Kapitalismoak, betikotzeko, norbaiti lapurturiko kapitala sisteman etengabe sartzea ezinbestekoa duela argudiatzen du Silvia Federici irakasleak. Nondik ateratzen da, ordea, kapital ikusezin hori, kapitalismoaren motorrak erregai gisa erabiltzen duena? Federiciren arabera, emakumeek kobratu gabe egiten duten lanetik. Caliban and the Witch liburuan azaltzen du Federicik teoria, eta, besteak beste, sorgin ehizaren inguruan mintzo da. Espainiako Gobernuak berriki onarturiko Abortu Legeak inkisizioaren jardunarekin duen lotura azalduko du gaur, Bilbon.
Federiciren arabera, sorgin ehiza «genozidioa» izan zen, «kapitalismoaren bidea erakusteko». Inkisidoreek zigortu nahi izan zituzten jarduerak«kapitalismoaren lan diziplinaren aurkakoak ziren». Ugalketa kontrolatzen saiatzeagatik erre zituzten emakumeak, eta, gaur ere, kontrazepzioa deabruzkotzat dute elizgizonek.
Feminista askok «kapitalismoak agindutako ugalketa arbuiatu» dutela dio, baina «ez ugalketa bera». Beste baldintza batzuetan eginez gero «ugalketa lana sormen prozesua» izan daitekeela gaineratzen du. Ugalketak eta haurren zaintzak dakarten lana pertsona talde batean banatzea proposatzen du.
HITZALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Bilborock aretoan,Bilbon.
Emakumeen aurkako inkisizioa
New Yorkeko Hofstra unibertsitateko Silvia Federici Abortu Legearen inguruan arituko da Bilbon

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu