Gradu amaierako lan gisa, Leku baten bila podcasta ondu du Iraia Cambrak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 2003). Musikaren arloan Euskal Herriko emazteen egoera aztertu du bertan. Emazte musikari eta kantari franko gomitatu ditu horretarako, eta hiru ardatz nagusi hartu ditu aintzat podcastaren nondik norakoak finkatzeko. Genero estereotipoen eraginaz aritu da lehen atalean; lan aukeren eskuragarritasuna jorratu du bigarrenean; eta emazteek musika jaialdietan duten ikusgaitasun eta presentzia «falta» ikertu du azkenekoan.
Datu deigarri bat eman duzu zure lanean. Emazteen ordezkaritza %40 baino gutiagokoa da Euskal Herriko jaialdietan.
Euskal Herriko datuak aurkitzeko zailtasun handiak izan ditut, datu gutxi daudelako, eta egia da bilakaera bat ikustea nahiko zaila izan dela oro har. Lanerako, Gaztea irratiaren laguntza izan nuen datuak lortzeko. Unescoren, Emakunderen eta Musika Industriako Emakumeen Elkartearen txostenetatik atera ditut datuak. Aipatu duzun datuaz gain, EHUk beste hainbat datu argitaratu izan ditu, eta horiek erakusten dute emakumeen %70ek baino gehiagok haien lana gutxiesten dutela gizarteak ezarri dizkion estereotipoengatik eta presioengatik. Datu garrantzitsua iruditzen zait.
Azken finean, oholtzan ere gizartean erreproduzitzen diren indarkeria mekanismoak ageri baitira, ezta?
Oholtzan, askotan, emakumeak epaituak dira itxura fisikoagatik, kantatzeko moduagatik edo egiten dituzten mugimendu jakin batzuengatik. Horren harira, podcastera ekarrarazi ditudan emakumeek aipatu izan didate musikariak direla, ez direla erakusleiho batean ezartzen den produktua. Ezberdintasun handia nabaritzen da emakumeei edo gizonei eskatzen zaienaren artean. Gizonei ez zaie sekula itxura fisikoagatik edo janzteko moduagatik ezer esanen; emakumeei, aldiz, bai.
Horrez gain, musikaren arlora heltzeko zailtasun handiak eta egoera prekarioak azpimarratu dituzu.
Euskal Herria eremu txikia denez, lan aukerak zailak dira. Emakumea bazara, are zailagoa da eremu horretara heltzea, eta, gainera, askotan talde handiei baizik ez zaie egiten lekua. Horien barnean badaude emakumeak, baina ez zaie ematen gizon taldeei bezalako lekurik. Nahiz eta 2005ean onartu zuten [Araba, Bizkai eta Gipuzkoako] Berdintasun Legea eta kultur arloa barne izan, ikusten ari gara ia-ia ez dela aplikatzen. EAEn, esate baterako, BBK Live eta Donostiako Jazzaldia kontuan hartuta, emakumeen presentzia %18koa bakarrik da.
«Nahiz eta 2005ean onartu zuten [Araba, Bizkai eta Gipuzkoako] Berdintasun Legea eta kultur arloa barne izan, ikusten ari gara ia-ia ez dela aplikatzen»
Musikaren arloan irauteko zailtasunak ere nabarmendu dituzu.
Eneritz Aulestia izan dut podcasterako atal batean, eta ama izan da berriki. Hark esan dit ama dela-eta jendeak galdetzen diola ea oholtza behin betiko utziko duen. Gizon bat aita izaten denean, sekula ez zaio galdetzen ea oholtza utziko duen. Beraz, azken finean espero da emakume musikariek zaintza erdigunean jartzea ama izaten direlarik eta oholtza alde batera uztea. Gizon asko, berriz, aita dira, eta asko asteburuetan oholtzan egoten dira, umeak etxean utzita; hori ez zaie sekula zalantzan ezartzen.
Berdintasuna bermatzeko, azkenaldian kuotak jarri izan dituzte jaialdietan. Zer erran dizute horri buruz?
Iruditzen zait batzuetan ondo geratzeko mekanismo gisa baliatzen dituztela kuotak. Azken urteetan asko entzuten da kuotak bete behar direla, baina errealitatean ikusten da horiek ere ez direla betetzen. Modan jarri den hitza dela uste dut, batez ere jaialdietan. Nahiko penagarria da kuota bat bete behar izatea, eta artistek aipatu izan didate askotan programatzaileek —jaialdi handietan, behintzat— kartela betetzen dutela, eta ondotik kuotak betetzen hasten direla, emakumezko taldeak deituz. Publikoaren eta erakundeen aurrean berdintasunerako bidea eraikitzen ari zarela ematen du, baina horren atzean itxurakeria da nagusi.
Kuotek ez dute balio, beraz?
2005eko legeaz gero, gauzak aldatu dira. Belaunaldi berriak lan pila bat egiten ari dira egoera aldatzeko. Hala ere, esan daiteke errotik aldatu behar dela egoera, 2005eko legea askotan ez baita betetzen. Instituzioetatik hasi eta programatzaile guztiak beharko lirateke lehenik eta behin sentsibilizatuak izan. Ondotik, egiazko politika inklusiboak egin beharko lirateke, ezer makillatu gabe.
LOTSABAKO
Elkarrizketatu batek erran datu deigarri bat?
Ane Negueruela elkarrizketatu nuenean esan zidan kontzertu askoren ostean jendeak esaten ziola: «Zer soineko polita duzun!», eta oholtza kide duen gitarra jole gizonari jendeak komentatzen ziola ahotsa zein ederra zuen eta musikari fina zela.Ikertu nahi zenukeen gaiaren bertze ertz bat? Musikaren munduan gertatzen diren genero indarkeriak.