Diseinatzailea

Margita Keheille: «Ene lanean tradizioa eta modernitatea nahasten saiatzen naiz»

Margita Keheille zuberotar gazteak Blü izeneko diseinu enpresa sortu zuen iazko apirilean. «Diseinuaren ikuspegi berri bat» proposatzen saiatzen da bere lanaren bidez.

Margita Keheille Donapeleuko plazan, ostiralean.
Margita Keheille, joan den ostiralean, Donapaleuko plazan (Nafarroa Behera). PATXI BELTZAIZ
Donapaleu
2024ko martxoaren 12a
05:00
Entzun

Bordelen (Okzitania) grafismo ikasketak egin eta gero, Margita Keheillek (Paue, Okzitania, 2001) abentura bati ekitea erabaki zuen iazko apirilean; bere kontu, diseinu enpresa bat sortu zuen. Barkoxen (Zuberoa) kokatua du enpresa, eta jadanik hogei bat proiektu landu ditu: Iparraldeko Pillota Batzordea-100 urte liburua, Xorrotxak II diskoaren azala eta liburuxka, Barkoxeko lasterketaren afixa...

Nola abiatu zenuen Blü enpresa?

Nire hiru urteko ikasketen ondotik, master bat hasi nuen, baina aski izan nuen; beraz, gelditu nuen. Ez nekien batere zer egin. Baina, egun batez, nire lagun batek deitu ninduen, eta erran zidan haren aitak euskal grafista bat behar zuela proiektu bat eramateko. Onartu nuen. Geroago, beste proiektu handiago bat proposatu zidan, baina azpimarratu zuen proiektu hori eramateko aurrekontuak eta horrelako gauzak egin beharko nituela. Beraz, proiektua errazteko sortu nuen ene enpresa, iazko apiril hatsarrean.

Zergatik hautatu zenuen Blü izena?

Blü urdina da zubereraz. Bereziki, zaharrek erabiltzen duten hitz bat da, ez dute urdina erabiltzen. Etxean entzuten dudan hitz bat da. Gainera, kolore hori anitz maite dut.

Zailtasunik ukan zenuen enpresa abiatzeko?

Zailtasunak bortxaz badira. Enpresa sortzeko zaila zen, ez baitut enpresa munduari deus ezagutzen, ene familiak ere ez. Baina Zuberoan bada erakunde bat, ODACE deitzen dena, jendea laguntzen duena enpresak sortzen edo berpizten. Beraz, erakunde horrekin hasi nintzen lanean. Laguntzen aldetik ez dut deus egiteko eskubiderik, ez bainuen sekula lan egin.

Barkoxetik lan egiten duzu. Herrixka batean lan egiteak alde txarrak edo onak ditu?

Biak badira, alde onak zein txarrak. Alde batetik, hemen, Zuberoan, informazioa ahoz aho pasatzen da, jendeak ezagutzen nau komunikazio handirik egin gabe, eta hori bikaina da. Ondorioz, bezero zuberotar anitz ditut. Hiri handi batean izena lortzeko anitzez zailagoa da, ene ustez; baina, halere, egun, ez ditut ehunka proiektu, ez dut ene bizia osoki irabazten, ez dut hilabete guziz lansari bat lortzen. Beraz, beharbada, Zuberoan izateak pixka bat mugatzen nau.

Nola ulertzen duzu artea edo diseinua grafikoa?

Artea eta diseinu grafikoa bi gauza desberdin dira. Artea abstraktua edo subjektiboa izan daiteke; eder izateko egina da gehienetan. Ene eskolan bagenituen filosofia kurtsoak, eta irakasleak erraten zigun: «Grafismoak baliagarria izan behar du, ez da ederra baizik izan behar». Grafismoak laguntza bat ekartzen du, bezeroaren lanean, adibidez. Bada egiazko gogozkatze prozesu bat; proiektua hasi baino lehen, bezeroa ulertu behar da, haren historia, balioak eta abar. Elementu horiek guziak sartu behar dira lanean.

Zure helburuetako bat da «grafismoaren ikuspegi berri bat» ematea. Baina zertan da zure grafismo berria?

Ez dut oraindik ene estiloa atzeman, gaztea naiz oraindik, eta baditut anitz gauza esperimentatzeko. Baina Euskal Herrian lan egitean ikusten dut hemen badela grafismo aski berezi bat, ez dudana sobera maite. Horregatik, usu erraten dut gauza berri bat ekartzen saiatzen naizela, tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka bat atzematen, ez dudalako euskal grafismoa alde batean utzi nahi. Beraz, biak nahasten saiatzen naiz; kasu eginez, ez klixean erortzen.

Nolako euskal grafismoa da gaur egungoa?

Berdea, gorria eta zuria, koloreen aldetik, eta usu dantzariak eta pilotariak agertzen dira.

Nola bilakarazten duzu ideia bat? Nola da prozesua?

Egoera guziak desberdinak dira. Bezero batzuek hasieratik badakite zehazki zer nahi duten, eta kasu horietan elkar deitzen dugu, nahi dutena aipatzeko. Hiru lan ezberdin proposatzen dizkiet nik, estilo edo unibertso arras desberdinekin, eta bat hautatzen dute haiek. Hautatutakoa berriz lantzen dugu, bukaerako lana lortu arte. Bezeroak ez badu ideia zehatzik, anitz inspirazio xerkatu behar da liburuetan, Interneten, beste artisten lanetan...

Inspiraziorik ez duzularik, nola egiten duzu?

Zaila da. Inspiraziorik ez badut, lana memento batez gelditzen dut. Sobera saiatzean ikusten dudalarik ez dudala inspiraziorik, ez zaizkit ideia onak ateratzen; beraz, pausa bat hartu behar dut. Baina, gehienetan, ukan nuen lehen ideia izan zen onena.

Iparraldeko Pilota Batzordea-100 urte liburua, Xorrotxak II diskoaren azala, Txingilik’a dantza taldearen diseinua... Euskal kulturari lotuak diren hainbat proiektutan parte hartu duzu. Zergatik da garrantzitsua hori zuretzat?

Biziki lotua naiz euskal kulturari, horretan hezia izan nintzen. Horrelako proiektuetan parte hartzea ebidentzia baten gisakoa da niretzat. Ene iduriko, Ipar Euskal Herrian kulturari buruzko eskaera anitz bada.

Zer dira zure inspirazioak?

Euskal Herrikoak ez ditut anitz, edo ez ditut, ez baititut aski ezagutzen, baina frantses mundutik edo ingeles mundutik baditut, bada gauza anitz: Fanette Mellierrek, erraterako, kolore eta formekin anitz lan egiten du, haren lana biziki interesgarria da. Studio Des Signesen, berriz, haiek tipografia lantzen dute. Eta Herbehereetan Studio Dumbarren biziki azkarrak dira diseinu munduan.

LOTSABAKO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.