ATZEKOZ AURRERA. Patxi Garat. Kantaria

«Ene kantuek eta bozak badute nik baino melankolia haboro»

Duela hogei urte utzi zuen Patxi Garatek Sarako plaza, Frantzian arrakasta biltzeko. Hamar urtez isildu ondoren, 'En basque' diskoa atera berri du, baina euskaraz. Etxera itzultzeko «enbeia» du.

GUILLAUME GARAT.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Erroetarat itzultzen» ari da Patxi Garat (Sara, Lapurdi, 1981): En basque hirugarren bakarkako diskoa euskaraz atera baitu. Hamabi frantses kantu ezagunen bertsioak dira.

 

Egia da «itzaletan urtu» zarela duela hogei urte Frantzian bildu zenuen arrakastatik landa?

Bi disko ateratzetik, oharkabean pasatu zaizkit hamar urte kantatu gabe. Bitartean Pierre Palmaden tropan aritu bainaiz antzerkian eta besteentzako idazten. Orain disko honekin argitara heldu naiz berriz, eta heldu den urtean aterako dut beste bat frantsesez.

En basque, zergatik izenburu hori eta frantsesez?

Sinpleagoa zelako; euskaraz ez dakien jendeak berehala uler dezan euskarara ekarritako frantses kantuak direla.

Publiko berririk xerkatzen duzua?

Aspalditik sumatzen nuen euskaraz kantatzeko beharra. Ideia aurkitu ezinik eta hemen ni baino euskarazko kantu egile hoberik baita, iruditu zait ideia ona zela frantsesezko kantu horiek euskaratzea. Ez dut nire bizia salmenten arabera kalkulatzen, bihotzetik eta sinpleki egiten dut. Hemengo jendeari interesa dakioke, eta, aldi berean, nahi dut frantses publikoa ireki dadila gure kulturari, ate bat da gure hizkuntza beharbada lehen aldiz entzuteko.

Euskara zapaltzen duen hizkuntzan duzu arrakasta bildu; nola kudeatu duzu?

Badira hogei urte Parisen frantses munduan bizi naizela. Horregatik gero eta behar haboro sentitzen dut hemen hatsa hartu, bizi eta euskara sentitzeko. Erroetara hurbiltzeko beharra dut. Euskaltasuna handizki aldarrikatzen dut denetan. Hemen sortu naiz, biziko eta hilen.

Ez duzu zeure burua ikusi kontraerran batean?

Ez dakit. Ikastolako semea naiz, etxean eta lagunekin euskaraz ari gara... 15 urterekin, bitxiki, frantsesez idazten hasi nintzen frantses literaturak liluraturik. Molaclegeaz galdetzen didatenean, diot ene bi hizkuntzak ez ditudala elkarren kontra ezartzen. Badakit batzuek ez nautela maite ene bizia frantsesez bizitzen dudalako. Baina ez naiz beste euskaldun bat baino gutiago.

Kantuen letretan bada sentimendu asko; euskaraz egiten duzu?

Christophe kantariaren heriotzak eragin zidan minetik hasi nintzen Aline euskaraz naturalki kantatzen.

Itzulpenak oro zureak direa?

Bai, kantu ezagun arrakastatsuak dira. Lehena Chistophena izan zen, ondotik Ginsbourg, Brel... Aisa izan da hautaketa, ereduak baititut eta ene ahots meherako egokiak. Clara Luciani sartu dut Korsika eta gure herriaren arteko zubi gisa.

Hemen esateko banoala kantuan Mikel Laboa aipatzen duzu.

Ginsbourgek Verlaine aipatzen du, baina hemengo erreferentzia gisa Txoria txori hautatu dut.

Bakarra da zurea.

Egun 1 Louanendako idatzi nuen.

Eztanda kantuarekin singlea egin duzu; zergatik?

Gure bertsio goxoa maite baitut. Ez nintzen ohartu koplen melodia eta hitzak zeinen ederrak diren. Minoritate guziak interesatzen zaizkit. Horregatik ekarri ditut emazte kantariak: ezin baikara gelditu mutilen artean, ireki behar dira gauzak.

Sara Zozaiaz gain, Ilargiari galdegin kantuan haurrak entzuten dira.

Miarritzeko ikastolako haurrekin oso elkarlan goxoa izan da, zinez.

Diskoa melankolikoa da, ezta?

Kantuak berez hala dira. Ene ahotsak eta kantuek badute nik baino melankolia gehiago.

Musika tresnak zein izan dira?

Denak akustikoak. Nahi nuen dena goxo-goxo izan zedin, kantuak eta hizkuntza lehenesteko.

R apikaria hobetsi duzu, nahitara?

Hasieran euskaraz kantatzen nuelarik r gabeko hitzak hautatzen nituen, frantsesen gisa ahoskatzen bainituen. Orain, ordea, kantatzen dudalarik r apikaria hobesten dut, belarrirako nahiago baitut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.