, uztailaren 31n jzioquitar bakoitza bere tokira eta egoerara itzuliko da. Horrek ez du lotura eteten, dena den. «Zaila da sarea deitzen diogun hori irudikatzea», argitu du Solagurenbeaskoak, baina antolatzaileek badakite Euskarabenturan batera ibilitako gazte askok eutsi egiten diotela harremanari. Agian ez guztiek, eta inolaz ere ez indar berarekin, baina batzuk kuadrilla berekoak dira orain, edo elkarrekin bizi dira unibertsitate ikasketak egin bitartean, edo bidaiak prestatzen dituzte.

Eta elkarren arteko atxikimenduari ez ezik, proiektuarekin sortutako loturari ere eusten diote, prentsa arduradunaren berbetan. Aurreko aldietan parte hartu dutenek aurtengoaren berri zabaltzen lagundu dute, sare sozialetan kamiseta laranjarekin agertu dira, inguruan ere Euskarabenturaren berri eman dute, anai-arrebak animatu dituzte egitasmoan parte hartzera... «Zaila da hori kontabilizatzen, hondar aletxoak dira eta, kontu txikiak; baina denen artean sare polita egin da urtez urte, eta, espedizioz espedizio, sare hori elikatzen ari gara».

Primeran plataformak Euskarabenturari buruzko lau saio ekoitziko ditu

Euskarabenturak eta EITBk sinatu duten hitzarmena dela eta, egitasmoak ikus-entzunezko presentzia handiagoa izango du. Izan ere, Primeran plataformak lau saio ekoitziko ditu espedizioaren inguruan, parte hartzaileen esperientzia islatzeko: hasi aurreko sentimenduak, ibilbidearen egunerokoa, elkar ezagutzeko prozesua... Aurreneko saioa uztailaren 10ean estreinatuko dute, eta bigarrena 24an, Primeran-en; hirugarrena abuztuan emango dute; eta azkena irailean. 

Haizea Solagurenbeaskoa Euskarabenturako prentsa arduradunaren iritziz, elkarlan hori «positiboa» da, espedizioaren berri helarazten lagunduko baitu. «Ikusten dugu Euskarabentura burbuila bat dela, neurri batean: izugarria da espedizioan zer mugitzen den, baina, Primeran-en lau saio izanda, aukera dugu gazteentzako euskarazko edukiak zabaltzeko, gazteak kontalari izango dituzten ekoizpenak sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.