Antonio Mendizabal. Historialaria eta psikiatra

«Erasoarekin Donostiari zigorra eman nahi zioten; Donostiari eta euskaldunei»

1813ko abuztuaren 31n Donostia txikitu egin zuten tropa espainiar, ingeles eta portugaldarrek. Ia bi menderen ondoren, Donostia Sutan 1813-2013 elkartea errudunak zein izan ziren argitzeko lanean ari da.

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Orain dela ia bi mende Donostia suntsitu eta hirian hildako ugari utzi zuen sarraskia argitzeko, Donostia Sutan 1813-2013 elkartea sortu dute. Gaur aurkeztuko dute, San Jeronimo kaleko udal aretoan, 19:00etan. Osasunak eragozten ez badio, han izango da Antonio Mendizabal (Errenteria, Gipuzkoa, 1928), Iñaki Egañarekin batera Zergatik agindu zuen Castaños jeneral espainolak Donostia suntsitzeko? hitzaldia ematen.

Zer lotura du Castaños jeneralak Donostiarekin?

[Francisco Javier] Castaños jeneral espainiar bat zen. Bailenen [Espainia] Napoleonen tropen aurka bataila bat irabazi eta gero, Bailengo duke izendatu zuten. Frantziarren aurka, Espainiako hegoaldetik iparraldera egin zuen borroka. Baina Tuteran [Nafarroa] bataila bat galdu zuen, eta epaiketa militar bat egin zioten, kargutik botatzeko. Bilbora erretiratzea erabaki zuen Wellingtonekin hitz egin eta gero. Hala, tropak buruzagirik gabe iritsi ziren Donostiara, Castaños Bilbora bidean eta Wellington Lesakan [Nafarroa] zegoelako, Iruñea hartu ondoren. Donostia uztailaren 22an setiatzen hasi ziren, baina ez zuten lortu, eta soldadu ingeles eta portugaldar batzuk atxilotu zituzten. Haien bitartez jakin zen Castañosek donostiar guztiei lepoa mozteko eta labanaz hiltzeko agindua eman zuela.

Tropa ingeles eta portugaldarrekin batera bazeuden espainiarrak. Baina hori ez da oso ezaguna. Zergatik egon da hori guztia ezkutuan?

Militarrek beti garbitu dituzte eskuak. Betidanik entzun dut sua frantsesek egin zutela. Hainbat liburutan ez da agertzen Castaños. Baina badut beste liburu bat, frantziar jatorrikoa, eta hildako soldadu espainiarren kopurua agertzen da. Baziren espainiarrak. Tropa euskaldunik ere bazegoen haiekin, Vicente Mendizabalen aginduetara. Mendizabalek esan zuen odol tanta bat bota gabe har zezakeela Donostia, baina ez zioten utzi. Erasoarekin Donostiari zigorra eman nahi zioten; Donostiari eta euskaldunei.

Mendekuz erre zuten Donostia?

Castañosek zerbait agintzen bazuen, euskaldunek ez zioten jaramonik egiten Mendizabalek ez bazuen onartzen. Castañosek gorrotoa zien. Gainera, epaiketa militarrarekin agintetik kendu zuten. Mendeku modukoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.