Maite Azkoaga

«Entrenatzeko zelai bat ezinbestekoa da»

Donostiako Santo Tomas lizeoan egin zituen lehenengo urratsak, eta Realeko belar hockey taldeko kapitainordea da orain. 28 urterekin, urteak daramatza goi mailan.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bere lana, ahalegina eta lorpenak ez ditu albistegietako izenburu nagusi, eta, ogia irabazteko, eguneroko entrenamenduak egiteaz gain, lantokira joan beharra dauka. Baina gustura dago, belar hockeyak bizi baitu gaztetxoa zenetik Maite Azkoaga (Donostia, 1983).

Piscis zara; gogoeta egin zaleak eta intuizio handikoak omen zarete, besteak beste.

Egia esan, ez naiz horoskopoa irakurtzen dutenetarikoa. Bidaiatan aldizkariren bat eskura badut soilik irakurtzen dut. Prentsa arrosako aldizkariak izaten dira, eta ez dira fidatzekoak.

Nazioarteko Federazioak emakumezkoak arropa estuagoa janztera behartzen dituen araudia onartu du. Kirola «erakargarriago» eta jokalariak «femeninoago» egin nahi dituzte.

Txorakeria bat iruditzen zait arropa aldatu beharra kirola erakargarriagoa bihurtzeko! Arropa oso zabala eramatea ez da erosoa, baina hortik estu eramatera alde handia dago!

Stick-a edo makila eskuan, ez al duzue gerritik asko sufritzen?

Ia denek horixe pentsatzen duzue, baina ez da horrela. Jokatzerakoan belaunak doblatu behar dituzu, grabitate zentroa jaisteko, beraz, ez duzu gerriarekin hainbesteko lanik egin behar. Bestalde, partida osoa ez dugu erabat makurtuta egiten, bola daukagunean edo defentsa lanetan baino ez.

Entrenamenduak egiteko, zelai erdia soilik omen duzue.

Donostian hockey zelai bakarra dago maila eta talde ororentzat. Larunbatetan 09:00etatik 20:00etara arte partidak izaten dira, etenik gabe. Dagoen zelai bakarra, gainera, ez da udalarena, Donostiako Atletico Klubarena baizik. Duela urte batzuk, hockeyrako udal zelai bat egiteko konpromisoa hartu zuten erakundeek, baina zelaia egin zenean (Puio Lanberri) hockeyrako ez zuela balio jabetu ziren, eta futbolerako erabiltzen da. Ezinbestekoa da udal zelai bat, hockeyak aurrera egingo badu. Guk hori eskatzen dugu.

Gizonezkoen futbol taldea ondo badoa, zuek ere baldintza hobeak al dituzue?

Argi dago Reala ekonomikoki ondo badago, horrek Klubeko alor guztietan eragiten duela. Ekonomikoki larri zegoenean guk ere antzeman genuen.

Indian sortu omen zen hockeya, eta familia aberatsen kirola omen zen. Gauzak asko aldatu dira, ezta?

Bai, gauza asko aldatu dira gerora. Donostian ikastoletan lantzen da, eta edonor sar daiteke mundu honetan, ez aberatsak soilik.

Ikusi al duzu 'Chack de India' pelikula? Indiako emakumezko hockey jokalari batzuen ingurukoa da. Oztopo denak gainditu, eta Munduko Txapelketan parte hartzea lortzen dute.

Ligako bidaietako batean ikusi genuen. Maite Jaunarena kapitaina Indian izan zen denboraldi batez lanean,eta hango lagun batek oparitu zion. Bitxia eta entretenigarria da, baina surrealista samarra.

Egia al da zuen aurkariek kobratu egiten dutela eta zuek ez?

Hockeya geroz eta profesionalagoa da. Geroz eta fitxaketa gehiago daude talde guztietan, eta orain Espainiako ligako jokalari batzuek kobratu egiten dute. Gure taldean atzerritarrek soilik irabazten dute dirua, baina gure taldean kobra dezaketena ezin daiteke beste taldeetan irabazten dutenarekin alderatu. Hona datozenak esperientzia bizitzera datoz, ez aberastera. Bestalde, gure taldean Espainiako selekzioan jokatzen duten hiru ere badaude, eta horiek ADOtik edo BAT Basque Team-etik kobratzen dute.

Hainbeste ahalegin eta entrenamendu; merezi al du, komunikabideetan duzuen oihartzuna ikusita?

Komunikabideetan finalek dute oihartzun handiena. Aurten gehiago kasu egin diguten arren, arreta handiagoa nahiko genuke. Hockeyaren goi mailan eta goiko postuetan gabiltza, astero lau edo bost egunetan entrenatzen gara, eta asteburuak autobusean pasatzen zaizkigu, hara eta hona garaipenaren bila.

Zuen afizioa ofizio batekin uztartu al daiteke?

Ez da erraza. Lantokian jaiegunak eskatu beharrean izaten gara askotan, eta ordutegia egokitu behar izaten dugu biak uztartu ahal izateko. Askok eta askok arrazoi horregatik utzi izan dute hockeya.

Euskara asko entzuten al da zuen partidetan?

Bai, gehienak euskaldunak gara, eta atzerritarrak ere saiatzen dira euskaraz egiten. Hitz jakin batzuk euskaraz egiteak beste taldeek mezua ez ulertzea dakar, eta hori gure alde erabiltzen dugu.

Zein da zure ametsa?

Realarekin titulu bat irabaztea. Duela bederatzi urte irabazi genuen Espainiako Kopa, baina orduko taldetik bi edo hiru jokalari gaude soilik.

Club de Campo al da zuen amesgaiztoa?

Oso talde sendoa da, eta azken urteetan gure amets gaiztoa ere bai! Jokatutako azken 3 finaletan eurak izan ditugu aurkari, eta hiruretan irabazi digute. Azkeneko finala berriki galdu dugu, eta epaileen akats larri batek eragotzi zuen guk irabaztea.

Zuen bidaiak ordaindu ahal izateko, erripak salgai jartzen al zenituzten?

Bai, Gabonetan. Denboraldiko aurrekontuari aurre egiten laguntzeko ezinbestekoa genuen.

Nola dator datorren denboraldia?

Gogorra izango da, baina polita. Bederatzi urte igaro eta gero, Europan jokatuko dugu, Aste Santuan. Ilusiorik ez zaigu falta. Egin dugun lanaren ordaina da txapelketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak