Txupinazoa berezia izanen da, bi kolektibok jaurtiko baitute, elkarrekin: Agoizko errefuxiatuen kolektiboa eta El ABC que salva vidas elkartea aukeratu dituzte herritarrek. Lehen taldeak Agoitzen dauden errefuxiatuak eta haiek integratzeko lanean ari diren boluntarioak biltzen ditu. Bigarren elkartea 2011n sortu zen; biziak salbatzea du helburu, eta formazioa ematen du larrialdi egoeretan nola jokatu ikasteko. Irakasleei eta udal langileei gehienbat.
Txupinazoa nork botako duen aukeratzeko bozketan, ez zen ia alderik egon bi hautagaiek jasotako botoetan, eta azkenean biak aukeratu zituzten. Ados zeuden denak. Aurtengo txupinazoak «kutsu sozial handia» du, Unai Lako Agoizko alkatearen ustez. «Biek oso ekarpen handia egiten diote gizarteari, eta bertan egotea merezi dute».
Errefuxiatuen auzia pil-pilean dago. Baita herrian bertan ere. 2017ko azaroan hasi ziren errefuxiatuak Agoitzera iristen. 40 pasatu dira bertatik, eta laguntza izan dute herrira moldatu eta integratzeko. Prozesuan laguntzeko, errefuxiatuek gaztelania eskolak jasotzen dituzte batik bat. Irakasle zein ikasle, denek oso balorazio positiboa egin dute: «oso gustura ari gara, eta haiek etengabe eskertzen dute ematen dieguna», esan du Aitor Iribarren kolektiboko gaztelania irakasleak.
Alkatea «oso pozik» dago herritarren erantzunarekin. «Erronka handia da Agoitzen moduko herri txiki batentzat, baina oso polita eta aberasgarria da aldi berean», esan du. Lakok argi du zein den helburua: «Errefuxiatuak benetan integratzea». Gaurko txupinazoa herritarrek egin dieten harreraren parte bihur liteke, beraz. Baita proiektuan parte hartzera animatzeko dei ere, Iribarrenen ustez; «elkartasun keinu».
Guztientzako festak
«Egitarau xumea dugu, baina guztiek ongi pasatzeko modukoa da», dio Lakok, festa onak izanen direla sinetsita. Gainera, badira berritasunak ere: pilotari profesionalen arteko partida bat egonen da bihar, eta, lehen aldiz, herriko gazteek mozorro lehiaketa antolatu dute astearterako. Ezin izanen da edozein mozorrorekin parte hartu, ordea, gaia finkatuta baitago jada: filmak.
Herri parte hartzailea da Agoitz. Herritar guztiek lagundu dezakete programa osatzen, eta hori azken emaitzan islatzen da. Alkateak herriaren ezaugarri hori azpimarratu du: «Programa polit bat lortzen dugu herritarrak presente direlako bereziki».
Inorenganako errespetu faltarik egon ez dadin nahi dute, eta mundu guztiari gogorarazi ezetza beti ezetz dela. Eraso sexisten aurkako tailerrez eta protokoloaz gain, modu berezian transmititu nahi izan dute aurten mezua: Mugitu Agoitz izeneko flashmob-arekin. Sarean da dagoeneko.