Kazetaria

Garazi Arregi Leon: «Erasoa jasan dutenek tresna eraginkorrik ez dutelako sentsazioa desagerrarazi nahi dugu protokolo honekin»

ETB Ikasgelako master amaierako lanik onenaren saria jaso du Arregik. Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen eremu profesionalean indarkeria matxistak eta botere abusuak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo bat garatzea du helburu.

Garazi Arregi Leon. IDOIA ZABALETA / FOKU
Garazi Arregi Leon. IDOIA ZABALETA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komunikazioa eta Zuzenbidea ikasi zituen Garazi Arregi Leonek (Ibarra, Gipuzkoa, 1996). Baina, hori aski ez, eta lege arloan gehiago trebatzeko master bat egin zuen, eta, ondotik, EHUren eta EITBren Multimedia Komunikazioa masterra. Bigarren horretan garatutako master amaierako lanarekin (MAL) irabazi berri du ETB Ikasgelako MAL onenaren saria, Indarkeriarik gabeko kultura: ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan indarkeria matxistak eta botere abusuak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokoloaren bidean ikerketa lanarekin.

Noiz iritsi zitzaizun ikerketa lanean parte hartzeko aukera?

Masterreko klase batean irakasleetako batek aipatu zigun nahi zutela EHUko ikasle batek azterketa lan bat egitea, aurrerago protokolo bat garatzeko ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen esparruan indarkeria matxista eta botere abusuak prebenitzeko. Hau da, ez protokoloa bera garatzeko, baizik eta aurreko ikerketa egiteko.

Zergatik piztu zizun interesa gaiak?

Alde batetik, Komunikazioa ikasita, asko gustatzen zait esparru berriak ezagutzea, ikertzea eta jendearen istorioak entzutea. Bestetik, Zuzenbidea ere ikasi dudanez, lege aldetik lan handia zuen lanak. Beraz, iruditu zitzaidan niretzat egokia zela eta ikasten jarraitzeko interesgarria izan zitekeela. Eta, zalantzarik gabe, profesionalki eta pertsonalki hazteko baliagarria izan zait. Gainera, protokoloak sektoreari lagunduko diola uste dut; hortaz, nire aletxoa jarri badezaket, primeran.

Jende gehiagoren laguntza izan duzu bidean?

Bai, prozesu guztian nire bi tutoreak izan ditut alboan: Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo. Baina baita EHUko ADI ikerketa taldea, (H)emen elkartea eta EAB Euskal Aktoreen Batasuna ere. Denon artean garatutako lan bat da.

Nolakoa izan da prozesua?

Oso luzea, baina ondo joan da. Lehenik eta behin, sektoreko bost profesionalei elkarrizketa sakona egin genien. Hala, hainbat esparru ezagutu genituen, sakon: soinua, ekoizpena, kamera, interpretazioa eta estilismoa. Hortik abiatuta, inkesta bat diseinatu genuen, eta zabaldu, bai ikus-entzunezko arlokoen artean, bai arte eszenikoetan. Emakumeek zein gizonek erantzun zezaten behar genuen; izan ere, guztiek hitz egin dezakete errealitatearen inguruan. Horren ostean, sektoreko emakumeekin eta gizonekin focus group-a egin genuen, guztiz anonimoa. Hots, hori egin bitartean ezagutu genuen elkar, baina inoiz ez dira publikatuko izen-abizenak eta datu pertsonalak.

Zergatik erabili zenituzten bide horiek?

Hiru bide horietatik ateratako ideiak kontuan hartuta garatu nahi genuen protokoloa. Gainera, parte hartzaileek bizi duten egoera salatzeko gunea bihurtu zen focus group-a.

«Indarkeria motari dagokionez, ondorio nagusietako bat da bere botereaz edo hierarkiaz baliatu den norbaitek pairarazi diela indarkeria batez ere»

Emaitzetan ba al dago nabarmendu nahiko zenukeen zerbait?

Badago bereziki bat: erdiek baino gehiagok ez dute segurtasunik sentitzen lan sektorean. Hainbat indarkeria motaren inguruan galdetu genien, baina gehien aipatu zutena indarkeria matxista eta psikologikoa izan zen. Beraz, indarkeria motari dagokionez, ondorio nagusietako bat da bere botereaz edo hierarkiaz baliatu den norbaitek pairarazi diela indarkeria batez ere. 

Bidean izan duzue zailtasunik?

Niri gauza batek ematen dit buruhauste gehien: ez dut nahi protokoloa paper huts batean geratzerik. Eta parte hartzaileek esaten zidaten zail ikusten zutela protokoloak jasotzen duena errealitatera eramatea. Azken finean, sektorea oso hierarkizatuta dago, eta zaila da praktikara eramatea. Beraz, atera ditugun ondorioetako bat da garrantzitsua dela prebentzioan arreta berezia jartzea. Protokoloak egon behar du, noski, kasuak daudenean erantzuteko, baina indarra jarri behar da prebentzioan. Horrez gain, erantzunetan jaso dugu batzuek ez dituztela kasuak salatu hutsunea zegoelako emaitza eraginkorretan. Hortaz, erasoa jasan dutenek tresna eraginkorrik ez dutelako sentsazioa desagerrarazi nahi dugu protokolo honekin. Gainera, ez dugu nahi izapide zaila izaterik; hau da, salaketa jartzeko prozesua erraztu nahi dugu.

Orain arte ba al zegoen horrelako protokolorik ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen esparruan?

Beste autonomia erkidego batzuetan bai, baina Euskal Autonomia Erkidegoan ez. Horiez baliatu gara gure ikerketa lana garatzeko, eta ikusteko zer landu duten eta zer ez. Eredu gisa hartu ditugu, eta gure prozesutik ateratako ondorioak txertatu. Gure kasuan, gainera, LGTBIQ+ kolektiboarentzako neurriak ere izango ditugu. Beraz, horrekin guztiarekin zirriborro bat osatu dugu.

Zertan da orain zuen lana?

Maiatzean Emakunderekin bildu ginen, eta zirriborro horren inguruan hitz egin genuen lehenengo; haien ekarpenak egin zituzten, jada hainbat protokolo egin dituztelako. Ez espresuki esparru honetarako, baina bai lan eremurako. Hortaz, bigarren zirriborroaren zain gaude, behin betikoa izateko bidean egongo denaren zain.

LOTSABAKO

Zer gehiago landu nahiko zenuke aurrera begira?
Feminismotik, feminismoaren inguruan ikasten jarraitu nahiko nuke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA