Elkartasunaren Marijaia iritsi da

Elkartasuna eta jaiak aldarrikatuz abiatu da aurtengo Aste Nagusia. Nati Ovelleirok errefuxiatuei zein etorkinei eskaini die pregoiaren zati handi bat. Ane Ortiz Ballesterok suziria piztu, eta hasi da jaia.

Elkartasunaren Marijaia iritsi da.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Senegal, Siria, Ekuador / Nigeria, El Salvador / Bilbon denontzat dago tokia / Ez da ilegala inor!». Egun da Santimamiña bertsoen doinuarekin kantatu zuen kopla hori, atzo, Nati Ovelleiro Bilboko Aste Nagusiko aurtengo pregoilariak. Arriagako balkoian zegoen, eta parean zuen plaza jendez beteta. Amaitu zuen kopla, eta plazako milaka pertsonei gonbitea egin zien kopla berriz kantatzeko. Denek batera errepikatu zuten bertsoa, eta berriz ere Bilbon inor ez dela ilegala oihukatu zuen berak eta plazako jendetzak. Marijaia azaldu zen ondoren Arriagako balkoira, Ane Ortiz Ballesteros txupinerak suziria piztu zuen, eta Bizkaiko hiriburuan festa hasi zen. Une horretan Kepa Junkerak Aste Nagusirako egindako kantua entzun zen bozgorailuetatik, eta plazan bildutako jendetza dantzan eta kantuan hasi zen. Bederatzi egun eta hamar gaueko astea hasi zen horrela Bilbon.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Ovelleiro, eta horregatik, une honetan pil-pilean dagoen gaiari heldu nahi izan zion jaiei hasiera ematen dien mezuan. Aldarrikapenez betetako pregoia izan zen, denak ere koplaka eta errimaz errima lotuak, eta zati handi bat euskaraz egina: «Aste Nagusia heldu da / Ez harresi, ez alanbre, ez muga / Mundutik Bilbora, eta Bilbotik mundura / Biba elkartasuna, gora kultura!». Denetariko pertsonei egin zien jaietara inguratzeko deia Ovelleirok:«Etorkin, langabetu, mantero, etxe kaleratu / Ekologista, ikasle, konpartsero, kartzeleratu... / Aste Nagusia zeu zara! / Bederatzi egun, hamar gau... Denok bilbotarrak gara!». Hain zuzen, Bilbok pertsona horiei guztiei ateak zabaldu dizkiela nabarmendu zuen pregoian aurrera jarraituta: «Babes hiria, eta ez soilik jaietan... / Nola onartu muga eta zorigaiztoko legeak / gure herrian horiek ezarriak direnean?».

Aldarrikapenez bete zuen horrela pregoia Ovelleirok, baina festak direla ahaztu gabe. Bertara inguratzeko nahia duen edonori ongietorria egitearekin batera, jaietan ongi pasatzeko deia ere egin zuen ostera: «Kontzertu gehiago, eta kontzertina gutxiago / errima gehiago, eta mina gutxiago / musuak, laztanak, goxotasuna... / Baina erasorik ez! Izkinetan susto gehiagorik ez!». Festetan errespetua nagusitzeko eskaera egin zuen horrela.

Isilunea atentatuen harira

Festa hasteko momentua izan zen hori, Ovelleiro eta Ortiz Ballesteros Arriagako balkoira irten zirenekoa. Baina aurretik protokolozko ekitaldia izan zen antzokiaren barrualdean. Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu inguratu ziren jaien hasierako unera, eta horiekin batera baita alderdi politiko ezberdinetako ordezkari eta legebiltzarkideak ere. BilbokoUdaleko zinegotzi eta ordezkariak ere bertan ziren, eta baita konpartsa bakoitzeko ordezkaritza bana ere. Horiek guztiek osatzen zuten txupinazoaren aurretik antzokia barruan bizi izan zen giroa. Anitza bezain koloretsua.

Kolorea, ordea, plazan zegoen. Txupinazoa baino ordu erdi lehenago hasi zen jendea bertara inguratzen, eta horiekin batera baita konpartsakideak ere. Bakoitzak bere bandera eta bere aldarrikapen mezuak zeramatzalatela egin zuten sarrera hori. Bakoitza bere kolorearekin, eta batzuk baita euren pankartekin ere. Etxe kaleratzeen aurkako kartelak ikus zitezkeen plazan, euskal presoen Euskal Herriratzearen aldekoak, borroka feministaren aldekoak, amnistia osoa eskatzen zutenak, Euskal Herria eta Kataluniarentzako independentzia aldarrikatzen zutenak eta zezenketen aurkakoak. Horiek guztiek osatu zuten plazako kolorea txupinazoaren aurreko momentuetan.

Baina lehen aldarrikapen mezu ozena Arriagako balkoitik iritsi zen, Ovelleiroren ahotan. Pregoia hasi eta berehala, gainera:«Bilbotarrok, hemen zaudetenak / etorri nahi eta ezin dutenak / etorriak, etorriko direnak / ongi etorri denak! / Eta herri katalanei besarkadarik beroenak!». Aste honetan Bartzelonan izandako atentatuei egin zien keinu horrela pregoilariak, eta jendeak txaloka hartu zituen hitz horiek. Ordubete lehenago, antzokiaren barruan hasi zen protokolozko ekitaldiean ere minutu bateko isilunea egin zuten atentatuetako biktimen omenez.

Elkartasun hitzak eta isilunea eragin zituzten aste honetako atentatuek, baina baita segurtasun neurri zorrotzagoak ere. Segurtasun sailak ertzain gehiagoren presentzia bermatu zuen atzo goizean, eta arratsaldean hala ikus zitezkeen. Aurreko urteetan ez bezala, Areatzako jaigunera iristeko sarbide denetan Ertzaintzaren presentzia nabarmena egon baitzen atzo arratsaldeaz geroztik.

Baina ororen gainetik festa izan zen atzo Bilbon protagonista. Festetan parte hartzeko gonbitea egin zuen pregoilariak, «berdin du jatorria, generoa azala... / Besozabalik Marijaiak bezala». Dei hori egin ondoren, eta behin suziria lehertu ondoren, jaitsi zen Marijaia txosnagunera. Txosnaz txosna ibili zen jaietako protagonista nagusia, eta era horretan jaigunea zabaldu zuen datorren aste osorako. Jaiak ez du etenik izango itsasadarrera itzuli eta erretzen duten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.