Elkarrengandik ikasiz

Belaunaldien Arteko Trukea auzolandegia abian da Bergarako zahar etxean; gazteek egoiliarrekin pasatzen dute goiza, elkarrekin ekintzak egiten eta bizipenak trukatzen.

Dantzan, abesten, jolasten, paseatzen nahiz elkarrekin hitz egiten pasatzen dute denbora egoiliarrek auzolandegiko gazteekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Bergara
2013ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bergarako (Gipuzkoa) Mizpildi kalean gora, trikiti hotsa entzuten da. Mizpirualde zahar etxetik dator soinua. Hango patioan, eguzkitakoen eta kapelen azpian babestuta, Mizpirualdeko egoiliarrak daude eguzkitan, ohi bezala. Gaurkoan, ordea, bada zerbait berria patio horretan: neska-mutil gazteak, trikitiaren eta panderoaren erritmora dantzan eta kantuan.

Eusko Jaurlaritzaren auzolandegietako bateko partaideak dira gazte horiek, Belaunaldien Arteko Trukea izenekoa. Uztailaren 1ean iritsi ziren Bergarara, eta datorren astelehenera arte egongo dira. Astelehenetik ostiralera, Mizpirualdeko egoiliarrekin pasatzen dute goiza. «Alde batetik, babes emozionala ematen diete: beraiekin hitz egiten dute, edo paseatu. Bestetik, zahar etxeko giroa alaitzen dute: abestu, dantza egin, kartetan aritu eta beste hainbat ekintza», adierazi du Lorea Errekalde Mizpirualdeko gizarte animatzaileak.

2009an hasi ziren Bergaran proiektu honekin, eta, patioan duten giroa ikusita, zalantzarik ez dago egoiliarrek nahiz gazteek ederki pasatzen dutela elkarrekin. «Festa eta bizitasuna ekartzen dizkigute», adierazi du Felisa Muñozek. Avilakoa (Espainia) da izatez Muñoz, eta orain Mizpirualden bizi da. Egunerokoan, paseatzen eta kartetan pasatzen du denbora. «Gazteak datozenean, ordea, askoz hobeto pasatzen dut; batez ere, dantza egitea gustatzen zait».

Iaz zahar etxean izan ziren bi gazterekin harremana du oraindik Muñozek. «Sarri deitzen didate», esan du. Izan ere, bi belaunaldien artean lotura sendoak sortzen dira. «Guk gure bizipenak kontatzen dizkiegu, eta gazteek haien bizimodua kontatzen digute. Oso ezberdinak dira guk eduki genuen gaztaroa eta haiek dutena», adierazi du Jose Maria Ruizek. Zalduondon (Araba) jaio zen Ruiz, duela 85 urte, eta hilabete baino ez darama zahar etxean. Atsegin du denbora gazteekin hitz egiten pasatzea, eta dagoeneko haietako baten lagun egin da. «Argazki bat atera beharko dugula esan dit», adierazi du, barrez.

Gaztetasuna eta bizitasuna eramaten dituzte gazteek Mizpirualdera. «Zorioneko altxorra!», esan du Maria Josefa Egurrolak. Duela bi urte erabaki zuen Egurrolak zahar etxean bizitzea, alargun geratu zenean. Auzolandegiko gazteek bere gaztaroa gogoratzen diote. «Gure gazte denbora zoroa zen, eta hauena, beste hainbeste», adierazi du. «Nik uste nuen mutil gazteak gaizki heziak izaten zirela, baina, bai zera! Primeran pasatzen dugu», esan du, brometan.

Jesus Mari Arregiri ere bere gaztaroa gogoratzen diote auzolandegiko gazteek. Oroimin apur bat ere eragiten diote, ordea. «Garai haiek pasatu ziren». Dulantzin (Araba) jaio zen Arregi, duela 73 urte, eta asko gustatzen zaio gazteekin egotea. «Une alaiak pasatzen ditugu beraiekin». Kantuan aritzea gustatzen zaio gehien Arregiri, eta datorren urtean ere itzuliko diren esperantzarekin dago.

Gazteek ere, jasotzeko asko

Egoiliarrek bakarrik ez; gazteek ere asko jasotzen dute haiengandik. «Oso esker onekoak dira, eta gauza txikiak ere asko eskertzen dituzte; esaterako, irribarre bat, edo laztan bat», adierazi du Maria Ceñok. Sevillakoa (Espainia) da eta Gizarte Zerbitzuak ikasketak egin berri ditu. Ceñoren esanetan, bokazioa da auzolandegian parte hartzeko behar dena. «Azken finean, pertsonekin egin behar da lan». Auzolandegian parte hartzen duen lehen aldia da Ceñorentzat, eta esperientzia izugarri aberasgarria iruditu zaio. «Lan gogorra da, baina egunetik egunera nola irekitzen doazen ikusten duzu, eta merezi du».

Fausto Quijadarentzat ere lehen aldia da. Cacereskoa da, eta Zuzenbide ikasketak hasiko ditu aurten. «Egoiliarrek beren esperientziak kontatzen dizkidate, eta nik nire bizitzarako ondorioak ateratzen ditut», adierazi du. Adinekoekin hitz egitea asko gustatzen zaio Quijadari, eta horregatik aukeratu zuen auzolandegi hau. «Baina baita herriagatik ere; Bergara oso polita iruditzen zait».

Izan ere, goiza Mizpirualden igaro ondoren, auzolandegiko gazteek Bergara eta Euskal Herria ezagutzeko erabiltzen dute eguna. «Aurreko batean, jinkana bat egin genuen herria hobeto ezagutzeko, eta bisita gidatu bat ere bai, Bergarako historiaren berri izateko», adierazi du Ceñok. Arantzazuko santutegian, Oñatin eta Gernikan ere izan dira, besteak beste. «Gipuzkoa ez nuen aurretik ezagutzen, eta ikaragarri gustatu zait», esan du Quijadak.

Astelehenean, gazte bakoitza bere herrira eta eguneroko bizimodura itzuliko da. Mizpirualden bizitako esperientziaz, ordea, ez dira inoiz ahaztuko; ez gazteak, eta ez egoiliarrak. Batzuekin telefonoz jarraituko dute harremanetan. Beste batzuk, berriz, berriro itzuliko dira datorren urtean. Gustu handiz itxarongo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.