Bideragarria al da gizarte, ekonomia eta teknologiaren garapena erregai fosilik gabe? Ba al da beste irtenbiderik? Nolakoak izan behar dute etorkizuneko energia-iturriek? Herritarrek zer eginkizun eta parte hartze eduki behar dute erabaki horietan? Posible al da energia eredu zuzen eta bidezkoa? Galdera horiek eta beste hainbat erantzuteko saioa egingo dute, gaur hasi eta osteguna bitartean, Energia izeneko jardunaldietan. Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxak antolatu dituzte, Donostian, eta adituen hitzaldiak eta eztabaidak izango dira topaketetako ardatz.
Hitzaldietako batekin abiatuko dira, hain zuzen, jardunaldiak: Xavier Garcia Casals doktore eta ingeniari aeronautikoaren Berriztagarrietan oinarrituriko energia-sistemen bilakaera eta aukerak. Kutxak Andia kalean duen aretoan da hitzaldia, 19:00etan.
Abiapuntua baino ez da izango. Solasaldi, mahai inguru eta eztabaidek bihar eta etzi jarraituko dute. Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiak Energia-politika Euskadin gaia izango du hizpide, bihar, 09:30ean. Haren atzetik, Daniel Gomez Cañete Energia Baliabideen Azterketarako Elkartearen presidenteak hartuko du hitza. Hizpide hartuko duen gaia Energia-iraunkortasunaren ekonomia politikoa izango da.
Eztabaida iturri eta gaurkotasuna duen energia nuklearraren inguruan arituko dira ostegunean. Luis Enrique Herranz CIEMATeko Segurtasun Nuklearraren Ikerketa Unitateko arduradunak Sare Adimendunak, kontagailutik haratago hitzaldia eskainiko du,eta Jose Luis Arteta ingeniariak hartuko dio lekukoa. Bittor Oroz Ataungo alkateak, berriz, herrian hartu eta garatu dituzten erabaki eta neurrien berri emango du.
Energia ereduaz gogoeta egingo dute Donostian
Xavier Garcia Casalsek energia berriztagarrien inguruan hitz egingo du gaur, 'Energia' izeneko jardunaldiak irekitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu