Bisitari berria du Bilbok, hamabi metro luze den balea baten hezurdura, hain zuzen ere. Sabaitik dago zintzilik, eta hainbat izaki birtual txikiren aterpea da hezurdura. Publikoa eta obra harremanetan jarri nahian, Bilboko Itsasadarra itsas museoak Osedax instalazio interaktiboa jarri du ikusgai, Caixaren babesarekin. Technarte nazioarteko konferentziaren barnean, artea eta teknologia uztartu nahi izan dute lanaren egileek. Argentinako Biopus talde artistikoak sortu du instalazioa; euren azken lana da, joan den urteko azaroan bukatua. Matias Romero, Tarsicio Pirotta eta Emiliano Causa proiektuaren egileek La Platatik (Argentina) Bilbora eraman dute balea. Balea hilabete egongo da ikusgai itsas museoan, maiatzaren 12a arte.
Polietilenoz egindako balearen inguruan, lurrean, hainbat objektuk itsasoko beste izaki batzuk irudikatzen dituzte, publikoak horien bidez balearekin elkarreragin dezan. Horien bidez, izaki txikiek pieza ezberdinetan zehar bidaiatzen dute, ekosistema osoa mugimenduan jarriz eta estimuluaren araberako musika eta argi ereduak sortuz. Mugimendu detekzio eta mapping —objektuen gaineko proiekzioa— interaktibo sistemarekin sortutako instalazioak bizitzaren etengabeko aldaketa islatzen du.
Bizitzaren zikloaren isla
Heriotzatik bizitzara, eta berriro ere heriotzara. Bizitzaren zikloa irudikatzensaiatu dira Biopus taldeko kideak. Balea bat hiltzen denean, gorpuak deskonposizio prozesuari ekiten dio itsas hondoan, eta, orduan, Osedaxak sortzen dira, balearen hezurrez elikatzen diren zizare mikroskopikoak. Hortik datorkio izena obrari, hain zuzen ere. Eskeletoan jaiotzen dira organismo txiki horiek, eta ekosistema osoa balearen hezurretan dute, euren bizitza zikloa hezurrak jan eta gero bukatzen da, hil egiten dira. Zizareen bizitza jana bukatzen zaienean amaitzen da, hartara, heriotza batek, kasu honetan balearenak, Osedax zizareen bizitza eragiten du, ziklo amaigabe bat hasiz.
«Hiltzen den izaki batek beste organismo baten bizitza nola ahalbidetzen duen argi ikusten da balea eta Osedaxen arteko erlazioan», azaldu du Romerok. Biologia eta bizitzaren garapena, talde argentinarraren lanetan beti presente dauden gaiak dira. Sortu zenetik, Biopus taldea obra eta publikoaren arteko harremana aztertzen saiatu da, parte hartze eta interpretazio modu berriak sortuz eta «obra bizia» sortzeko ametsa jarraituz.
Antzeko hainbat lan egin dituzte batera Romerok eta Causak, guztiak arte interaktiboarekin harremandutakoak. «Gizakien estimulurik gabe, gure obra ez da existitzen, ezinbestekoa da publikoa». Baina kanpoko pertsonei horrenbesteko askatasuna emanda, ez ote dute euren proiektuen gaineko kontrola galtzen? «Arte interaktiboan gramatika bat sortzen dugu, ez diskurtso bat, ez gara saiatzen gure egia besteei inposatzen, baizik eta publikoak berak ere eragin dezan gure lanean, guk tresnak ematen dizkiegu», nabarmendu du Causak.
Osedax proiektua hilabete honetan Bilbon egingo diren hiru egitasmorenegitarauan dago. Technarteren 8. aldian, Bilbao Art Districten lehena eta Itsas Museoaren hamargarren urteurrenean. Azken honek hamar urte bete dituela eta, aurtengo astearte guztietan doakoa izango da museoko sarrera.
Elkarreraginez, sortu
Artea eta teknologia uztartuz, kanpo estimuluei erantzuten dien instalazio interaktibo bat jarri dute Bilboko Itsas Museoan: hamabi metroko balearen hezurdura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu