Telesailak

Epikatik intimitatera: ‘Game of Thrones’ unibertsoaren adar gizatiarrena

'Game of Thrones' telesailaren unibertsoak hedatzen jarraitzen du. Jatorrizko telesailean gertatutakoak baino mende bat lehenago girotuta dagoen 'spin-off' berria iritsiko da: 'A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight'.

'A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
'A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight' telesailaren fotograma bat. HBO MAX
gaizka izagirre
2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabost urte beteko dira laster Game of Thrones telesailaren lehen denboraldia estreinatu zutenetik. Zortzi denboraldi eta 73 atal eskaini zituen, eta amaierak ikusle guztiak asebete ez bazituen ere, telesailaren eragin kulturala izugarria izan da. Ordutik, unibertso horretatik eratorritako hainbat proiekturen inguruko zurrumurruak zabaldu dira, baina bi baino ez dira gauzatu: 2022an estreinatu zuten House of the Dragon, eta, orain, ikusleek gozatzeko aukera izango duten A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight; estreinatu aurretik bigarren denboraldi baterako berritu dute.

The Hedge Knight kontakizunaren egokitzapena da, George R. R. Martinen Tales of Dunk and Egg bildumako lehen istorioarena. Denbora lerroari dagokionez, Game of Thrones-eko gertakariak baino mende bat lehenago kokatuko da, eta House of the Dragon-eko ekintzak baino hamarkada batzuk geroago. Targaryen leinuak oraindik Burdinazko Tronua betetzen duen garaian girotuta dago, eta azken herensugearen oroitzapena oraindik ez da desagertu biztanleen oroimenetik.

Estiloari dagokionez, aldaketa nabarmena ekarriko du. Tonu handizale eta epikotik urrun, narrazioa arinagoa da, umore gehiago du, eta aurreko bi telesailetan nagusi ziren azpijoko politikoetatik eta gerretatik urrunduko da. Spin-off-aren ardatza Dunk eta haren ezkutari gazte Eggen arteko harremana izango da; proposamen gizatiarragoa, xarmagarriagoa eta arinagoa.

Peter Claffey (Dunk) eta Dexter Sol Ansell (Egg) aktoreek lan bikaina egin dute, eta bien arteko dinamikak narrazioari goxotasun eta xarma berezi bat ematen dio; horrek ikuslea berehala murgilduko du istorioaren mundu berezian.

Tronutik urrun, pertsonak erdigunean

Umorea eta drama uztartzeak tonu nahasketa sotil baina deigarria sortuko du, bereziki lehen ataletan; bertan, Tronuen Dema-ko epika handiarekin talka egiten duten une arin eta komikoek protagonismoa hartuko dute. Hasieran bitxia gerta daitekeen arren, tonu horrek nortasun propioa emango dio proposamenari.

A Knight of the Seven Kingdoms: The Hedge Knight telesailak Mendebaldeari begiratzeko modu freskagarri eta ezohikoa eskainiko du, George R. R. Martinen unibertsoan sarri bigarren planoan geratu diren balioak azaleratuz: adiskidetasuna eta tronuetatik zein dinastietatik urrun dagoen eguneroko bizitzaren xalotasuna. Pertsonaiei egiazkotasuna darie, eta epikara eta gatazka handietara ohituta dagoen mundu baten barruan, intimoagoa eta hurbilagoa den istorio bat erakutsiko du.

Ikuspegi apalago hori baloratzen dutenentzat, telesaila Game of Thrones mitoaren adar berezi eta erakargarri bihurtuko da.

Spin-off honek, azken finean, Westerosen barruan esperientzia berezia eskainiko du: benetakotasunaz, samurtasun narratiboz eta gizatiartasunez betetako beste begirada bat.

fitxa

  • Sortzaileak. Owen Harris eta Sarah Adina Smith. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Peter Claffey, Dexter Sol Ansell, Sam Spruell eta Daniel Ings.
  • Non ikusi. HBO Max.
  • Atalen iraupena. 45 min.
  • Generoa. Drama, fantasia, abenturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.