ATZEKOZ AURRERA. Raabub Mohamed Lamin Mehdi. Medikua eta Doctora Beituha elkarteko lehendakaria

«Emakumeak dira lehen biktimak gerra batean; hala dira Saharan ere»

Lurralde okupatuan eta errefuxiatu kanpamentuetan bizi diren andreei laguntzen dihardu Laminek. Haien egoeraz ohartarazi du.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Medikuntza ikasi zuen Raabub Mohamed Lamin Mehdik (Smara, Mendebaldeko Sahara, 1974), Kuban ikasi ere, beste hainbat sahararrek egin moduan. Portugalera joan zen handik, lagun batek Euskal Herrira etortzeko gonbita egin zion arte. Gasteizen bizi da orduz geroztik; zazpi urte daramatza mediku gisa lanean bertan. Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan aritu zen atzo, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin batera, Agirre Lehendakaria Centerrek antolatutako hitzaldian.

Doctora Beituha elkarteko lehendakaria zara. Mendebaldeko Saharako gatazkaren ondorioz kaltetutako emakumeei laguntzea du xede elkarteak. Nolatan sortu zenuten elkartea?

Sahararrok atzerrira joan behar izaten dugu goi mailako ikasketak egitera. Asko Kubara joaten gara, ematen dizkiguten laguntzengatik, eta bertan elkartzen garenok familia bat osatzen dugu ia. Urte asko ematen ditugu senitartekoengatik urruti, eta distantziara egote horrek nolabaiteko laguntza eman nahi izatera eraman gintuen; horregatik sortu genuen elkartea. Emakumez osatutako elkartea da, batez ere, eta orotariko laguntza ematen diegu Saharako herrikideei. Baina emakumeengan arreta berezia jartzen dugu, haiek behar bereziak baitituzte.

Zergatik?

1970eko hamarkadako gerraren ostean, haiek dira egoeraren ondorioak gehien pairatu dituztenak, eta oraindik ere gehien sufritzen ari direnak. Gerra guztietan gertatzen da: emakumeak dira lehen biktimak; hala dira Saharan ere.

Zein behar dituzte?

Marokok okupatutako lurretan geratu ziren emakumeek, esaterako, askotariko erasoak jasaten dituzte: sexu erasoak, tratu txarrak, irainak... Errefuxiatuen kanpamentuetako andreek, bestalde, gerraostearen ondorio fisiko zein psikikoak jasaten dituzte gehiago. Urte asko dira errefuxiatu gisa bizi direla, eta batez ere emakumeak dira kanpamentuetan denbora luzez bizi izan direnak. Kontuan izan behar da, gainera, nazioartearen laguntzarekin irauten dutela bertan, horrek izan ditzakeen ondorio eta gabezia guztiekin.

Diasporako emakumeak ere kontuan dituzue, halere.

Hala da. Diasporan bizi diren emakumeek ere zailtasun ugari dituzte, migratzaile orok jasaten dituen modu berean. Beraz, haiei ere laguntzen diegu.

Zer laguntza ematen diezue elkartetik, zehazki?

Giza laguntza emateaz gain, osasun arreta eta laguntza ekonomikoa ere ematen diegu behar dutenei. Finean, behar duten edozertan laguntzen ahalegintzen gara. Herrikide garenez gero, babesa ere adierazten diegu, etxeko berotasuna. Horrez gain, gure kultura sustatzeko egitasmoak ere egiten ditugu, bai hemen eta bai Kuban. Ikasle ohien topaketak ere egiten ditugu.

Ez zarete laguntza jakin batean zentratzen, beraz.

Hala da. Izan ere, diziplina anitzetan adituak daude elkartean: medikuak, erizainak, ingeniariak, dentistak, langile sozialak... Eta aniztasun hori baliatzen dugu unean uneko laguntza emateko.

Urteen joanarekin, emakume sahararren egoera aldatu da?

Esango nuke hobera egin duela. Emakumeok Saharan ere aurrera goaz, oso geldo bada ere. Munduko gainerako andreek egin moduan, asko lortu dugu guk ere, baina oraindik asko dugu lortzeko. Edonola ere, gero eta emakume trebatu gehiago ditugu, elkarren arteko babesa ere handiagoa da, eta nazioarteko gainerako emakumeengandik ere esperientzia ugari jaso dugu. Horrek guztiak asko lagundu digu.

Zuk zeuk baliabide ugariz hornitutako ospitale batean egiten duzu lan, Gasteizen. Zer pentsarazten dizu horrek?

Zaila da oso niretzat: lan hemen egiten dut, bai, baina burua eta bihotza han dauzkat beti, nire herrialdean, Saharan. Egoerek ez dute zerikusirik, eta barne frustrazio bat izaten du norberak. Hori dela eta, oso jakitun nago edozein material erabiltzeak duen kostuaz, adibidez. Txikikeria bat izan daiteke hemengo batentzat, baina oso esanguratsua da hango egoeraren berri dugunontzat.

Nola ikusten duzu gazte sahararren etorkizuna?

Zaila da haien egoera, eta kezkaz bizi dut. Urte asko dira egoera kaskarrean bizi direla, eta gauzak aldatu bitartean modu berean jarraitu behar izateaz gogaituta daude. Konponbide baketsuaren aroa amaitu dela uste dute askok, munduak bizkarra eman diela sinetsita daude. Gerrara joan nahi dutela esaten diote Fronte Polisarioari. Gogorra da halakoak entzutea. Kezka dut, baina ulertzen dut haien etsipena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.