Astronomia

Erantzun bat materia eta energia ilunei

Bihar espazioratuko dute Euclid teleskopioa. Unibertsoaren egitura, eta materia eta energia ilunak aztertuko ditu sei urtez.

'Euclid' teleskopioa. ESA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko ekainaren 30a
18:29
Entzun

Unibertsoak ez zekien zein zen balaztaren pedala: erdikoa ala eskuinekoa. Eskuinekoa zapaldu zuen duela auskalo-zenbat-mila-milioi-urte, eta ez du oina altxatu ordutik. Metaforarik gabe: gero eta azkarrago zabaltzen ari da unibertsoa. Mende laurden hori jakina dela. Ordea, bata da jakitea hala dela; bestea, oso desberdina, zergatik ari den azeleratzen. Aurki jaurtiko dute Lurretik at Euclidteleskopioa, zalantza hori argitzeko asmoz.

Azeleratzen? 1998 aurretik, zientzialariek uste zuten Big Bangak abiatutako zabaltzea galgatzen hasiko zela noizbait, materiak haren artean duen grabitatearen eraginez. Ez da hala izango. Euclidek aztertuko du ea nola aldatu den zabaltze hori denboran zehar, eta abiadura direkzio guztietan erritmo berean azkartzen den.

Zerk eragiten du? Dena ez da ikusten dena. Iluna hitzak du gakoa kosmosaren egituran. Borobilduta, materia arrunta unibertsoaren %5 besterik ez da. Beste %25 goiti materia iluna da, eta ia %70, energia iluna. Beraz, badute zer esanik kosmosaren egituran. Ilargiak alde iluna badu, materiak eta energiak ere eduki beharko.

Batetik, materia iluna. Ikusezina da berez, baina urruneko galaxietatik datorren argia distortsionatzen du, grabitate indarra eragiten baitu. Argi hori jaso eta aztertu dezake teleskopioak, materia iluna unibertsoan nola banatzen den jakiteko. Zerk osatzen duen, baina, misterio bat da.

Bestetik, energia iluna da unibertsoaren azelerazioaren erantzulea. Erakarri beharrean, gorputzak bata bestearengandik urrunarazten ditu; hortik, hedatzearena. Gero eta bolumen handiagoa izan unibertsoak, gero eta energia gehiago, gero eta eragin handiagoa. Baina zientzialariek gutxi dakite haren inguruan: konstantea denetz, adibidez.

Bost, lau, hiru... Guztia prest du ESA Europako Espazio Agentziak teleskopioa espazioratzeko. NASArekin elkarlanean garatu du proiektua. Falcon 9 ibilgailu barruan da; hark babestuko du Euclid atmosferatik zeharkatzen duen bitartean.

Euclid teleskopioa, Falcon 9 barruan sartu aurretik. ESA

... bi, bat, zero. CaƱaveral lurmuturretik abiatuko da misioa (Florida, AEBak). Euskal Herrian 17:12 direnean ekingo diotela aurreikusi dute. Ordubete azpitik banatuko dira ibilgailua eta teleskopioa, eta 17:57an azken horren lehen seinalea jasotzea espero dute. Zerbait oker joatekotan, igandean ere programatuta dago beste espazioratze bat.

Lurretik noraino? L2 izeneko puntua du helmuga Euclidek, Lurretik 1,5 milioi kilometrora. Bertan, Lurra orbitatuko du teleskopioak, Lurrarekiko eta Eguzkiarekiko distantzia konstante bat mantendu bitartean. Bertan da, besteak beste, James Webb teleskopioa.

L, Joseph Louis Lagrange matematikariaren omenez. Galdera honen erantzuna topatu zuen: nola dezakete hiru gorputzek beren artean orbitatu, eta aldi berean batak besteekiko posizio erlatiboa mantendu? Kasu honetan, Euclid, Lurra eta Eguzkia dira hiru gorputz horiek, eta, Lagrangek proposatu zituen bost puntuetatik, bigarrena da aproposena. Hau da: Lurretik 1,5 milioi kilometrora, Lurretik Eguzkiranzko kontrako noranzkoan; hortxe izango du teleskopioak oreka puntua.

Zer darama Euclidek? Unibertsoaren inoizko 3D mapa zehatzena osatuko du teleskopioak. Kamera, espektrometro eta fotometro bat erabiliko ditu horretarako. Egun bakarrean, Hubble teleskopioak 25 urtetan behatu zuena baino gehiago ikusiko du Euclidek. Eta ez doa gutxirako: sei urteko misioa da bihar hasiko dena. Dena ondo badoa, zeruaren herena baino zertxobait gehiago aztertuko du teleskopioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.