Udako proposamenak

Emakumeek idatzitako euskal literaturari so

EHUko Laida ikerketa taldeak antolatuta, lau euskal idazle emakumezkok idatzitako literatura aztertuko dute etzi eta ostiralean, Bermeon egingo duten hitzaldi ziklo batean.

Miren Agur Meaberen 'Azalaren kodea' liburua aztertuko du Irati Sasieta ikerlariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Miren Agur Meaberen 'Azalaren kodea' liburua aztertuko du Irati Sasieta ikerlariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Katixa Agirre, Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe... Asko dira euskal letrak aberasten dituzten emakumezko idazleak; hainbeste, non haiek egindako literatura beren-beregi ikertzen jarriak baitira literatur ikertzaileak aspaldi samarretik. Hain zuzen, lan horretan dihardu Euskal Herriko Unibertsitateko Laida ikerketa taldeak, eta horren bueltakoa izango da etzi eta ostiralean Bermeoko Arrantzaleen Museoan (Bizkaia) egingo duten hitzaldi zikloa. Zehazkiago, lau idazle horien obrari erreparatuko diote.

«Hitzaldi zikloak bi helburu ditu: guk egindako ikerketa agertu, eta, etorkizunari begira, irakasle direnei tresnak eman liburu horiek prestatuz joateko», azaldu du Jon Kortazar literatura ikertzaileak; Laida taldeko burua da. Hain zuzen, hitzaldi zikloan bertan aurkeztuko duten liburu baten harira egingo dituzte mintzaldiak. Ahotsak gorpuztuz du izena, eta liburua bera ere gorpuztuz joan da, hasieran bost kapitulukoa baitzen, gero zazpikoa, eta Bermeon aurkeztuko dutena, berriz, bederatzikoa. 

«Gure ikuspegia zabalduz joan gara. Momentu batean konturatu ginen Euskadi sarietan, narratiban —hori aztertzen dugu liburuan—, hasi zela emakumezkoen literatura agertzen», kontatu du, eta, horregatik, sari haiek jaso dituzten emakumezko idazleetako batzuen lanak landu dituzte; Eider Rodriguezenak eta Karmele Jaiorenak, kasurako. Haien obraren azterketa ekarriko dute hitzaldi ziklora ere. Halaber, itzulpenei ere garrantzia eman diete, hau da, liburuek kanpoan izan duten indarrari; horregatik aztertu dute Katixa Agirre liburuan, eta horrexegatik izango dute hizpide Bermeon. 

Miren Agur Meaberen Azalaren kodea poesia liburua ere aztertuko dute ostiralean, nahiz eta apenas lantzen den liburuan. Zergatik hautatu dute aztergai gisa? Bada, datorren ikasturtean selektibitatera aurkeztuko diren ikasleek ere huraxe aztertu beharko dutelako.

Agerpen historikoa

Hitzaldi zikloa, baina, gaurko idazle emakumezkoen agerpen historikoa aztertuz hasiko du Kortazarrek, etzi, 10:00etako sarrera ekitaldiaren ostean. «Testuak aztertu ordez, prozesu historikoa nola izan zen ikusiko dugu». Azalpen horren ostean, 11:00etan, Katixa Agirreren Amek ez dute nobelan zentratuko da Aiora Sampedro literatur ikerlaria; liburu haren harreran eta itzulpen prozesuetan jarriko du soa, zehazki. 

12:30ean Jon Zabala Olaguenaga ikertzaileak Karmele Jaioren Aitaren etxea aztertuko du. «Maskulinitate berriak azaltzen dira; datorren urtean batxilergoan irakurri behar da. Liburua aztertuko da, eta testua institutuetan nola erabili behar den azaldu ere bai», nabarmendu du Kortazarrek. Horixe bera egingo dute ostiralean landuko dituzten liburuekin ere: 10:00etan, Paloma Rodriguez-Miñambresek Eider Rodriguezen Bihotz handiegia ekarriko du hizpidera —«gorputzaren garrantzi filosofikoa feminismoan nola agertzen den lantzen da»—, eta Irati Sasietak, berriz, Miren Agur Meaberen Azalaren kodea, 11:00etan hasita; «aztertuko dugu postmodernitateak nolako eragina izan duen liburu horretan». Amaitzeko, Ahotsak gorpuztuz aurkeztuko dute.

2024an literatura eta nazioa aztertu zituzten, eta iaz, Gabriel Aresti. «Publiko fidela» dute, eta askok izena emana dute ja. Oraindik bertaratzeko aukera badago, dena den; laidataldea@gmail.com helbidera idatziz gordetzen dute lekua, doan.

Jendea izena ematera bultzatu du Kortazarrek. Izan ere, garrantzia eman dio literatur ikerketari: «Literatur ikasketak egin beharrekoak direla uste dut, iruditzen baitzait literatura barik gizarte bat ez dela osotzen. Literaturaren funtzio nagusia gizarteari tresna sinbolikoak ematea da, eta garbi dago hizkuntzaren aberastasunarekin lotu beharko genukeen gai bat ere badela, baita estetikarekin eta gustuarekin ere. Hori guztia aztertzen du literatur ikerketak».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA