Zer duzu haragiaren kontra, jakin baliteke, Mosen Pedro? Zeuri irakurri dizugu: «Haragiari hain plazer zaio plazera, naturalki desiratzen dugu». Zer dugu, hortaz?
Itsas hondargabe honetan sartzen naizela, ez dut uste dela ez dakienik gure arimaren etsaiak direla hiru: mundua, deabrua eta haragia. Eta haragia da etxeko ohoina, barreneko etsaia, betiere gurekin dagoena. Zurari pipia, oihalari zerrena, urdaiari zedena eta haragiari harra bezala, gau eta egun alha zaiguna, tentatzen eta narriatzen gaituena, geuregandik ezin egotz dezakeguna. Halako moldez, ezen errazago baita hartzaz mintzatzea eta begiratu behar dela erraitea, begiratzea baino. Flako da haragia, eta sendo.
Flako da, ala sendo?
Flako da defendatzeko, sendo da tentatzeko eta kilikatzeko. Anitz habe, fabore eta sostengu behar du on edukitzeko, erori gabe egoiteko. Eta asko du deus guti, okasio ttipi bat, limurtzeko, behaztopatzeko eta erortzeko. Pertsona amorosak ez dakusa, ez daki zer ari den: bere gogo guztia haragian dauka. Jatean, edatean, ohean datzanean, hartan pentsatzen du. Bere solasak eta ametsak ere, hartzaz egiten ditu. Ez du nahi bertze gauzaz nehor mintza ere dakion. Itsu da, ero da, zentzutik kanpoan da. Halatan, lehenagoko poetek pintatzen zuten Kupido, amorosiaren jainkoa, haur eta itsu. Itsu, zeren ez baitu ikusten. Haur, zeren ez baitu adimendurik. Eta badio Plutarkok ere gaitz dela amoros izaitea, eta zentzuan egoitea. Zyro bezala da halakoa.

Zyro?
Bai, Zyro. Enperadore handi hura. Ez duzu aditzea, dena jakin ustezko ezer ezjakina? Zyro enperadorea hain itsutu eta ergeldu zuen Apama bere amoranteak, non hartzaz nahi zuen guztia egiten baitzuen. Alde batetik eta bertzetik beharrondoka ari zitzaion. Batean bizarra, bertzean beharriak tiratzen zizkion: haur batekin bezala, harekin dostatzen zen Apama. Eta guztietan enperadore eroa, hortzak hirriturik, irriz, beha zegokion. Mirailean bezala amorante hartan miratzen zen, haren alegeratzeaz alegeratzen zen, eta tristetzeaz tristetzen. Eta emazte gaiztoak batzuetan bere burua berariaz haserre iduri egiten zuen, eta orduan enperadore zoroak ahal ziren asmoak eta entsaioak egiten zituen amorantea balakatzeko eta baketzeko. Amorantea zen nagusi, no zen to, emaztea gizon, oiloa oilar.
«Pertsona amorosak ez dakusa, ez daki zer ari den: bere gogo guztia haragian dauka»
Hori entzuna nago lehenago ere, no zen to eta gainerako patrifilio eta erretolika.
Erran behar dizut esku handia hartzen duela emazteak amoros itsutuaren gainean, halako enperadore bat eme ezdeus batek hala errendatzen duenean.
Asko baino gehiago erratea da hori, Mosen Pedro.
Zaude, eta entzun. Munduan ez da gauza preziatuagorik libertatea eta nagusitasuna baino.
Horretan zurekin bat etorriko zen Mirande...
Mirande?... [Ez du zeruko belardietan ezagutu, inondik ere, eta hitzari hitz segitu du] Hala libertatea nola nagusitasuna galtzen ditu amoros itsuak, emaztearen hitz ederrei eta mainei behatzen zaienak. Hala galdu zituen bere libertatea, nagusitasuna, eta bai azkenean bizia ere, asirioen errege batek Semiramis II.a emazte eder famatu hura zela kausa.
«Nehork debeku den gauza, sori ez dena, desiratzenago du, hartara lehiago du»
Kausa... ez dakit, bada.
Semiramis emazte eder hura zela kausa, bai, eta izan zen kasua...
Kausa ala kasua?
Emazte eder hura zela kausa izan zen kasua! Izan zen kasua Eliano Greziako eskiribatzaile batek kontatzen duen bezala. Entzun zuenean errege hark Semiramis emazte haren edertasunaren fama, kilikatu zen, gutiziatu zen, erakarri zuen, ikusi zuen. Eta ikusi zuen bezain fite, atzeman zen, sua piztu zen eta amorio bero itsu batez onetsi zuen. Eta noiz eta amorio hura baitzegoen goren puntuan eta graduan, iduriturik ezen orduan zela okasiorik eta paradarik hoberena nahi zuenaren egiteko, egin zion emazte gaiztoak otoitz erregeri, arren, denbora apur batez, bortz egunez, eman ziezaiola bere zuen eskua eta boterea, bitarte horretan utz zezala erresuman manatzera. Erregek aitzin-gibel guti behaturik, eta maliziarik edo enganamendurik ahal zitekeenez gogora ere gabe, erran zion deblauki baietz, deusetan ere dudatu gabe.
Ez zuen, horratik, oraingo eguneko erregeren antz edo eiterik...
Semiramis haren kasutik ikasiak dira, menturaz.
«Emaztetan ez dabilen apeza, emazu saindutzat. Eta, dabilena, hala dabileino, emazu galdutzat»
Eta, orduan, zer izan zen asirioen errege hartzaz?
Berak lehenik agur egin zion Semiramis eder famatuari, berak bere eskuz koroa buruan ipini zion, eta manatu zuen, biziaren penan, hurreneko bortz egunetan Semiramis hark manatzen zuen guztia egin zedila. Eta hain aitzina iragan zen egitekoa, non ikusi zuenean emazte gaiztoak nola zen obeditua, manatu baitzuen errege berari burua ireki ziezaiotela. Eta nik ez dakit nola hartu zuen erregek egitekoa, baina berehala manua konplitu zen, eta trufan-burlan burua ireki zioten. Eta gelditu zen Semiramis errege eta erregina, eta errege itsua bere erresuma eta bizia galdurik desohorezki finatua.
Haragiaren plazerak, desira desordenatuak, adulterioa... zein dira arrazoiak?
Poetak adulterioa deitzen zuen ebasgoa, ohoinkeria. Hau da lehenbiziko arrazoia, zeren gizon ezkonduak berea baino bertzerik nahiago duen. Zeren berea ez baitu debeku, eta bai bere ez duena, eta nehork debekura lehiago baitu. Halaber, bigarren arrazoia emaiten du San Jeronimok: «Nehork debeku den gauza, sori ez dena, desiratzenago du, hartara lehiago du». Eta Salomonek berak ere: «Ur ebatsiak eztiago eta gozoago dira». Betierekoak higuintza emaiten du, aldatu nahia ekartzen du.

Utzidazu hitz bertze egiten Mosen Pedro, eta zu baino lehenagoko apaiz baten kasua ekartzen. Berrikitan, Koldo Azkona musikariak jakinarazi dio munduari Mosen Bernart Etxepare apeza ume baten aita izan zela, apeztu eta urtebetera, 1512an-edo. Ez da amaren berririk, Eiherelarren edo Garazin biziko zela da hipotesia. Etxepare, batetik, eta bestetik, berriz, Eliza baitako sexu-gehiegikeriak. Zer diozu?
Eritasun honetaz kutsatua gertatzen den elizgizona are da gaizkiago eta galduago. Peril da halakoak ahaide pobre guti ezkonduko duen, erremusinak bakan eginen dituen. Zeren amorantea eginez gero, bere gogoa eta bihotza haren baitan ipintzen baitu, eta bere onak ere harekin gastatzen eta hondatzen baititu. Emaztetan dabilena ez da apezetako on.
«Pertsona bat denean hordi eta emakoi, jan-edanera eta emaztetara emana, utziko ditu denborarekin emazteak, baina ez edatea»
[Pentsatu ere ez nik Mosen Pedrori zelibatoaz galdegitea].
Eta hain da egia hau, non uste baitut ezen, emaztetan faltarik ez duen apezari, bertzerik anitz falta izanagatik ere, haiek guztiak hobeki barka, estal eta disimula dakizkiokeela, eta bertze guztiek ez dutela hala desbistatzen, eta ez bere ohorean notatzen, nola emazteekin ibiltzeak eta kutsatzeak. Emaztetan ez dabilen apeza, emazu saindutzat. Eta, dabilena, hala dabileino, emazu galdutzat. Begira bitez printzipalki elizgizonak eta pertsona ezkonduak, baina gero begira bitez bertze guztiak ere haragiaren lohian sartzetik eta hidoiztatzetik.
Zahartzean, menturaz, erremediatuko ditugu haragiaren plazeretik, amorio desordenatutik datozkigun kalte guztiak.
Emaztetarik apartaturik egoiteko gogoa, hain ongi hartu behar da zahartzean nola gaztean. Zeren gogoaren aldetik denaz bezainbatean, bada hurran-hurran hainbat peril zahartzean nola gaztean. Pertsona bat denean hordi eta emakoi, jan-edanera eta emaztetara emana, erraiten ohi da komunzki halakoagatik, utziko dituela denborarekin emazteak, baina ez edatea. Zeren emaztetako indarra flakatuko baitzaio, baina ez edatekoa hala. Bada, jakizu ezen gizon putanera, gaztean beti hala izatu dena, zahartzean ere komunzki hala ohi dela: ez obraz, baina bai gogoz. Zeren gogoa beti da gazte, eta gaztetasuneko usantzek zahartzean ere gogoa errekeritzen dute. Zaharrak bekatu gutiago egiten badu ere obraz, ordea, guti haren egiteko, gogoa beti hartan dauka.
Ari zara baina, zahartuz gero...
Zahartuz gero, adin batera helduz gero, odola hozten da, naturaleza flakatzen da. Eta hala, zahartzeko amorosia da gaiztoena, zeren hura baita gogoarena, naturaleza bortxatu nahizkoarena, okasio gabekoa, kondenatzeko seinalea. Halakoari erran ahal dakio, Udo zeritzan bati erran zitzaiona: «Asko jokatu zara, zahartu zara, ez gehiago bihur. Akaba jokoa, zerori akabatu gabe. Utz zuk hura, hark zu utzi gabe». Baina Udo hark ez zuen utzi, eta hala, fin gaitz egin zuen, eta eginen duzu zuk ere, baldin zahartzean bederen gogoa hartarik aldaratzen ez baduzu.
Nik egin? Nik egin zer, ordea? Niri ari zatzaizkit, zuzenean?
Bai, zuri, eta zu bezalakoei: trabaila zaitez, egitekotan ibil zaitez, zerbaitetan enplega zaitez, alfer egoitetik begira zaitez, eta halatan begiratuko zara emazteekin huts egitetik ere. Zeren alferkeriatik heldu da amorosia, emaztetako gogoa, oroitzapena. Eta bai malizia pentsatzea, eta nahastekamenduen egitea ere. Haragiaren apetitu desordenatuak egiten dituen desordenuez eta kalteez mintzo garenez geroztik, edirenen dugu ezen emazte gizakoiak eta gizon emakoiak, pertsona putanerak, ez duela deusetan ere sosegurik, eta ez pausorik.
DANTZATIK, OKASIOA
«Kastitatea begiratu nahi duenak, ez du dantzatu ere behar, eta ez soinuak diren lekura joan. Lehenago, jentilen artean eta denboran, desohore zen dantzatzea, eta, hala, ez zen jende ohorezkorik eta kontuzkorik dantzetan edireiten. Zizeronen errana da: ‘Nehor guti dantzatzen da edana ez denean, adimenduan dagoenean’». Jende gazte arinen, zentzuz baino zangoz fidago direnen ofizioa da dantza. Dantzan ez da okasio gaiztorik baizen. Han ahalkea galtzen da, ezagutzatan sartzen da, solastatzen da, trebatzen da, eskuztatzen da, mandatua egiten da eta, azkenean, behar ez dena sortzen da.
»Erran behar da gauza gaiztoa eta okasiotsua dela dantza, hartzaz dioenean San Agustinek: ‘Hobe da eta bekatu gutiago da igande egunetan golde nabarretan eta lur lanetan trabailatzea, ezen ez dantzan aritzea’. Eta haur erraiten du honela, ez zeren dantzatzea bera hain gauza gaiztoa den, baina zeren dantzatik anitz okasio behar ez denik sortzen den».
(Gero, XLIV. kapitulua)