Harreman GKEko presidentea

Francisco Javier Ruiz de Munain: «Elkartasuna ez da goseak dagoenari arraina ematea soilik: arrantzan irakatsi behar zaio»

Harreman elkartearen bidez, Francisco Javier Ruiz de Munainek 30 urte baino gehiago daramatza elkartasuna bizimodu gisa ulertzen: konpromisoa, duintasuna eta lankidetza dira haren bidearen ardatzak.

Francisco Javier Ruiz de Munain, Harreman elkartearen lokalaren parean, Arrasaten. UNAI ETXENAUSIA URIBARREN
Francisco Javier Ruiz de Munain, Harreman elkartearen lokalaren parean, Arrasaten. UNAI ETXENAUSIA URIBARREN
unai etxenausia
Arrasate
2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Francisco Javier Ruiz de Munain (Agurain, Araba, 1949) Harreman gobernuz kanpoko erakundearen arima eta sustatzaileetako bat da. San Joan jaien erdian tarte bat hartu du, Arrasaten (Gipuzkoa), jai giro koloretsuak inguraturik. Xume, lasai eta irribarretsu agertu da, urteen esperientziak ematen duen jakinduriaz hornituta. Haren hitzetan, bizitza oso bat dago gordeta: landa giroko haurtzaroa, kooperatibismoaren aldeko apustua, Ikerlan zentroan egindako ibilbide profesionala eta azken hiru hamarkadetako ekarpen solidarioa. Haren bizipenak entzutean argi geratzen da elkartasuna ez dela eguneroko ohitura bat, baizik eta bizitzeko modu bat.

Gipuzkoara joan zen arabar bat zara.

Aguraindik nator. Nire amaren erabakia izan zen handik mugitzea. Ikasteko gogoa izan zuen emakume bat zen gure ama, baina ezin izan zuen ikasi. Herrira iritsi zen maisu batek ikasketek zuten garrantziaz ohartarazi zuen, eta mezu hori eman zigun, seme-alabak ikastera bultzatuz.

Nekazariak zineten?

Bai, baina etxean nekazaritza uztea erabaki genuen. Orduan, amak lehengusuari deitu zion, hura Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan ari baitzen lanean. Gonbita egin zigun, eta horri esker iritsi ginen anaia eta biok Arrasatera. Ordutik, hemen jarraitzen dut; dagoeneko hirurogei urte baino gehiago daramatzat hemen bizitzen.

Zer eragin izan zuen zuen amak besteei laguntzeko duzun bokazioan?

Izugarria. Amak beti laguntzen zien besteei. Etxeko ateak irekitzen zizkion edonori: laguntza behar zuenari eskua luzatzeko prest zegoen. Oso ondo oroitzen naiz oraindik: behin, familia bat ikusi zuen kalean lotan. Amak ez zuen zalantzarik egin, eta etxera sartzeko eta gosaltzen geratzeko esan zien. Halako bizipenek markatu egiten zaituzte. Ez dira ahazten. Egia da garai hartan erlijioak ere pisu handia zuela gure bizitzan, gure balioetan, gure egunerokoan. Horren guztiaren bidez, ohartu gabe, barruan txertatu zitzaigun elkartasunaren sena. Bizitzeko modu bat zen, eta gure nortasunaren parte bihurtu zen.

Nola hasi zen zure ibilbidea alde batetik Ikerlanen jardun profesional teknikoan, eta bestetik Harreman erakundearen bidez garatutako elkartasun lanean?

Urtebetez irakasle gisa aritu nintzen lehenbizi. Ikerlanen lan egitea lortu nuen, eta hori amets bat zen niretzat: ikerketa zentro bat, kooperatiben munduan txertatua. Garai hartan sinetsita geunden teknologiarekin mundua aldatuko genuela. Baina 90eko hamarkadan zerbait falta nuela sentitzen hasi nintzen, eta inguruko hainbat GKEren talde batekin bat egin nuen. Horrela hasi zen Harremaneko ibilbidea, eta 30 urte baino gehiago daramatzat bide honetan.

Zer lan egiten duzue Harremanen?

Bi ildo nagusitan lan egiten dugu: batetik, Arrasaten sentsibilizazioa lantzen dugu, eta, bestetik, nazioarteko bi proiektu ekonomikoki laguntzen ditugu. Bata Mozambiken dago, Mundukide fundazioarekin kudeatzen duguna; eta bestea Indian, kale egoeran dauden haurrei etxebizitza eta formakuntza eskaintzen dien proiektua. Badakigu ez dugula mundua aldatuko, baina bizitza hobetzen lagundu dezakegu, pertsona batzuena behintzat.

Zer diozu GKEekiko dagoen eszeptizismoaz?

Eztabaida irekia da. GKE bateko kide bat ikusten duenean, badago jendea esaten duena: «Zerbaitegatik egongo da hor», interes ezkutuak bagenitu bezala. Baina askotan ezer ez egitearen aitzakia bihurtzen da diskurtso hori. Egia da, noski, gu ere pertsonak garela eta akatsak egin ditzakegula. Baina eszeptiko direnei esango nieke: saiatu daitezela, inplika daitezela. Beste pertsonari begietara begiratu, eta gero erabaki dezatela lagundu nahi duten ala ez.

«Animaliak gara, 'Homo sapiens'-ak, gure izaera oinarrizko eta basatienarekin»

Zure ustez, elkartasuna eta karitatea gauza bera al dira? Nola bereiziko zenituzke bi kontzeptu horiek?

Nire ustez, oso desberdinak dira. Karitatea laguntza momentukoa izan ohi da, eta sarritan pena edo erruki sentimenduarekin lotzen da. Elkartasuna, ordea, askoz sakonagoa da: bestearen larruan jartzea da, ondoan egotea. Elkartasuna ez da goseak dagoenari arraina ematea soilik: arrantzan aritzen irakatsi behar zaio. Guk saiatu nahi dugu laguntza ez dadila kronikoa bihurtu. Elkartasuna ez da banaketa hutsa, baizik eta pertsonen autonomia eta haien prozesu propioak bultzatzea. Hori da gure funtzioa: lagundu, baina beti duintasunez eta parekidetasunez. Karitatea bulkadazkoa izan daiteke, unean unekoa. Elkartasuna, berriz, konpromisoa da, jarraitutasuna, elkarlana. Ez da «ai, pobreak» esatea, baizik eta ulertzea guztiok berdinak garela duintasunean eta elkarrekin lan egitea gauzak benetan aldatzeko.

Munduan gertatzen diren gerrek kezkatuko zaituztete GKEetako kideak, noski. Zer iritzi duzu gaur egungo gatazkei buruz eta, bereziki, Gazako egoerari buruz?

Gazakoa ikaragarria da, baina ez da bakarra. Ukraina, Yemen... pantailan ikusten ez diren gerra asko daude munduan. Gerra beti da boterearen, interes ekonomikoen edo bestelakoen adierazpen bat. Guretzat adierazten du gizatasun absolutu egiazkorik oraindik ez dugula lortu; animaliak gara, Homo sapiens-ak, gure izaera oinarrizko eta basatienarekin. Horregatik, gu geure alea jartzen saiatzen gara. Aurten, adibidez, Elkartasun Eguneko ekitaldian panel bat jarri genuen, bertan jendeak Gerra ez! mezuak idatzi zitzan. Hori da bakearen aldeko gure ekarpentxoa. Jendeak kontzientzia har dezala, behintzat.

Uste duzu gaur egun gizarteari gero eta gutxiago axola zaiola besteen sufrimendua?

Batzuetan, zinemako pelikula bat ikusten ari bagina bezala sentitzen gara. Pantailan agertzen diren gerra eta sufrimendua ohiko bihurtu dira, eta horrek nagikeria sortzen digu, pentsarazten digu ezin dugula ezer egin. Baina ekintza txiki batek itxaropena mantendu dezake. Gure eginkizuna da sugar hori ez itzaltzea, bizirik mantentzea, eta, horrela, itxaropen hori hedatzen jarraitzea.

«Etsipen sentsazioa eta egoismo soziala zabaldu dira, eta horrek dena zailtzen du»

Askotan esaten da hezkuntza aldatu ezean mundu berri bat ez dela posible. Ados zaude?

Oso zaila da bestela. Dirua balio nagusitzat hartzen jarraitzen badugu, edo besteen arazoek gurekin zerikusirik ez dutela uste badugu, orduan ez dugu ezer aldatuko. Etsipen sentsazioa eta egoismo soziala zabaldu dira, eta horrek dena zailtzen du.

Gazteak solidarioak dira?

Interesa badago, baina ekintzak askotan puntualak izaten dira. Gogoan dut GKE batek egindako inkesta bat: gazte askok zioten: «Noski, lagundu behar da», baina praktikan, arropa edo janaria bidaltzea aipatzen zuten. Eta hor sortzen da galdera bat: hori al da laguntzeko modurik onena?

Zer esan nahi duzu horrekin?

Adibidez, arropa erabilia bidaltzeak elkartasunaren aldeko ekintza bat dirudi, eta izan daiteke. Baina zergatik ez dirua bidali, bertako jendeak behar duena bertan eros dezan? Horrela, tokiko ekonomia aktibatzen da. Elkartasuna ez da soilik sobran daukaguna ematea, baizik eta benetako laguntza ematea, ezer ez daukanari duintasuna itzultzea.

Zein da, orduan, benetako bidea?

Nik ez dut erantzun perfekturik. Edukiko banu, jainkoa izango nintzateke. Baina ezin dugu itxaropena galdu.

Harreman elkartea zure lubakia dela esan daiteke.

Bai, zalantzarik gabe. Harreman nire lubakia da, niretzat gune seguru eta inspiratzailea. Hemen aurkitu dut jendearekin konektatzeko eta nire balioak praktikan jartzeko aukera; elkarlana, konpromisoa eta elkartasuna dira hemen nagusi. Horrek ematen dit indarra eta motibazioa, eta horregatik jarraitzen dut hemen.

«Etxebizitza eta heziketa eskaintzen zaizkie, eta askok amaieran erizain izateko edo beste ofizio batzuetan lan egiteko prestakuntza jasotzen dute»

Lehen aipatu dituzu zuen proiektu nagusiak, baina nola funtzionatzen dute proiektu horiek?

Indian, kaleko umeekin eta familia txiroenetatik datozen neska-mutilekin egiten dugu lan. Etxebizitza eta heziketa eskaintzen zaie, eta askok amaieran erizain izateko edo beste ofizio batzuetan lan egiteko prestakuntza jasotzen dute. Horrela, haien etorkizuna eta autonomia sustatzen dira.

Mozambiken, Mundukideren bidez, tokiko pertsonak prestatzen ditugu nekazaritzan lan egiteko, euren ekonomia propioa indartzeko. Aukerak sortzea da gure helburua, karitatea ematea baino gehiago. Horrek laguntzen die euren komunitateetan oinarritutako garapen iraunkorra bultzatzen.

Formakuntzak ematen die duintasuna?

Funtsezkoa da. Gure helburua da pertsonek ikasi eta aldi berean lan egin ahal izatea. Garrantzitsuena da euren kabuz diru sarrerak sortzea eta euren errealitatea eraldatzeko aukera izatea.

Mozambiken izan zara. Zure ustez, garrantzitsua al da bidaia egitea eta hango egoera zuzenean ezagutzea?

Oso garrantzitsua da. Baina ez turismo modura, ez monumentuak edo paisaiak ikustera joanez. Jendearekin egon behar da, haien bizimodua eta sentimenduak ezagutu, haien egunerokoan murgildu. Horrek asko irakasten du, bai maila pertsonalean, bai gizatiarrean. Esperientzia horiek benetan aldatzen zaituzte: zeure burua kokatzeko modu berriak ematen dizkizute, sentsibilizatu egiten zaituzte, eta mundua beste ikuspegi batetik begiratzen ikasten duzu.

Errealitate hori ezagutzeak enpatia pizten du, beraz.

Bai, hori da gakoa. Pena sentimendua ekintza bihurtzen duena da enpatia. «Pena ematen dit» bakarrik esan ordez, «zer egin dezaket nik?» esaten hasten zara. Hor hasten da benetako elkartasuna.

Uste duzu batzuetan sinbolismora mugatzen dela elkartasun ekintza?

Askotan, bai. Momentuko emozioz egiten ditugu ekintzak, keinu sinbolikoak, baina askotan ez dago jarraipenik. Eta aldaketa ez da egun batetik bestera etortzen; denborarekin egiten da, konpromisoarekin, etengabeko presentziarekin. Ondoan egotea beharrezkoa da: haiekin lan egin, entzun eta konfiantza sortu. Hori da benetako elkartasuna: ez une bateko keinu bat, baizik eta epe luzeko harremanak eta prozesuak eraikitzea.

«Aitortza eta lankidetza handia dago. Kultura elkarteetatik hasi eta norbanakoetaraino, ahal duten guztia ematen dute»

Nolako garrantzia du tokiko instituzioekin elkarlanean aritzeak?

Funtsezkoa da. Ez gara inor ezer inposatzeko. Tokiko instituzioekin lankidetzan jarduten dugu, eta, horrela, jarraipena eta zentzua duten proiektuak sortzen dira. Horrek soilik ekartzen du benetako eraldaketa iraunkorra.

Nola finantzatzen dituzue proiektuak?

Gauza asko egiten ditugu: Gabonetako kanpainak, jendearen donazioak, prentsa oharrak, erakusketak, kontzertu solidarioak... Urtero 50.000 euro inguru biltzen ditugu. Ez da asko eman behar, baina jasotzen dutenentzat asko da.

Eta zein da elkartasun komunitatearen eginkizuna horretan guztian?

Aitortza eta lankidetza handia dago. Kultur elkarteetatik hasi eta norbanakoetaraino, ahal duten guztia ematen dute. Sare hori gabe, zaila litzateke aurrera jarraitzea.

Zein da gizatasuna garatzeko giltza?

Behin emakume batek oso gauza polita esan zidan mahai inguru batean: «Jendeari begietara begiratu behar zaio». Eta egia da. Begietan pertsona ikusten da, ez rolen atzean dagoena, ez jatorria, ez pobrezia edo aberastasuna. Pertsona bera. Han hasten da enpatia. Eta, agian, han hasten da aldaketa ere. Gure gizarteari ez zaizkio falta teknologia edo baliabide gehiago, baizik eta elkar begiratzeko, ulertzeko eta zaintzeko gaitasuna. Horixe da gizatasuna: norbere burua besteengan ikustea, eta horren arabera jokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.